zaldilasterketak.eus

Royal Ascot 2022

 Jarraipen estua egingo diogu meetingari, urtero bezala. Hasteko, urdin tono ezberdineko garaipenak aurrikusten ditugu asteartean.

Queen Anne Stakes

1609 metro lerro zuzenean, 4 urtetik aurrerakoak. Lasterketa honen nondik norakoak (2) BAAEED-en inguruan daude. Munduko zaldirik onenen artean dago BAAEED eta kolpe handia izango litzateke Sea The Starsen semeak bere errekorra (7tik 7 garaipen) hemen galduko balu. Iazko Urrian Queen EIizabethen (1G) irabazle izan ondoren eta pista lehorren zale izanda, berdeguneak ez dio ezustekorik sortuko 4 urteko gazteari eta Newburyko Lockinge Stakesen (1G) bezalaxe irabazi beharko luke. Beste edozein emaitza ezusteko latza izango litzake. Meeting handiari hasiera emateko menua: eseri eroso eta gozatzera BAAEEDekin.

Gure hautua: 2 BAAEED fijo.

Baaeed garaile eta Palace Pier galtzaile. Bien belarrietara begiratzea besterik ez dago.

King’s Stand

1006 metro lerro zuzenean, 3 urtetik aurrera. Nazioarteko sprint-izarrak batzen ditu lehian aurtengo edizioak. Estatu Batuetatik (5) GOLDEN PAL kohetea dator lehen metroetatik punta hartzera. 2020ean Royal Ascoten (Norfolk Stakes) bigarren izan zenetik lasterketa guztietan nagusi izan da, iazko Europako bere lasterketa bakarrean izan ezik. Wesley Wardek hitz ezinhobeak bota ditu azken egunotan “munduko zaldirik azkarrena”-ren inguruan eta bere azken bi lasterketak ikusita, arrazoirik ez zaio falta. Australiako sprint boteretsuenetatik dator (12) NATURE STRIP, egungo munduko sprinterrik onena balore ofizialei begiratuta. 1000 eta 1200 metroko lasterketarik onenetako podiumean beti, ez du arazorik izango Ascoteko aldaparekin. Lehiakide bezela, harkaitza bezain gogorra. Gatz eta piperra gehitzeko, Dubaiko desertutik (10) MAN OF PROMISE dakarki Godolphinek. 1200 metroko lasterketetan top aritu da eta interesgarria izango da sprint motzago honetan nola moldatzen den ikustea. “Etxeko” lehiakideen artean (16) TWILIGHT CALL eta (7) KING’S LYNNek atentzioa deitu dute azkenaldian, baina gu (18) WINTER POWER emearen zai gaude Nunthorpe (1G) irabazi zuenetik iaz. Gauza batengatik edo bestengatik, ezin izan du emaitza txukunik atera. Orain arte Yorken aritu da ondoen beti, baina gaurkoan hesi ondoko lehen atetxotik irtenda, “esnaera” sumatzen diogu, izan ere azkenaldian erakutsi duena baino askoz gehiago balio du.

Gure hautua: 5 GOLDEN PAL ezinhobeto ikusi dugu azkenaldian eta azken aldapak arnasa gehiegi estutzen ez badio, irabazle ikusten dugu. 18 Winter Power berpiztuko balitz, hau sorpresa atsegina.

Golden Pal tankea.

St. James Palace Stakes

1603 metro, 3 urtekoak. Nolabaiteko egoera bitxia aurtengo edizioan, 2000 Gineetako garailea (6) COROEBUSek orain arteko aurkari zuzen guztiak uxatu ditu eta potentzial handiko, baina oraindik maila gorenean aritu edo konfirmatu ez dutenak “erakarri” ditu. Gosdenen (10) MIGHTY ULYSSES adibidez, handikapetatik dator izugarrizko balore altua erakutsita. Martxo bukaeran (9) MALJOOM debutatu gabe zegoen oraindik baina Maiatza bukaeran Alemaniako 2000 Gineetan (2G) garaipena lortu zuen kolpera. Denetatik itxaropen handienak sortu dituena Haggasen (11) MY PROSPERO izan daiteke. Maiden batetik jauzi egin zuen Sandowneko Heron Stakesera eta, fisiko erraldoia lagun, oso boteretsu agertu zen metroak irentsiz. Hala ere, COROEBUS faborito argia izan beharra dauka bere historial sendoa ikusita. Etorkizun handiko hirukote horretatik izar berri bat jaiotzen ez bada, garaipena berea da.

Gure hautua: 6 COROEBUS

Coroebus, esfortzuan dena ematen duten horietakoa.

Prince of Wales Stakes

2004 metro, 4 urtetik aurrerakoak. Bost zaldi bakarrik baina a zer izar disdiratsu batuko diren. (1) BAY BRIDGE (New Bay): Sir Michael Stouteren azken maisulan berria. Etxeko marka berezi horrekin, lasterketaz lasterketa bere maila gora doa. Hiru urterekin lehiatutako lau lasterketetan garaipenak pilatu zituen eta aurtengo Brigadier Gerard Stakesen (2G) egundoko erakustaldia eman zuen Addeybb eta Lord Glitters bezalako zaldiak apal itxurarekin utziz. Zerua da bere muga bakarra. (2) LORD NORTH (Dubawi): 2020ko garailea. Aurten ere Dubai Turf (1G) irabazi zuen Meydaneko lehia ikusgarri hartan baina ondoren bere maila zertxobait behera egin du Curraghen. Adinak eta lesioek faktura pasatzen hasiak ez ote direnaren susmoa dugu eta gainera, gazte hauek indarrean datoz. (3) SHAHRYAR (Deep Impact): iaz japoniar Derbya irabazi ondoren, gazuak zail jarri zizkien zahar onenei Japan Cupean (1G). Urtea modu bikainean hasi du Dubai Sheema (1G) irabaziz baina gaurko distantzia zertxobait motz gera dakioke, bere mailarik onena 2400 metrotan eman baitu. Arc de Triomphera bidean, hemen ekingo dio abentura europearrari. Hori bai, akats txikiena ere ezingo dute egin bere lehiakideek. (4) STATE OF REST (Starsplangedbanner): zaldi bidaiari honek Estatu Batuak, Kanada eta Frantzian 1Gko garaipenak kateatu ditu azkenaldian. Ondoren, Maiatzak 22ko Tattersalls Gold Cupean (1G) bere muga non egon daitekeen agerian utzi zuen eta gaurko aurkariak are sendoagoak dira. Marino Lejarretak esango lukeen bezala, oso gatxa dekoz. (5) GRAND GLORY (Olympic Glory): iaz, 5 urterekin Frantziako behorrik onenetarikoa zela argi utzi zuen Jean Romanet (1G) irabazita eta L’Operan (1G) bigarren eginez. Horrekin gustura ez eta G.Bietolini entrenatzailea Japan Cup (1G) korritzera animatu zen eta hara non, bere lasterketarik onena egin zuen (5.) distantzia luzeegian (2400m). Aurten, are indartsuago azaldu da behorren aurka Frantzian, bi garaipen lortuz. Gaurkoan arren aurka, listoia inoiz baino altuagoa izango du.

Gure hautua: 1 BAY BRIDGE Zerua da bere muga bakarra – 3 Shahryar – 4 State of Rest

Bay Bridgek aurkari sendoak atzean utzi zituen Sandownen.. Bere balorerik

Commonwealth Cup

1207 metro, 3 urtekoak. Benetan lasterketa irekia. (3) EHRAZ iaz Ascoten irabazi zuen eta nahiz eta aurten irabazterik ez duen lortu bere mailak gora egin du, gaurko faboritoen aurrean lehiaturik. (4) EL CABALLO gero eta larriago baino irabazten ohituta dago baina topatu dituen langa guztiak ederki pasa ditu. (5) FLAMING RIB El Caballorengandik lepo batera iritsi zen azkenekoz. (7) GO BEARS GO iazko bi urtekorik onenetakoa izan zen eta aurtengo berragerpenean maila hori hobetu zuen. Bigarren lasterketan ordea, 4. izan zen (El Caballorengandik) baina irteeran kolpe bat hartu zuen. (9) PERFECT POWER 2000 Gineetako faboritoen artean zegoen Greenham (3G) irabazi ondoren baina milia luzeegia egin omen zitzaion eta 7. izan zen 6 gorputzetara. Distantzia honetara ongi egokitzen bada… (12) SLIPSTREAM Estatu batuarra seigarren izan zen Breeders Cup Juvenile Turfen eta lasterketa hau prestatu du ordutik ameriketan. Gauzak zailagoak izango dira “etxetik kanpo”. (13) TIBER FLOW lasterketa guztietan bere balioa gorantza joan da eta nahiz eta faboritoenena baino zertxobait azpitik egon, gorakada hortan jarrai dezake. (14) TWILIGHT JET iazko bi-urteko onenekin lehiatu zen eta bere berragerpena ikusgarria izan zen, adinarekin gora egin dezakeela abisatuz.

Gure hautua: erritmoa eroegia izan daiteke puntazale amorratu asko daudelako eta egoera hortaz baliatu daitezke bai 3. EHRAZ eta batez ere (14) TWILIGHT JET

CORONATION STAKES

1603 metro, 3 urteko emeak. (1) CACHET 1000 Gineak irabazi ondoren, bigarren izan zen frantziar Poulean. (2) DISCOVERIES 1G mailan irabazlea bi urterekin, erdipurdi aritu zen 1000 Gineatan bere mailatik urruti. Bere bi ahizpak 2018 eta 2020ean irabazi zuten lasterketa hau. (5) INSPIRAL iazko izarra 1000 Gineatarako faborito nagusia zen lesio txiki bat izan zuen arte. Berragerpen atzeratua izango du. (6) MANGOUSTINE frantzian Pouleko irabazlea. (7) PIZZA BIANCA Breeders Cup irabazi zuen modu ikusgarrian. US. (8) PROSPEROUS VOYAGE 1000 Gineetako bigarrena lepo bakar batera. (11) SPENDARELLA 3tik 3 Estatu Batuetan. (12) TENEBRISM bizitzako bigarren lasterketan 1G irabazi zuen. 1000 Ginetako faborito nagusia bihurtu zen Inspiralen bajarekin, baina erdipurdi aritu zen hau ere. Emaitza hura baina asko hobea da. Bere amak lasterketa hau irabazi zuen 2011ean.

Gure hautua: partehartzaile hauekin egin daitekeen gauza bakarra inorren alde ez jartzea eta lasterketa bikain honetaz gozatzea da. Edizio ezinhobea da aurtengoa.

Royal Ascot 2022

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top