Gaur aurkeztu dute Donostiako udaletxean egindako prentsaurrekoan 2021 honetako udako denboraldia. Bertan aritu dira Eneko Goia (Donostiako alkatea), Julio Ocio (Hipodromoako gerentea) eta Jèrôme Carrus (Groupe Carruseko presidentea).
Agerraldian, aurtengoan 15 jardunaldi izango ditugula iragarri dute.
Datak
Ekainean: 3, 9, 16, 23 (guztiak goizez)
Uztailean: 4, 10, 17, 25, 31 (guztiak larunbat iluntzean, 25ekoa izan ezik, igandez izango dena)
Abuztuan: 8, 11, 15, 22, 29 (denak igande arratsaldez, 11 asteazkena izan ezik)
Irailean: 5 (igandea)
Prentsaurrekoa
Berriz ikusle edukiera mugatua eta sariak murriztuta
Covidaren pandemiak ez du atsedenik ematen eta besterik espero zitekeen arren, oraindik kutsaketa maila altua denez, bakarrik 400 ikusle sartu ahal izango dira oraingoz. Datuak hobetzen badira, LABIak edukiera handitzeko aukera ematea espero dute antolatzaileek.
Egoera honek aurrekontu aldetik prebisio zuhurra egitera behartu dituela adierazi du Ociok. Eta ondorioz, sarietara bideratutako dirua nahi baino urriagoa izan dela adierazi du. Guztira denboraldian 700.000 € banatuko dira saritan.
Nobedadea: uztaileko larunbatetako iluntzeak
Nobedade polita iragarri dute, uztaileko jardunaldi ia guztiak – 25eko igandea izan ezik- larunbatean izango dira arratsaldeko zazpietan hasita. Esperientzia ederra izan daiteke frogatzea ordutegi horretan ea nola erantzuten duen ikuslegoak. Eta ea ordurako edukiera igotzeko aukerarik badagoen.
Bestetik, ohi bezala, PMU jardunaldi ugari izango da udan zehar, ekaineko lau egunetatik hasita. Gainontzerako hilabeteetan ere izango dira, baina gaurkoan ez dituzte data guztiak jakinarazi.
Zaldilasterketak.eus hipodromoaren barrunbeetatik
Ohi bezala lerro hauek betetzen ditugunok denboraldi osoaren berri helaraziko dizuegu ahalik eta gertuenetik eta euskara hutsez. Aurrez lasterketen analisiak eginez, ondoren kronikekin, Dabid argindar artistaren argazki paregabeekin eta une oro gure Twitter kontuan azken berriak zuenganatuz.
Gainera, beste komunikabideekin ere lehian arituko Hipodromoak antolatutako pronostikoen txapelketan. Ea zer moduz doakigun.
Guztiari ekiteko prest eta gogoz, urtebete egin dugun honetan. Eskerrik asko irakurtzen diguzuen lagunei!
Zaldiak prest, gu ere bai….Goazen!