Giro surrealista Zubietako hipodromoan ostiral eguerdiz: antolatzaileak, profesionalak eta lauzpabost komunikabideetako langileak han hemenka. Ez ikusleen berotasunik, ez tabernarik, ez aposturik… ez ezer. Jakina da birusak urte arraroa bizitzera bultzatzen ari zaigula baina hau, agian, gehiegitxo da.
Lasterketak ere, giroaz kutsaturik edo, ez ziren beste mundukoak izan eta aipatzeko gutxi utzi ziguten:
1. Lasterketa: Eskuak Maiz Garbitu

Tito faboritoak irabazi behar zuen eta hala egin zuen. Baina batere dizdirarik gabe. Beste inor ez zuelako izan kalitate pittin bat Arizkorretarenari saria kentzeko. Apujami izan zen bigarren, baina irabazlea estu hartu gabe nahiz eta 300 metro faltan parean jarri zitzaion. Grilok itxi zuen hirukoa, oraingoan aparteko aldrebeskeriarik egin gabe. Na Rua, Ion Elarren donostiarrarena, ez zuen parte hartu.
Bere tokian: TITO / Jarraitzeko: inor ez.
2. Lasterketa: Bizitza aktiboa eta osasungarria eraman

Curillinesek urtero bere karreratxoa irabazten du Zubietako lokatzetan eta gaurkoan bere tradizioa bete du berriz. Hori bai, inork espero ez zuenean. Hamaika lasterketa zeramatzan, bere iazko abuztuko garaipenetik, burua altxa gabe, beti azken postuetan. Baina Lucas Armand aprendiz frantsesaren eskuak mirakulua lortu zuten eta, kanpo-kanpotik etorrita, garaipenarekin ospatu bere debuta gure pistan. Bigarren Jasmine faboritoa geratu zen Valenzuelarekin eta hirugarren Palace Guard, bere azkenaldiko hobekuntza berretsiz.
Bere tokian: JASMINE / Huts: TE KOOP / Jarraitzeko: PALACE GUARD
3. Lasterketa: Mantén la Distancia Social

Argi ibili zen oso Gelabert Sison zuribeltzarekin ibilbide oso-osoa kanpoaldetik eginez. Horri eskerrak erabateko nagusitasunez eraman zuen garaipena Cesar Alonsok entrenatutakoak. Iruditu zitzaigun asko gorde zuela barruan, agian beste bat irabazteko adina. Atzetik, azken zuzena kanpotik egiten zutenek hartu zuten aurre, First Cornilliere eta Ramiriqui, orden honetan. Datu bat aipatzearren, eta ez da makala, handikaparen lehengo zati honetan Curillinesenean baino denbora txarragoa egin zuten…
Bere tokian: RAMIRIQUI / Huts: ORANGE RUN / Jarraitzeko. SISON
4. Lasterketa: Protegete y Protege a los Demás

Udako izarrak, Iron Rock, ez du dizdirarik galdu eta nahiz eta arerio guztiei pisu dezente eman, berriz ere garaipena lortu du gurean. Urteko laugarrena. Oraingoan Nicolas de Julianekin, ezohiko laguna orain arte Borja Fayosekin lortu baitzituen guztiak. Baina valentziarra zigortuta dabil jardunaldi hauetan. Lokatzetan gustura, baina gogotik lan egin behar izan zuen Hollokoren kontrako buruz-buruko politean. Entrenatzaile portugaldarren bikoa: Pereira-Vaz. Udazken honetan seguru protagonismo handia izango dutenak hemen. Hirugarren, karrera grisa eginez, Angel Down faboritoa, honez gero kilo pilaren abantaila ere aprobetxatzeko moduan ez dagoela berretsiz. Aspaldiko partez, helmugan Mountain Guard ikusi genuen, laugarren eginez. Ea gorantz hasten den.
Bere tokian: IRON ROCK / Huts: ANGEL DOWN / Jarraitzeko: MOUNTAIN GUARD
5. Lasterketa: Ponte la Mascarilla

Arratsaldeko faborito nagusienak huts egin zuen. Bazirudien Vouch moxalak areriorik ez zuela lasterketa honetan eta, agian horregatik, Janacek gehiegitxo konfiatu zen zuzen erdian gauzak kontrolpean zituela sinetsita. Eta kontrolpean zituen denak, bat izan ezik: Cocklina, azken metroetan Valenzuelaren ahaleginarekin garaipena ostu ziona. Vouchek pistaren erdialdea hartu zuen eta behorrak behin baino gehiagotan irrist egin zuen lauhazka zuzena egitea lortu gabe. Cocklinak berriz, kanpoko errail gogorragoa aprobetxatu zuen erremate garailea luzatzeko. Zubietan ari den Marc Comas kataluinarraren garaipena eta errekuperaketa lan ederra, Frantzian aurreko 3 lasterketetan ezer gutxi erakutsi zuen behor honekin. Berriki zaldi enkanteetan erosketa garrantzitusak egin dituen Sport HG zalditegi berria ezin hobetu estreinatu da, garaipenarekin. Diotenez gure Urrezko Kopa irabaztea dute helburu datozen urteotan. Hirugarren, urruti, Horcajadak entrenatzen duen Perfect Sunrise sartu zen bere Madrilgo debuta hobetuz.
Bere tokian: VOUCH / Huts: UXAMA / Jarraitzeko: COCKLINA