1. (19:30) Sheikha Fatima Bint Mubarak Cup saria (3 urteko arabiar odolgarbiak) 2.000m
Debutari bat eta aurretik lasterketa berdinean aritutako 3 moxal soilik animatu dira bidaiatzera. Erreferentziazko lasterketa horretan 3 HAIBA izan zen gehien gustatu zitzaiguna, nahiz eta bederatzigarren izan. Azken zuzengunean sartuta ere jockeya mugitu gabe zihoan eta ez zion aparteko esfortzurik eskatu. Hobekuntza nabaria espero dugu. 1 ITCHY DE NACRE seigarren izan zen jockeyaren eskakizun handiagoa izanik, baina gure faboritoari aparteko abantailik atera gabe helmugan. 2 MAGUROR debut iluna izan zuen eta hobekuntza handia beharko luke hemen garaitzeko. 4 TABAASHEERi buruz ezer gutxi dakigu baina adi egon beharko dira aurkariak, eramango dituen koloreei errespetua zor baitzaie.
Gure hautua: 3 HAIBA – 4 TABAASHEER – 1 ITCHY DE NACRE
2. (20:00) Sheikh Zayed Bin Sultan Al Nathan Cup (arabiar odolgarbiak, Listed)
Orain arte mailarik handienean aritu dena 1 BEL’IZAM da dudarik gabe. Azken hiru urteetan maila goreneko kokapen ugari pilatu ditu eta hori zaldi gutxiren esku dago. Aurten 2000 metrotako Listed batean berragertu da zazpigarren postu batekin, lehiakide gehienei pisua emanez. Bere distantziarik onenera bueltan eta ia pisu abantailarik eman gabe, gailendu beharreko aurkari izango da. 4 KHATEER ALKHALEDIAH garaipen ona lortu zuen Ekaina hasieran Zubietan bertan, 5 MURJAN atzean utziz. 2 SHADAD aurreko Irailean Listed bat irabazi zuen Zubietan ere baina ordutik ez da maila berean aritu.
Gure hautua: 1 BEL’IZAM – 4 KHATEER ALKHALEDIAH – 5 MURJAN
3. (20:30) Onda Cero saria (Handikap 2. zatia) 1.600m
Lasterketa irekia, hainbat hautagaiekin. 4 MIDNIGHT STAR ondo aritu zen handikap lehen zati batean eta horren arabera izendatuko dugu gure faborito. Janaceken gidaritza aseguratzaile moduan. 12 NYALA jarraitu beharreko zalditzat aipatzen genuen aurreko jardunaldiko gure kronikan. Izan ere balore ofizial eskasa dauka aurreko lasterketan erakutsitakoaren aurka. Baloreari abantaila atera dakioke. 1 GROSS apustuetan faborito irtengo da ziurrenik eta bere azken baloreak errepikatzen baditu ez da garaipenerako borrokatik aterako. 10 ROCKOLA eta 11 HANNA kokapenak pilatzen ari dira azkenaldian eta berriz ere maila horretan arituko dira gutxienez.
Gure hautua: 4 MIDNIGHT STAR – 12 NAYLA – 1 GROSS
4. (21:00) Joyeria Ayerdi (Handikap 1 zatia) 1.600m
Ez da lasterketa erraza iragarpen sendo bat erabakitzeko eta ezustekoaren bila arituko gara. 6 BORN TO BEk gehiago egin dezakeelaren susmoa uzten digu beti. Azken lasterketako balorea pittintxo bat hobetzearekin batera, garaipenerako hautagai sendoa izan daiteke. Raul Ramos lasartearrak bere gidaritza neurtu horietako bat egitea lortzen badu, irabaztera. 12 LEITZA handikap bigarren zati batean ikusteak min egiten zigun eta garaipen eroso batekin erantzun zigun. Oraindik ere 30etik beherako balorearekin (deskarguarekin 22.5-n arituko da) antzeko erantzun bat espero dugu. Oso gustukoa dugu behor hau. 3 TROVATORE Ekaineko bere garaipena errepikatzeko gai izan daiteke bere forma bikainari esker. 5 HOLLOKO podiumera igo da aurtengo bere lau lasterketetan eta forman jarraitzen badu, antzeko lanak burutuko ditu. 1 BARBARIGO klaserik handieneko zaldia da baina agian 61.5kg zama gehiegi izan daiteke forma handian dauden aurkarien aurrean. Bukatzeko, aipatu beharra dago 9 DREAM STARTen erremate handiek saria merezi dutela eta 2 IRON ROCK hobetzen ikusi nahi dugula ahalik eta azkarren.
Gure hautua: 6 BORN TO BE – 12 LEITZA – 3 TROVATORE
5. (21:30) Hotel Viura saria (3 urteko moxal ez irabazleak) 1.500m
1 EL SOKHNAk ez luke zailtasun handirik pasa behar lasterketa honetan garaipena lortzeko. Eguneko fijoa. (Antxon) Korta zalditegiko 3 NEW ADELE, pisu arina lagun, gauzak zail jarri diezaiokeen bakarra da baina lasterketa ilun batetik dator eta dudak sortzen dizkigu. Beste lehiakide guztiek lehenaldi eta oraina iluna erakutsi dute eta okerragoa dena, etorkizun ilunagoaren susmoa.
Gure hautua: 1 EL SOKHNA – 3 NEW ADELE – 2 HA CHOP