Urrezko Kopa: analisia
Lasterketa handienaren atarian www.zaldilasterketak.eus-eko erredakzioan zenbat buru hainbat aburu. Ezin du bestela izan. Horregatik analisi hau lau eskuetara prestatu dugu aurten ere (E: @euskalturf eta LF: @Lisselan_Fan). Hor doa:
1 ABU. Balioa: 39.5. 4 urte. N.de Julian / J.Osorio. 59 kilo. Azkenak: 4-2-5-4
LF: Iaz gaztetxoen oilartxo gisa aurkeztu zen Urrezko Kopan eta bizkarrekoak jaso zituen. Ordutik ez du bururik altxa, nahiz eta azkenekoan zeozer hobetu. Hemen konpartsa lana egingo du.
E: Oso aukera ahula berea, bai. Iaz bezala aurkari indartsuegiekin egingo du topo.
2 ATEEM (FR). Balioa: 46. 6 urte. J. Grosjean / P&F. Monfort. 59 kilo. Azkenak: 4-2-6-1-1
E: Ez dakit nolatan aipatzen den Ateem iaz baino okerrago datorrela aurten. Urte hasieran maila izugarria eman zuen Cagnes eta Parisen eta atsedenaldi txiki baten ondoren, iazko baloreetan dagoela erakutsi du. Iaz nagusitasunez irabazi zuen eta aurten antzeko bidetik egon daiteke.
LF: Azken urtean zazpi Listedetatik bat irabazi eta seitan kokatu da. 46ko baliotik ia jaitsi gabe. Azkenekoan, Vichyn, pisua ematen, laugarren egin zuen. Honek zalantzak piztu ditu hemen baina karrera ikusita, argi dago Barzalona -lehen aldiz gidatzen zuela- erratu egin zela bere errematean konfiatuz. Karrerako protagonista eta faborito sendoa da. Arrakala bakarra: karrera bi edizio jarraietan bakarrik Chacalek irabazi zuela (1974-75), beste inork ez. Bakarrik historia du kontra, beste guztia alde.
3 ATTY PERSSE (IRE). Balioa: 42. 7 urte. R.Sousa / Ch.Delcher. 59 kilo. Azkenak: 0-1-8-6
LF: Gure kuttunetako bat izanda, pena ematen digu hau esateak: birrinduta dabil. Udaberri zorigaiztokoa eman diote Madrilen eta zaldia agortuta dirudi. Hirugarren 2019an eta 6. iaz, bere garairik onenak pasa ziren. Agian, puntan saiatuko da baina hemen marrazo asko ditu zain. Bere ikuilu osoa bezalaxe, ezin gomendatu.
E: Bere lauhazka indartsu eta elegantea galdua du bai. Gehiegi luzatzen ari zaio bere kirol ibilbidea. Oso zaila dirudi Generaleko tribuna parean ere garaipenerako borrokan murgilduta ikustea.
4 BREATH OF FIRE (FR). Balioa: 38,5. 6 urte. R.Thomas / C.Lerner. 59 kilo. Azkenak: 4-3-3-5
E: 38.5ko balorea eta lasterketaro handikap potoloetan garaipenerako borrokan, a ze altxorra! Bere balore sendo horrekin, hemengo lote erdia baino gehiago izan daiteke. Azkenekoan Zubietarekin antza izan dezaken hipodromo batean “frogatu” zuten. “Karrilerak” ipintzen dizkiote. Ez datoz inprobisatzera. Oso forman baldin badago, adi berarekin.
LF: Bai, oso ahaztuta daukate pronostikoetan. Baina ondo aztertzen badugu bere ibilbidea Frantzian ikusiko dugu beti 38-41 balioan ibili dela, 2.400 metrotako Quinteetan lehian. 20 Quintetan hartu du parte, horietako erdietan kokatu eta bitan irabaziz. Gorputzaldi ederrean dator azken hiru Quinteetan kokatu baita. Distantzian espezialista da. Karreran zain baldin badator, arriskatu gabe, azken txanpan kokapen bat lapurtu dezake hirukoa asko garestitzeko. Ez ahaztu.
5 CHEVALIER CATHARE (FR). Balioa: 40. 5 urte. Sr.Sarabia / E.Leon. 59 kilo. Azkenak: 3-3-2-8-5
LF: Bere jabe eta jockeyari, Sarabia jauna, gustatzen zaio urrearen lehian egotea. Iaz We Know-rekin eta aurten beste honekin. 40ko balioa eman du 2.000 m inguruko distantzian. Jabearen kapritxo bezala ondo dago baina ez du ematen urrearen lehian egoteko.
E: Prestaketa lasterketan agerian utzi zituen bere gabeziak. Hobekuntza nabaria beharko luke kokapenetarako borrokan aritzeko. 200 metro extrak ez dira bere alde egongo. Oso zaila.
6 FURIOSO. Balioa: 41. 5 urte. R.Ramos / G.Arizkorreta. 59 kilo. Azkenak: 2-3-3-8
E: 2.400 metroko distantzia bere gaitasunetik haratago dagoela uste dut. Ikuiluko bigarren aukera baino, The Way of Bonnie-ri laguntzeko lanetan ikusten dut. Garaipenerako ez du kontatzen.
LF: Bai, arrazoi duzu. Morroi lana tokatzen zaio. Puntan erritmo bizia jarri beharko du bere liderrarentzat, The Way of Bonnie. Erbi lana. Hemen ez dauka beste rolik.
7 LIBERRI (IRE). Balioa: 40. 5 urte. J.Gelabert / J.Osorio. 59 kilo. Azkenak: 6-4-3-3
LF: Promesa eternala. Hitzordu handiak etortzen direnean beti badu aitzakiaren bat. Egia da Osorioren ikuiluan dagoenetik lasaiago dirudiela eta lanean zentratugoa. Baina erakutsi duenarekin ez dio ematen aurrean egoteko. Nik mus.
E: Ba nik ordago txikira, kokapenera. Urte osoan zehar aurrerapausuak sumatu dizkiot eta Madrilgo sari nagusian nahiko txukun aritu zen, azken zuzenguneko lehen metroetan “apunte” bat utziz. Ez du onenen maila baina beldurrik gabe, taktika erasokor batekin, kokapen bat lapurtu dezakeela uste dut. Hiruko apustua asko aberastu dezake.
8 PORT ETIENNE (FR). Balioa: 44. 4 urte. V.Seguy / F.Rohaut. 59 kilo. Azkenak: 3-4-4-4
E: Distantziaz kanpo, hirugarren Madrilgo Sari Nagusian. Oso ausarta izan zen egun hartan, lotsarik gabe garaipenaren bila joaz urrutitik. Maila ona eman du Frantzian baina Ateemenaren zertxobait azpitik. Kokapenetarako borrokan seguru.
LF: Rohaut entrenatzaile frantsesaren presentziak beldurra ematen du. Zurekin bat nator, karrera benetan korritzen bada -eta hala izateko traza guztiak ditu- ederki kostako zaio 2.400 metroetara iristea. Birritan erakutsi du bigarren kilometrotik aurrera argiak itzaltzen zaizkiola, bai Bordelen zein Madrilen. Estamina falta.
9 RIOCORVO (GER). Balioa: – . 5 urte. J.L.Martinez / A.Remolina. 59 kilo. Azkenak: 1-1-1-1
LF: Pelikuletako istorio bat dirudi berea. Beti osatze-prozesuan dabilen txapeldun hauskorrarena. Beti lan eta lan noizbait zainketa guztien ondotik uzta iritsiko delakoan. Gaurdaino ez du galdu baina ezta aparteko zaldirik gainditu. Halere, zaldi handien lurrina dario bere lauhazkari. Iritsi zaio D eguna eta H ordua. Igandean erakutsi behar du zer duen barruan. Olentzerok txikitan ekartzen zigun paketetxoarekin bezalaxe, gu ere “unboxing” egiteko irrikitan gaude. Pelikuletan bezala kutxatik txapeldun bat irtengo delakoan gaude, seguru. Goazen!
E: Bere limitea non dagoen ez dakigu, lasterketa guztiak modu ikusgarrian erabaki ditu baina 5 urterekin 4 lasterketetan parte hartu du bakarrik eta esperientzia faltako zaio. Hori izango da bere handikap nagusia. Pertsonalki, gehien gustatuko litzaidakeen irabazlea da. Bering zalditegiak merezi du behingoz Urrezko Kopa irabaztea, urte askotako saiakeren ondoren. Bihotza Riocorvorekin batera.
10 RUSHDY (IRE). Balioa: 36. 4 urte. N.Santos / .D.Sousa. 59 kilo. Azkenak: 4-7-6-2
E: Zaldi hau eta jockey honek traba besterik ezin dezakete egin Urrezko Kopan. Punto.
LF: Bai. Ez da ondo ulertzen zer egiten duen hemen Madrilgo gauetako “sarao” horietan kokatzeko gai ere izan ez den zaldi bat. Horitxe. Ez dezala traba egin.
11 ST PETERS BASILICA (IRE). Balioa:41.5. M.E.Fernandez / J.Lopez. 59 kilo. Azkenak: 1-1-1-8-9
LF: Honek ere superazio film hollywoodiense baterako ematen du. Odol urdineko izarra izan behar zuenak, genio txarra duela eta, Espainian amaitu du errefusa bailitzan. Eta hortxe Jesus Lopez eta Borja Fayosen laztan eta psikologo-saio amaigabeekin, hara non, Galileoren seme hau lanean zintzo jartzea lortu duten. Urtebeten Madrilen onenen parera iritsi da, bere aita dela sinistuta. Pena Fayos konplizea falta duela. Bere onena oraindik ez dugula ikusi sinistuta dago. Puntan uzten badiote, bere aitaren semea dela gogoratuko gara. Erne!
E: Hutsune handiegia izan daiteke Fayos konplizearen falta. Gero eta hobeago funtzionatzen ari den elkartea egun handirako aldatzeak, arazo berriak ekar litzake. Maila honetako lasterketetan hutsik txikiena ere ordainarazi egiten dute aurkariek. Urrearen bila, akatsetarako tarte oso txikia.
12 STAR OF BENGAL (GB). Balioa: 43.5. I.Melgarejo / E.Buzon. 59 kilo. Azkenak: 3-2-1-1-8
E: Emaitza bikaina lortu zuen Vichyko Listedean baino duda sortzen dit lasterketa hartan Guerreira horren gertu ikusteak (2 gorputzetara). Distantziarekin arazoak izan ditzake, lasterketa azkarra espero baita. Buzon azaldu arren, azken asteak Montenegroren ikuiluetan pasa ditu.
LF: Nik ere ez dut ikusten 2.400 metro egiten. Are gutxiago karrera benetan korritzen bada. Oasis Dreamen seme batek milia eta erdian irabazten? Klase handia behar da muga genetiko horiek gainditzeko. Estimatzen dugun zaldia da eta sasoi betean dabil, gaina hau ez da bere karrera.
13 THE WAY OF BONNIE (IRE). Balioa: 45. V.Janacek / G.Arizkorreta 59 kilo. Azkenak: 2-1-1-1
LF: Madrildarrak txundituta dauzka 6 urteko honek. Mila gudu eta hipodromotan trebatuta, oso profesionala da edonon txukun aritzeko. Uste dut ez daukala inondik ere 46 balio ofizial hori. Cagnesen erosi zutenean handikapeko zaldi ertainak gainditzetik zetorren (10-15 kilo gutxiagokoak). Egia da Madrilgo Sari Nagusian erremate deigarria utzi zuela eta hemengoen artean aukera sendoena dirudiela. Baina lerro askoz sendoagoak ikusten ditugu beste zaldi pare batengan. Kokatzeko.
E: Madrildik datorren aukerarik sendoena, bai. Hala ere, nik Madrilgo Sari Nagusiaren emaitza berrogeialdian jartzen dut. Bat nator zurekin 46ko balio hori gehiegizkoa dela. Adierazgarria izango litzake Espainiako hazitzaile garrantzitsuenak, yearling ugari saltzen dituena bertan eta nazioartean kalitatezkoak erosten dituena, Urrezko Kopa irabaztea salmenta lasterketa batean erositako (35.122€) zaldi batekin irabaztea azkenean.
OHARRA: abuztuaren 15eko gainontzerako lasterketen analisia aparteko sarrera batean argitaratu dugu: https://www.zaldilasterketak.eus/abuztuak-15-analisia-2/