zaldilasterketak.eus

Sari nagusietarako izen-emateei gainbegirada

Gaur ezagutu ahal izan ditugu Zubietako sari nagusienetan izena eman duten zaldiak. Jardunaldiak aurrera doaz eta ia ohartu gabe, gainean ditugu udako sari garrantzitsuenak. Espainiako Jockey Clubak argitara eman ditu Maria Cristina Sarian (abuztuak 8), Urrezko Kopan (abuztuak 15), Eusko Jaurlaritzan (abuztuak 23) eta Donostiako Sari Nagusian (irailak 6) parte hartu nahi dutenen zerrenda. Banaka-banaka aztertuko ditugu.

Urrezko Kopa

Iazkoarekin alderatuta esan dezakegu izen-emate kopurua mantendu dela: iaz 24, aurten 25. Ez da gutxi, kontutan hartuta iaz 68.000 € banatu zirela eta aurten bakarrik 47.600 €, guztiok ondo dakigun kontuarengatik. Iaz atzerritik 5 matrikula jaso ziren, aurten bezalaxe. Tartean, helmugan bikia osatuko zuten Amazing Red eta Cnicht-enak.

Aipagarria, murrizketa izan arren, kanpokoentzat erakargarri izaten jarraitzen duela gure hitzordu nagusiak. Horrela, irletatik iazko irabazlearekin batera (Amazing Red), balio oso antzekoa duen beste zaldi beterano baten izenematea daukagu (Eddystone Rock), John Best entrenatzailearena. Lehenengoaren balioa 97 eta bigarrenarena 96 (gurera ekarrita 44 eta 43,5 hurrenez hurren). Azken honek urtebete gehiago du (8) iazko gure irabazle ezagunak baino. Edonola ere albiste pozgarria irletatik arreta berriz ere jaso izana.

Frantziatik berriz, Cnicht 2018ko irabazlea hirugarrenez gure artera dator. Orduko hartan lasterketea gutxietsia izan bazen ere, Cnichtek kategoria nahikorik ez zuelakoan, kritiko zirenak mutu utzi ditu Madrilen Memoriala eta berriki Gran Premio poltsikoratu ostean. France Galopek 47 batekin baloratuta dauka, zerrenda honetako altuena. Gauzak horrela, matrikulak eskutan, honez gero, Amazing Redekin batera, faboritotzat jo genezake. Iparraldetik ere etorriko dira Putumayo (X. Thomas) eta Iskanderhon (M. Delcher). Lehenengoak bi karrera egin ditu Frantzian pasa den neguan, salmenta karrera bat irabaziz Deauvillen. Bigarrena oraintxe pasa da Igor Endaltsev jabe eta prestatzailearen eskuetatik Mauri Delcherrenetara. Erne izen-emate honekin. Izan ere, lau urteko zaldi hau 42ko balioa du oraintxe baina 47,5erarino ere iritsi izan zen, urrian 2Gn kokatuz 3.000 metrotan. Eta nahiz eta azken aldian maldan behera dirudien, 1Gn ere aritutakoa da. Orduko balio haiekin arerio gutxi izango luke hemen. Eta Delcherrek neurria oso ondo hartua dio estatuko lasterketen mailari.

Iazko parte hartzaileen artetik errepikatzen dutenak honako 6 hauek dira: Amazing Red, Cnicht, Atty Perse, Red Onion, Zascandil eta Federico.

Hiru urtekoen presentziari erreparatzen badiogu, iaz bost izan ziren izena eman zutenak, baina bakarrak hartu zuen parte (Liberri). Aurten berriz 4k eman dute izena (Abu, Navia, Guerreira eta Royal Dancer). Ikusiko dugu Abu izarra zaharren kontra orain arteko dizdira mantentzeko gai ote den.

Poztekoa Axioco eta Zascandil txapeldunen presentzia, euren lesioetatik osatuta daudelakoan. Eta penagarria, bigarren urtez jarraian Hipodamo de Mileto ezin ikustea onenen kontra, ea osatzen den. Deigarria oso Flanders Flame 2016ko irabazlearen presentzia. orain bi aste Casteran apalki berragertu dena. Bere bigarren lasterketa azken hiru urteotan.

Oso edizio interesgarria dugu aurretik: azken lau urteotako 3 irabazle, iazko hirukoa osorik berriz eta maila bikaineko bost bisitari. Bere belaunaldiko izarrak (Axioco eta Zascandil) osatuta, Madrilgo Gran Premio ko biki ikusgarria(Cnicht eta Emin) eta gogor jotzen datozen hiru urteko gaztetxo nagusienak. Koktel ederra urte zail honetako ediziorako.

Lehenengo forfaita uztailaren 27an, bigarrena abuztuaren 10ean.

Eusko Jaurlaritza

Hemen izen-emate kopurua jaitsi egin da. Iaz 28 ziren eta aurten “bakarrik” 20. Atzerritarren presentzia mantendu da, iaz bezalaxe 3 baitaute. Diru aldetik, 47.600 €-tik 30.600 €-ra pasa gara.

Kanpotarrren artean Delcherrek Prince Hamlet matrikulatu du, maldan behera datorren lau urtekoa. Adin klasikoan 3Gn korritzera iritsi bazen ere (47) geroztik ez du bururik altxa eta handikapetan borrokan dabil 38ko balioarekin. Planteur Danvier ere antzeko maila ematen ari da Frantzian (39), baina gure karrera hau ondo ezagutzen du iaz hirugarren izan baitzen. Nat King hiru urtekoa (C. Laffon) balio beretsuan dabil (39,5), bost karrera bakarrik ditu eta azkenekoetan badirudi beherantz datorrela.

Hemengoen artean azpimarratu beste behin Noray gladiadorea apuntatu zaigula. Lastima Oriental ez duela izango iazko buruz-buruko epikoa errepikatzeko. Hutsune nabarmena izango dugu iazko tituluduna gurean ez izatearekin. Bere ordez, Arizkorretaren Amedeo Modigliani Carudeleko irabazlea izango dugu izar gisa eta gaurtik faborito nagusi. Hiru urtekoen artean aipatutako Laffonenaz gain, Baadir eta Salar Island bakarrik animatu dira. Izatekotan, azken honek izan lezake aukeraren bat.

Iazko partaideen artetik bakarrik Noray eta Planteur Davierrek errepikatzen dute. Aldez aurretik begiratuta, Jaurlaritzak ez du Urrezko Kopak bezainbesteko erakargarritasunik, baina Carudeleko izarrak (Amedeo Modigliani eta Resacón) tartean baldin badira eta Noray eternalak hitzorduari heltzen badio, ikuskizun bikaina izan dezakegu.

Xelebrekerien artean, aipatu bost zaldik izena eman dutela bi sari handietan, Urrean eta Jaurlaritzan: Red Onion, Noray, Granacci, Atty Perse eta Eminence. Abdel handiak 2014an bietan jarraian egin nahi izan zuen balentria imitatu nahi? Batzuen kasuan xelebrekeria hutsa dirudi baina besteetan agerian uzten du euren distantzia perfektua seguru aski tartean gelditzen zaiela.

Maria Cristina?

Zaleok sarien izenak iltzatuta geratzen zaizkigu urte luzez eta kostatzen zaigu hitzordu jakin bati izenez aldatzen ibiltzea. Urte luzez “Kutxa” deitzen genion horri, “Maria Cristina” deitzera ohitzen hasita ginen azken bost urteotan. Orain hotel ezagunaren izena desagertu da programatik eta ez dakigu nork babestuko duen (babesik baldin badu behintzat) behorren lasterketa nagusi hau. Edonola ere, 15 behorrek izena eman dute. Hemen bai beherakada itzela, iaz baino 10 izen-emate gutxiago. Eta dirutan ere kimaketa, 30.600 €-tik 21.250 €-ra.

Mugaz bestaldekoentzat ere badirudi aurten hitzordua ez dela nahiko erakargarri. Iaz urrutiko bost matrikula jaso baitziren eta aurten bat ere ez. Gauzak horrela gure zirkuituan ondo ezagutzen ditugun behorrak izango ditugu bakarrik lehian.

Aurreneko bistadizoan Most Empowered iazko irabazlea nabarmentzen da besteen gainetik. Halere, honek izena emana du ere Urrezko Kopan eta Donostiako Sari Nagusian eta ikusi behar azkenean non hartzen duen parte. Gainontzekoetatik aipagarria 7 hiru urteko daudela tartean. Horien artean Navia, Oakseko garailea ikusgarria.

Donostiako Sari Nagusia

Gure lasterketa mitikorako 18 izen-emate jaso dira, iaz baino hiru gutxiago. Hemen ere guraizekada ederra: 40.800 €-tik 27.200 €-ra. Pentsa zitekeen hori dela bi kanpotar bakarrik apuntatzearen arrazoia (Pirata Tesoro, 38, eta Putumayo), baina iaz ere bik bakarrik eman zuten izena. Hortaz, diruarenak ez dirudi pisu handiko arrazoia.

Iaz bikia osatu zutenak berriz ere tartean ditugu: Emin eta Tuvalu. Ikusi behar Most Empoweredek hemen parte hartzea erabakitzen duen azkenean, Emin tituluduna patio berekoa baita. Zascandil txapeldunaren presentzia ere azpimarratzekoa (ea urrean zer nolako maila ematen duen). Eta aipagarria hiru urteko bakarra dagoela, Navia. Metroak egiteko duen erraztasuna ikusita, distantzia ondo bete dezakeen behorra.

Azken urteotako Sari Nagusien antzekoa, distantzia luzeko bertako espezialista nagusienen presentziarekin. Lastima Hipodamo de Miletoren lesioa (2018ko irabazlea) eta oraingoan irletatik inor ez den animatu etortzera. Gogoan bereziki gordeta ditugu Paul Webber ingelesaren zaldiak lau urtez gurean lehiatzera etorri zirenekoak, horietako bi irabaziz: 2012an (Australia Day) eta 2014an (Tindaro).

Sari nagusietarako izen-emateei gainbegirada

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top