Dos Hermanaseko (Sevilla) hipodromoaren itxierak bertan jokatzen ziren lasterketak beste hipodromoetara pasatzea ekarri du. Ondorioz, udazkenean jada Zubietan ezohiko jardunaldi batzuk izan genituen. Eta orain berriz, martxoaren 12an hasi eta apirilaren 2ra arte beste 4 jardunaldi extra izango ditugu gurean.
Denak ere ostiral goizez jokatuko dira eta publikoa ere sartu ahal izango da (gehienez 400 ikusle), pandemiaren ajeak gainditzen hasten ari garela dirudien honetan. Ea ba…
Jardunaldiok data hauetan izango ditugu:
- Martxoak 12: 10:05ean hasita
- Martxoak 19 (San Jose eguna)
- Martxoak 26
- Apirilak 2 (ostiral santua)
Martxoaren 19a eta apirilaren 2a jai egunak ditugu, beraz ikusleak gerturatzeko egun egokiagoak izan daitezke.
Inoiz baino goiztiarragoak izango dira jardunaldi hauek, izan ere PMU sarean sartuko dira (lehenengo lau lasterketak, bosgarrena ez) eta jokoaren erraldoi frantsesak ezartzen ditu ordutegi berezi horiek. Kontuan izan behar da Frantzian 6etarako etxeratzeko agindua dutela eta denbora muga horrekin han eta hemengo hipodromoetako lasterketak uztartu behar dituela. Banaketan Zubietari goizeko diana egokitu zaio.
Barruko jokoa ere izango da jardunaldi hauetan, baina bakarrik irabazle eta bikoa. Ikusleentzat sarrera 5 €koa izango da.
Programak hitzordu handirik jasotzen ez duen arren, seguru bertako zaleek gustura hartuko dugun denboralditxoa izango dela honako hau ere. Eta ohi bezala, zaldilasterketak.eus-en lasterketen analisiak eta kronikak aurkituko dituzue, Dabid Argindarren argazki ederrez lagunduta. On egin!