zaldilasterketak.eus

Urrezko Kopa: analisia

Lasterketa handienaren atarian www.zaldilasterketak.eus-eko erredakzioan zenbat buru hainbat aburu. Ezin du bestela izan. Horregatik analisi hau lau eskuetara prestatu dugu (E: @euskalturf eta LF: @Lisselan_Fan). Hor doa:

1 AMAZING RED (IRE). Balioa: 44,5. 7 urte. J. L. Martinez / E. Dunlop. 59 kilo. Azkenak: 5-0-3-7

LF: Titulua defendatzera dator gorritxoa eta iazko baldintza berdintsutan aterako da. Balio bera mantentzen ari da azken bi urteotan Ingalaterrako handikap potoloetan. Eta hori beste upeleko sagardoa da hemen. Biguinean gustura eta karrera azkar batek lagun diezaioke. Urrea aspalditik jomugan. Let´s go Red!

E: Helmugako emaitza txarretan ere bere aurtengo RPR-ak (Racing Post balioak) 91 eta 95 (iazko Urrezko Kopako berbera) izan dira. Newmarketen bere azkenbigarren lasterketan 103ko RPRa lortu zuen (Frantziako 47 ia). Erritmo biziko lasterketa bada hasieratik, ibilbide erosoa izan dezake eta bere balore ona jokoan jarriko du azken zuzengunean. Iazko zaldi profesional bera datorkigu. Nire faboritoa baita.

2 ATEEM (FR). Balioa: 46. 5 urte. J. Grosjean / P&F Monfort. 59 kilo. Azkenak: 1-1-3-2

E: Balio ofizialik altuena eta emaitzen arabera formarik onenean datorrena…zer gehiago eska dakioke? Urte hasieran bi Quinte irabazi ondoren, ederki asko eman du jauzia probintzietako Listed mailara, hori bai, 100eko RPR (RacingPost balorea) langara iritsi gabe. Ingelesaren aurtengo RPR-ak ikusita, frantsez honek hobekuntza puntu bat beharko duela pentsarazten dit. Garaipenerako lehian.

LF: Bai. Pandemiak on egin dio frantsesari. Bere balioa 10 kilo igo da hilabete gutxitan. Dèfi du Galopeko ligaxkaren azken etapetan 3. eta 2. izan da. Berrengaiatze logikoa. Topera dirudi. Zirrikituren bat bilatzeagatik, pista ezagutzen ez duen bakarra dela. Aukera sendoa da.

3 ATTY PERSSE (IRE). Balioa: 43. 6 urte. B. Fayos / E. Leon. 59 kilo. Azkenak: 9-4-1-2

LF: Gure kuttunetako bat da Frankel guztiahaldunaren seme hau. Zubietako klima eta ibilbidea ezin hobeto egokitzen zaizkio. Iaz hirugarren. Prestakuntzazkoan ez zuen behartu makina gaurkorako gasolina gordez. Puntazale amorratua, konpetentzia latza izango du tropela tenkatu nahi badu. Ehun metro sobratzen zaizkio. Baina Fayosek ez du sekula urrea irabazi eta extra hori nonbaitetik nola edo hala ateratzen saiatuko da. Kokatzeko.

E: Ederra da bere lauhazka egiteko modua, zeinen elegantea den bere mugimendua. Bere taktika argi dago. Iaz nahiz eta Amazing Redek 300 metroren faltan ileak orraztu, kemen handiarekin jarraitu zuen helmugaraino, ispiluan bertan bigarren postua galduz. Binomio kementsua benetan osatuko du Fayosekin. Aipatzen dituzun 100 metro horiek deuseztatzeko modukoa? Inoren akatsik ez du barkatuko. Adi.

4 BARENTON (FR). Balioa: 34,5. 6 urte. M.E. Fernandez / J.M. Silva. 59 kilo. Azkenak: 3-0-0-2

E: Ez du ezer egiterik hemen. Inorri enbarazu ez egitearekin, nahikoa.

LF: Handikapean nahiko lan badu karrera bat irabazteko. Ez dakit zer egiten duen hemen.

5 COSMIC HORIZON (IRE). Balioa: 40,5. 4 urte. V. Janacek / G. Arizkorreta. 59 kilo. Azkenak: 5-7-2-1

LF: Prestakuntzazkoan garaile orain hiru aste, pisua alde zuela. Hemen oraindik balio ofizialik ez du. Irlandan miliaren inguruan korritzen zuen, 40,5 balioan. Erremate luze eta ederra erakutsi zuen pistan eta oraindik hobetzeko tartea duela ematen du. Agian distantzia hau luzetxo egingo zaio eta arerioek gogorregiak dirudite oraingoan. Ez dut uste.

E: 3 urterekin 40 eta 43 balore tartean ibili zen irlandako handikapetan kokapen mordoak pilatuz, era guztietako hipodromotan ibilita. Arizkorretak distantzia luzeagotan sartu du (hesietan probatua izan zen bere azken irlandar lasterketan) eta iritsi berri hau, irlandar baloreetara gerturatzen ari da. Beste urrats bat aurrera egingo balu eta 43 horretara iritsiko balitz, estatuko onenen pare jarriko litzake. Ez ezabatu.

6 EMIN (IRE). Balioa: 45,5. 5 urte. R. Sousa / E. Leon. 59 kilo. Azkenak: 0-1-6-2

E: 2tik 2 garaipen Zubietan (iazko Urrezko Kopa “txikia” eta Donostiako Sari Nagusia) aurretik ezer asko erakutsi ez bazuen arren J.C.Rougeten patioan. Izugarrizko G.P. Madrid egitetik dator, kanpotarren aurkari nagusi bezala izendatzeko moduan. Ez du ezer gaizki egin E. Leonekin dagoenetik eta urrats bat aurrera egiten badu, garaipena ere lor dezake. Gutxien gutxienez, garaipenerako borrokatik gertu ikusten dut.

LF: Gainera orain zalditegiko jockey titularrarekin doa eta euriek jarraitzen badute bere aukerak biderkatuko lirateke (Madrilen kalterako pista gogorrean aritu zen). Zalditegi hori topera dabil. Argi guztiak berdez. Ikusiko dugu hori guztiarekin bi kanpotarren mailara ailegatzeko iristen ote zaion. Karreraren gakoa hortxe dago.

7 PUTUMAYO (FR). Balioa: 42. 5 urte. N. de Julian / X. Thomas D. 59 kilo. Azkenak: 8-0-1-3

LF: Prestakuntzazkoan hirugarren, pandemia osteko berragerpen lasai-lasaia izan zuen ordukoan. Azken orduko erremate boteretsu horrekin geratu ginen. Orain 200 metro gehiago eta sasoi punttu hobea lagun, rush hori luzatu ahalko du. Ez da ahaztu behar iazko Madrilgo GPan hirugarren izan zela. Aurrekoen erritmo biziak lagun diezazioke azken orduan bortizki errematatzeko. Faboritoak ez daitezela deskuidatu.

E: Faboritoak deskuidatuta ere, beste lehiakide indartsuagoak ikusten ditut bere gainetik. Bere balorerik onenean ere Hipodamo eta Zascandil onenen azpitik izan da eta hemen zerbait gehiago behar da. Deigarria izan zen bere lasterketa bukaera prestakuntzazkonk baina bai Atty Persse zein Cosmic Horizon ere, orduan baino sasoi beteagoan egongo dira.

8 WE KNOW (IRE). Balioa: 38. 5 urte. Sr. Sarabia / E. Leon. 59 kilo. Azkenak: 1-2-2-6

E: Oso ondo dabil azkenaldian baina gaurko zita handiegia izan daiteke. Lasterketetan barruak hustutzen dituen zaldia da baina kalitate puntu bat falta zaio (edo bi) lasterketa honetan kokapen bat lortzeko ere. Zaila.

LF: Distantzia luzeagoetan hobeto moldatzen da. Baina ez du mailarik hemen aritzeko. Donostiako Sari Nagusiari begira ondo etorriko zaio gaurko proba. Atzean ikusten dut nik ere.

9 ZASCANDIL (FR). Balioa: 43,5. 6 urte. I. Melgarejo / A. Remolina. 59 kilo. Azkenak: 8-3-1-7

LF: Iazko Urrezko Kopan lesionatu zen faborito zela. Ordutik errekuperatzeko plangintza bikain jarraitu du… azken probara arte. Prestakuntzazkoan, kontua serio jarritakoan, zeharo desagertu zen. Diotenez pista gogorregiarengatik. Baina alarma guztiak dir-dir. Fayos, bere betiko bikoteak, abandonatu du Atty Persserekin joateko. Bakarrik biguin terapeutikoak egin lezake mirakulua. Bere trainerrak dio osasuntsu dagoela. Fededunentzat.

E: Osasun betean dagolaren itxurik ez diot hartzen eta horrela zaila da gomendatzea. Borja Fayosen zaldi kuttuna izanda, Atty Perssen igotzea nahiago du. Hori bai, bere entrenatzaileak mirakulu bat lortu zuen 2015eko Eusko Jaurlaritza irabaziz Cielo Canariasekin. Oso fededun erromantikoentzat.

10 ABU (ESP). Balioa: 43. 3 urte. J. Gelabert / J.M. Osorio. 54,5 kilo. Azkenak: 2-1-1-1

E: Meritu handiko garaipena lortu zen Espainiar Derbyan, tiraka eta tiraka ibilbide osoan zehar indarrak gastatuz. Izugarrizko entrenamenduak burutzen ari omen da azkenaldian baina zailegia iruditzen zait arazo berarekin arrakasta bera lortzea maila honetako zaharrekin lehiatuta. Aldapa gora.

LF: Sei karrera jada eta oraindik ezin izan dizkiote zuzendu diozun bizio horiek (tiraka, burua altxata, saltotxoak…). Gaztetxoaren ajeak. Motorra badu baina hemen ez da deskuidorik barkatzen eta fin-fin ibili beharko du larre motzean hazitako zahar hauen kontra. Bere adinekoak oso erraz menperatu ditu, baina heldutasuna falta zaio. Halere, ez nuke guztiz ezabatuko.

11 ROYAL DANCER (GER). Balioa: 40. T. Specher / R. Martin V. 54, 5 kilo. Azkenak: 1-2-0-3

LF: Gaztetxoen artetik apalena da. Baina saiatu beti saiatzen da. Ez da maila honetara iristen, baina seguru bere jabeak ilusioz beterik daudela Pazifiksturm eta Wild Kingen jakatxoa onenen artean berriz ikusteko. Ilusioak bizi gaitu.

E: Suposatzen dut atzeko partean burutuko duela lasterketa eta azken zuzengunean saiatuko dela zaldi nekatuak aurreratzen. Lasterketaren erritmoak markatuko du zenbat. Hala ere, bere mailarekin zaila ikusten dut kokapenerako lehian ikustea. Ez da azkena iritsiko.

12 NAVIA (IRE). Balioa: 42. F. Lefebvre / G. Arizkorreta. 53 kilo. Azkenak: 2-2-1-1

E: La Zarzuelan irabazi dituen azken bi lasterketekin txundituta nauka. Espainiar Oaksean egundoko erakustaldia eskaini zuen, guztiz saiatu gabe, bere klase handia kanporatuz soilik. Bere motorra ez dugu %100ean ikusi oraindik eta jasotzen duen pisu abantaila, zaharrak baino 6 kg eta 3 urtekoak baino 1,5 kg gutxiago (nire ustez Abu baino hobea da), aldeko izango du. Heldutasuna falta izan dezakeen arren, edozertarako gai ikusten dut.

LF: Estatistika guztiak kontra ditu. Behorrek bakarrik 5 aldiz irabazi dute 50 urtetan. Eta 3 urteko behorrek, inoiz ez. Ikusgarriak izan dira bai, Madrilgo bere bi azken garaipenak bere adineko behorren kontra, punta nahi bezala kudeatuz. Hemen ez diote nola hala utziko. Konparazioak egiteko heldulekuak falta zazikigu, baina nik zeregin zaila ikusten diot.

OHARRA: abuztuaren 15eko gainontzerako lasterketen analisia aparteko sarrera batean argitaratu dugu: ikusi hemen.

Urrezko Kopa: analisia

3 thoughts on “Urrezko Kopa: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top