zaldilasterketak.eus

Saudi Cup 2022, dirua barra-barra

Negu luze baten ondoren goi mailako lasterketen gose gaude eta hutsune hori betetzera datozkigu arabiar jeke aberatsak, oraingo honetan Saudi Arabiarrak. Gastuetan arazorik ez dute izan eta hirugarren edizioa beteko duen honetan dirutza banatuko dute bi jardunaldiz, larunbateko Saudi Cup munduko lasterketarik aberatsena izanik, 20 milioi dolar banatuz.

Aurretik gaur bertako jardunalidan bi zaldi ezagun izango dira International Handicap lasterketan, DOMI GO (Ricardo Sousa- Martul) eta FINELY TUNED (Martin Dwyer – J.Lopez). Mundu osotik etorritako zaldiak parte hartuko dutenez (Uruguay, Norbegia, Grezia, Bahrein…), ez da erraza beraien aukerak ondo baloratzen baina zaila daukatela dirudi. Izan ere, orain dela gutxi arte Frantzian entrenatzen zuten zaldiek balore dexente handiagoan aritzen ziren, Rohauten LAUDERDALE (47.5) eta KING SHALAA (45), edota Rougeten SAIYDABAD (50) adibidez.

DOMI GO bikain dagoela dirudi eta handikap bat izanik aukerak zertxobait berdintzen dira (Saiydabadek 8 bat kiloko abantaila emango die) baina zorte puntu handia izan beharko dute. Ea Ricardo Sousaren denboraldi bikainak eta pistaren ezagutzak plus bat ematen dion.

Lasterketan ere izango da Ioritz Mendizabal oiartzuarra RUN TO THE HILLS greziarraren gidaritzan.

SAUDI CUP 2022

1800 metro, hondarretan. 20 milioi dolar banatzeko eta historian diru gehienaren irabazle izan daitekeen zaldia bertan egongo da, MISHRIFF. Hori gutxi balitz, balore handiena erakutsi duena ere bada eta ondorioz faboritoa. Iaz ederki egokitzen dela erakutsi zuen garaipen entzutetsua lortuz baina aurtengoa ez dirudi errazagoa izango denik. Estatu batuar bizpairu onenak ez dira egongo baina bai 1G mailan garaile diren zaldi sorta on bat. 7 MANDALOUN itxura hoberena duena da, bai azken entrenamenduetan (trena dirudi!), bai azken lasterketetan itxura ezinhobea erakutsi du eta goraka doa. Koxka bat azpitik, 2 ART COLLECTOR eta 8 MIDNIGHT BOURBON ez dute faboritoen akatsik onartuko.

10 REAL WORLDek denboraldi bikaina bete zuen iaz belarretan eta zalantza sortzen digu hondar gainean horren ongi arituko ote den. Bestetik bi japoniarrak, 14 MARCHE LORRAINE, Breeders Cup Distaffen egundoko sorpresa eman zuen estatu batuar behorrei gailenduz, baina Ikusteko dago ar boteretsu hauen aurka nola moldatzen den. 13 T O KEYNES hondar gaineko japoniar zaldirik onena. Abenduan erraztasun handiz Japoniako 1G garrantzitsuena irabazi zuen eta bere limitea non ote den ez dakigu. Japoniarrak ezusteko ugari eman zituzten iaz nazioartean eta ezezaguna izan daitekeen T O Keynes honek egurra emateko prest dagoela uste dugu.

Gure hautua: 13. T O KEYNES – 7. MANDALOUN – 9. MISHRIFF

Saudi Cup 2022, dirua barra-barra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top