Urtero bezalaxe, emozioz beteriko egun aparta abuztuaren 15ekoa. Giro ezin hobea, ikusle ugari eta zirrara bereziz bizitako jardunaldi bat. Urte osoa urduritasunez espero den egun handi hori. Egutegian urtarriletik markatutakoa, Urrezko Koparena. Eta beste behin urrearen sukarrak bere olatuaren gainean eraman gintuen bertan bildutako guztiak. Eguna ahaztezina egiten duen karrera erraldoi bat.

53. Donostiako Urrezko Kopa (Le Défi du Galop). 2.400 m.
Urrezko Kopa oso berezia da. Ez da diruz ondo hornitutako beste sari handi bat, ez. Urrea da. Eta urreak sukar berezi bat pizten du esku artean eduki nahi duten guzti horiengan. Rocio behortegiko Iñigo Gomez-Pinedak ondo daki zer den sukar hori ezin kentzea. Urteak daramatza Espainiako sari handienak eskuratzen eta estatistiketan nagusitzen, baina arantza hor zeraman sartuta: urrea falta. Urtero-urtero odolik onenen atzetik ibili ohi da yearlingen enkanteetan inoiz urrea irabaziko duen zaldi-proiektu horren bila. Baina lortu ez. Iaz jada gertu ibili zen Naviarekin (hirugarren) baina urte honen hasieran bazirudien berriz ere ezin izango zuela gure Kopa eraman ikuluan zuen taldearekin. Horregatik urtarrilean Cagnes sur Meren THE WAY OF BONNIE beteranoa fitxatu zuten salmenta karrera batean. Sei urteko gladiadore profesional bat, mila borroketan zaildua. Italian, Frantzian, Alemanian, Suitzan… belarretan, hondarrean baita elurretan ere lehiatutako zaldi burnizkoa. Eta hara non, Espainiako zaldien hazkuntzaren babesle handienetako batek erreklamarretako xendra hartu duen bere betiko ametsa bete ahal izateko. Bide motzenetik. Malkoei eutsi ezinik, ez zen gai izan hitz gutxi batzuk telebistari esateko ere. Emozioak gainezka egin baitzion hainbeste desiatutako momentua errealitate bihurtuta ikusirik, “ezin dut sinistu” eginez. Urrezko Kopa berezia baita. Eta atzo aspaldiko sukar hori apaltzeko unea iritsi zitzaion azkenean.
Karrera espero bezala jokatu zen. Puntan bizi-bizi ABU atera zen, St PETERS BASILICA, STAR OF BENGAL eta ATEEM faboritoak jarraituta (hau padockean ikusgarri zegoen). Janacek irabazlearekin tropelaren atzean hotz bidaiatzea erabaki zuen. Azken zuzenean sartzean berehala amore eman zuen lehenengoak eta pistan zabaltzen hasi ziren zaldiak, ATEEM faboritoak garaile itxurarekin, sendo, erdiko erraila hartuz. THE WAY OF BONNIE aldiz, kanpo-kanpotik, erremate luzeari ekiten hasi zion. 400 metro faltan karrera guztiz baldintzatuko zuen mugimendua etorri zen. ATEEMen lauhazkak tinkotasuna galdu eta kontrolik gabeko diagonal bat egin zuen bere atzetik errematatzera zetorren RIOCORVO bertan seko utziz. Bi faboritoen arteko harakiria eskertu zuen Janacekek kanpoko autopistatik, erremate luze eta dotore bati esker, garaipena eroso eskuratzeko. Inoiz ez dugu jakingo noraino iritsiko ziren ATEEM eta RIOCORVO gertaera hau eman ez balitz, baina argi dago azken lehia desitxuratu egin zuela. RIOCORVO gidatzen zuen Martinezek oraindik beste martxa bat zeukala zioen. Dena den, ez zirudien erraza irabazlea harrapatzea, oso indartsu eta nagusitasun handiz irabazi baitzuen. Bigarren BREATH OF FIRE Ulia zalditegi donostiarreko zaldi zintzoa izan zen eta hirugarren, sorpresa handia emanez, Sarabiaren CHEVALIER CATHARE. Karrera bizi-bizi joan zen, ia bi segundu iazkoa baino azkarragoa. Atarikoan genion bezalaxe, distantziak bere legea ezarri behar zuen eta PORT ETIENNE zein STAR OF BENGAL outsiderrak larrutik ordaindu zuten estamina falta.
Zapore gazi-gozoa uzten duen edizio bat. Batetik bertakoen arrakasta ikusi ahal izan genuen aspaldiko partez (Arizkorreta, Ulia zalditegia….) baina bestetik karrerako gora-beherek ATEEM eta RIOCORVOren benetako neurria ikusi gabe utzi gintuen, karrerari dimentsio apalago bat emanez. Honetaz gain kokatu ziren zaldien maila ozta-ozta 40 baliora iristen denez, kalitate aldetik, edizio hau, bere osotasuna hartuta, ez da espero zitekeenaren mailara iritsi. Kalitate handieneko zaldiak, arrazoi bat edo beste tarteko, itzalean geratu dira, duten ahalmena garatu gabe. Guzti honek, noski, ez dio meriturik kentzen irabazleari, erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuen. Bejondeiola!
Bere tokian: THE WAY OF BONNIE / Huts: ATEEM / Jarraitzeko: CHEVALIER CATHARE
1. Tattersalls (2 urteko moxalak), 1.400 m.

EL OJANCANO faboritoak ez zuen hutsik egin. Frantziako bi karreretan erakutsitako mailarekin zaila zen garaipenak ihes egitea. Are gehiago Julia Zambudioren gidaritzarekin 5 kiloko abantaila izanda. LE MINABLE beste beteranoak puntan egin zuen ibilbide osoa eta 100 metro faltan faboritoak, erritmo aldaketa biziarekin, aurre hartu zion. Kanpo-kanpotik eta lehiatik kanpo, oso erremate deigarria utzi zuen WHITE KING Martulekoak. Erne berarekin distantzia luzatzen diotenean.
Bere tokian: EL OJANCANO / Huts: LE MINABLE / Jarraitzeko: WHITE KING
2. Alejandro Padilla (handikap 1. zatia), 1.500 m.

Arratsaldeko sorpresarik handiena BORN TO BE zazpi urteko irlandarrak eman zuen, 18/1eko kuotarekin. Azken karrerako porrotak pronostikoetatik atera zuen, baina bere orduko entrenatzaileak, Ion Elarrek, adierazi zuen ez zitzaiola aintzat hartu behar arazoak izan baitzituen. Eta halaxe, hura gezurtatu eta garaipena eskuratu zuen Fonseca gaztearekin. Hau ere 2,5 kiloko deskargua probestuz. Lehia oso itxia bigarrenerako LINDA, BOSTON BRUIN eta ALBORANen artean, orden honetan amaitu zena. Handikap oso berdindua eta kalitatezkoa.
Bere tokian: BOSTON BRUIN / Huts: DREAM START / Jarraitzeko: ALBORAN
3. Sheikh Mansoor Festival (odolgarbi arabiarrak), 2.000 m.

Arabiarren karrerari buruz ezin gauza handirik kontatu, ez baita gure arloa. Faboritoak irabazi zuen Al-Thani zalditegi entzutetsuarentzat. Debutarien artean, maila ona eman zuen Zubietan Marc Comasek entrenatzen duen DABAA DE MONLAUk.
4. Easo Edari Banaketak (handikap 2. zatia), 1.500 m.

Izatezko bikote bikaina osatzen dute Marc Comas entranatzaile kataluinarrak eta Julia Zambudio Laredoko jockey gaztean. Biek garaipenak pilatzen ari dira iganderoko handikapetan. Oraingoan DUNNABY zaharrarekin. Bere entrenatzaileak aitortzen zuenez arazoz beteriko zaldia baina kalitate handikoa. Handikaparen bigarren maila honetan kalitatea ez zegoen soberan eta ez zuen arazo handirik izan jockey gazteak garaipena eskuratzeko, nahiz eta azken metroetan zaldiak kanpoko errailetarantz diagonal bat egin. 5 kiloko deskargua erabakiorra izan zen beste behin. Gehiegizko abantaila dirudi, baina arauak horrela daude egun. Bigarren HANNA izan zen berriz eta hirugarren ROCKOLA. Bi hauek halako batean euren handikapa bilatuko dute. Entrenatzaile kataluniarra estatistiketan bigarren da jada Arizkorreta guztiahaldunaren atzetik denboraldi bikain bat eginez.
Bere tokian: HANNA / Huts: MYALDAGOBA / Jarraitzeko: BELMONTE
6. Araeta Sagardotegia, 2.200 m.

Eguna are gozoagoa egiteko beste garaipen bat eman zion EMINENCEk Rocio behortegiari, Urrezko Koparen kontsolamenduzko karreratzat hartzen den horretan. Egia esan gauza xelebrea da ikustea iazko fitxaketa handia izan zen Sea The Starsen seme hau kontsolamenduzkoan eta azken orduko outleteko erosketatzat har daitekeen THE WAY OF BONNIE urre eramaten. Baina zaldiak zaldiak dira eta ezin aurreikusi batzuk eta besteen garapena. Asmo handiak zituzten EMINENCE honekin baina, kontuak kontu, estatuan egin duen hamabigarren karreran lortu du azkenik bere lehenengo garaipena. Janacek berriz ere azeri, OBANOS pare-parean zuela egin zuen zuzen osoa jolasean azken metroetan bere zelari eskatu eta garaitzera joateko. Elarreren BOUJOC faboritoaren berririk ez zen izan eta MARCHELOk bere arintasuna aprobetxatu zuen barrutik hirugarren tokia eskuratzeko.
Bere tokian: EMINENCE / Huts: BOUJOC / Jarraitzeko: EMINENCE
Argazki Galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar