Hementxe dugu jada azaroaren 13an hasi eta abenduaren 8an amaituko den udazkeneko denboralditxoa. Lau jardunaldi Zubietan erori direnak, Sevillako Gran Hipodromo de Dos Hermanasek ateak itxi ostean errebotez etorri zaizkigunak. Errebote gazi-gozoa, edozein itxierak orokorrean sektore hain ahulean suposatzen duen tragediarengatik.
Datak
Jardunaldiok, ezohiko ordutegietan izango ditugu, erne:
- Azaroak 13, ostirala: 14:45etan hasita.
- Azaroak 20, ostirala: 14:45etan hasita.
- Azaroak 27, ostirala: 14:45etan hasita.
- Abenduak 8, asteartea (jai eguna): goizeko 11:45-etan hasita.
Ezohiko egun eta ordutegiak, bai, baina zalegoa hipodromora gerturatu dadin antolatzaileek aukeran zuten bakarra. Izan ere igandeetan lasterketan Madrilen izango dira eta beste jardunaldia kokatzekotan ostiralak jo dira egun egokitzat. Bestetik, kontuan izanik Zubietak argiztapen sistemarik ez duela, jardunaldiro 5 karrera emateko ezinbestean hasi behar da ordu horretan, azkena ilunpean korritu nahi ez bada. Ez dira PMU izango, beraz jokoa bertako sarean izango da.
Lanetik irten eta zaldietara!
Kontuak kontu, bertako zalegoak seguru gustura hartuko dituen jardunaldiak izango direla. Bakoitzak, ahal bezala, lanetik irten, mokadu bat jan (bertan?) eta karreretaz gozatzeko aukera ezberdin bat izango dugu. Madrilgo coolek afterwork deitzen duten plana. Gurean, ea eguraldiak eta bertako tabernak zertxobait laguntzen diguten, asteburua bikain hasteko lanosteko plan eder honekin.
Hasieran lasterketok hondarrean korrituko zirela aurreratu bazen ere, azkenean belarrean izango dira. Ea zer moduz eusten dion gure pistak azken aldiko euriteei.
Aurreneko matrikulak
Jadanik argitara eman dira lehenengo eguneko matrikulak eta, antolatzaileek dioten bezala, poztekoa da izan duten harrera ona. Izan ere 65 izenemate egon baitira lehenengo ostiral honetarako. Eta goraipatzekoa, halaber, entrenatzaileen aniztasuna: 34 profesional ezberdinek matrikulatu baitituzte euren zaldiak. Ez da marka makala!
Udan bezala www.zaldilasterketak.eus-en makinaria martxan jartzera goaz, 4 jardunaldi hauetako informazioa zuenganatzeko. Beti bezala, analisia, pronostikoak, kronikak, argazkiak, azken ordukoak eta eskura daukagun gutzia zuei helarazten saiatuko gara. Ea gonbidapenak banatzeko modurik ere badaukagun.
Erne COVID-19arekin
Lerro hauek idazterakoan pandemiaren datuak ez dira batere politak gure inguruan eta bolo-bolo dabil Eusko Jaurlaritzak neurri gogorragoak ezarriko ote dituen datorren astean. Ikusi behar ustezko neurri horiek hipodromoan karrerak ikuslegorik gabe jokatzera behartuko ote dituen. Hasiera batean, gauzak horrela jarraituz gero, hipodromoak 600 ikusleko edukiera izan lezake. Eta gauzak horrela manteduta ere, bakarrik bertakoek (donostiarrrek) eta ondoko herrietakoek bertaratzerik izango lukete (Hernani, Usurbil, Lasarte, Astigarraga, Errenteria, Pasaia….). Baina neurriak aldatzen badira…. auskalo!. Ikusiko dugu Urkullu jaunak zer dioen.