zaldilasterketak.eus

Uztailak 10: analisia

Erdi mailako jardunaldia dugu aurretik, igande arratsaldeko hitzordu klasikoekin sartuta jada baina oraindik ere sari nagusietarako prestaketa-lasterketarik gabe. Lehenengoz eguraldi eguzkitsuarekin hipodromoaz gozatzeko aukera izango dugula dirudi.

1. (17:30): Nagore Otaño Oroigarria – AEGRI (jockey amateurrak). 2.000 m

Lasterketako balorerik altuena 01 DEFINEDek dauka eta mota honetako lasterketetan seinale fidagarriena izaten da hori. Hala ere, lasterketak izango duen ustezko erritmo motelarekin duda sortzen zaigu, izan ere, Golden Hornen semeak 2000 metro baina distantzia luzeagoko lehiaketak behar ditu bere onena emateko. Lasterketa sprintean erabakitzen bada, esperientzia gutxiko J.I.Hernandez zaldunak eskuak bete lan izan ditzake. 02 MAITRE YODA behin eta berriz garaipenerako borrokan izaten da eta oso erregularra da bere errendimenduan. Forma puntu onean dator eta pistan debuta egingo duen arren, ziurragoa iruditzen zaigu bere aukera. Gainerakoen artean, 03 BABY GROOM aipatuko dugu Diego Sarabiaren eskarmentu handia izango duelako lagun.

Gure hautua: 02 MAITRE YODA – 01 DEFINED – 03 BABY GROOM

2. (18:05): Sheikh Zayed Bin Sultan Al Nathan Cup (Odolgarbi arabiarrak). LISTED 1.600 m

Arabiar arrazako zaldientzako beste karrera bat, gaurkoan Listed mailakoa. 01 KHATEER ALKHALEDIAH askogatik gehien erakutsi duena da. Bi garaipen lortu zituen iaz Zubietako berdegunean Qatar Arabian World Cupean (urteko lasterketarik garrantzitsuena) parte hartu aurretik. Forma onean dator eta faborito argia izan beharko luke. 02 ILOUCIOk negua Qataren pasa du hainbat lasterketetan emaitza onak lortuz baina Frantziara bueltan emaitza txarra lortu zuen, hori bai, G1 mailako lasterketa batean. T.Fourcy entrenatzailea artista bat da arabiar odolgarbiekin eta lasterketa horretan jomuga jarri bazuen, zerbaitegatik izango da.

Gure hautua: 01 KHATEER ALKHALEDIAH – 02 ILOUCIO – 04 KAWTHAR

3. (18:40): Onda Cero (irabazi gabekoak). 2.000 m

Etorkizun oparoa duela erakutsi du bere bi lasterketetan 03 NAZIRAk eta horren arabaera fijotzat jo daiteke lasterketa honetan. Madrileko debutean bigarren izan zen Saslong eta Lady Mcqueen irabazleen aurretik eta bigarren postu hori errepikatu zuen ondoren La Testen. Azken horretan, oraindik ere berde xamar dagoela erakutsiz, ez zuen erritmoa aldatu ia lasterketa bukatuta egon arte. 07 SOFUNNY bapatean berpiztu zen azkenekoz, zenbait lasterketa ilunen ondoren. Jatorri bikaina dauka eta hobekuntza besterik ez dugu espero. 05 CORVERA saridun postuetan aritzen da beti eta hemen ere errepikatzeko aukera handiak ditu. 04 ROBAYERAk bi lasterketa itxurosoren ondoren zertxobait egin du behera eta entrenamenduz zein jabetzaz aldatua izan da. Parte hartzaileen maila ikusita, T.Martinsek azken momentuan apuntatu zuen 01 NATHAN lasterketa honetan eta balore frantsez xumea (29) dakarren arren, kokapenerako aukera handiak ditu.

Gure hautua: 03 NAZIRA – 07 SOFUNNY – 01 NATHAN – 05 CORVERA

4. (19:15): Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkargoa (handikap 2. zatia). 1.600 m

Handikap irekia non pisu gehien eraman beharko dutenek besteen gainetik daudela diruditen. Arraroa egiten da bi lasterketa irabazi dituen 3 urteko bat handikapeko bigarren zatian ikustea, are gehiago 02 PADERNOk azken lasterketan erakutsitako maila ikusita. Hala ere, zulo ilun bati egin beharko dio aurre, izan ere, orain arteko hiru-urteko guztiek porrota jasan dute zaharragoen aurka egin dutenean handikapetan. Fayosek ongi gestionatu beharko du 63 kiloko zama astuna. 03 ROBLE oso gustura aritzen da Zubietan eta azkenaldian hobekuntza nabaritu diogu. Beheko handikap honetan ezustea eman dezake lehen momentutik. 01 LINDAren azken emaitzak Zubietan 1,3,2,2,2,5,1 dira eta segidari jarraipen ona emateko aukeran dago berriz ere. 05 TALES handikapean gora egin du bi garaipenen ondoren eta zailagoa izango du gaurkoan. 04 BAADIRR ez da maila honetakoa baina abisu serioagoren baten zai jarraituko dugu. 12 STERLING GOLD pisu arinarekin arituko da eta goiko horien akatsen zain izango da.

Gure hautua: 02 PADERNO – 03 ROBLE – 01 LINDA – 12 STERLING GOLD

5. (19:50): Hotel Viura (handikap 1. zatia). 1.600 m

Apirilan lehen abisua eman zuenetik eta bi garaipenen ostean, 7,5 kiloko igoera izan du 04 KENNOCHAk handikapean. Oraindik ere igoera handiagoa jasan dezakeela uste dugu eta ez diogu konfiantzarik galduko Kodiacen alaba sendoari bere distantzia kuttunenean. 05 HOLLOKO ezaguna ate joka dabil azkenaldian eta helmugan muturra lehen postuan sartzen ikusiko dugu aurki. 01 VETONA beti da fidagarria mota honetako lasterketetan eta A.Martinezen deskarguak lasterketan sartzen du. 02 SPANISH COLT forman dator garaipen baten ostean baina baldintza zailagoei aurre egin beharko die gaurkoan. 07 TIGER BASH, 08 SASLONG eta 09 INCREDIT hiru-urtekoak zaurgarri izan daitezke orain arteko bere adinkideak zaharragoen aurrean izan diren bezala baina azken hau goraka dator, adi.

Gure hautua: 04 KENNOCHA – 06 HOLLOKO – 01 VETONA – 09 INCREDIT

Uztailak 10: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top