zaldilasterketak.eus

Uztailak 10: kronika + argazki galeria

Ohiko udako lehenengo igandeak ezin izan zuen eguraldi hoberik izan. Eguzkitsu eta giro alaia harmailetan. Aurreneko karreran istripu ikusgarria izan zen eta zeozer aldrebestu zen giroa hasieran, baina zorionez ondorio larririk gabe. Arabiarren Listeda zen arratsaldeko kartelburua eta sorpresarik ez zen izan emaitzean.

1. Lasterketa: Nagore Otaño Oroigarria – AEGRI (jockey amateurrak). 2.000 m

BABY GROOM (Diego Sarabia) / Argazkia: Dabid argindar

01 DEFINEDen istripuak markatu zuen karrera. Zorionez, Jose Ignacio Hernandez bere jockeyaren erorketak ez zuen ondorio larririk izan nahiz eta hasieran besterik zirudien. Kontua da faboritoak zabalera diagonala marraztu zuela lau gorputzeko abantailarekin irabazle garbia zirudienean. Kontrolatu ezinik jockeya erori egin zen harmailetako hesiaren ondoan. Hori aprobetxatuz Sarabia zaharrak 03 BABY GROOMekin eutsi besterik ez zuen egin behar izan garaipena eskuratzeko. Ulertezina 02 MAITRE YODAren gidaritza tropeletik atze-atzean bide osoan zerbaiten zain. Eta iluna ere 04 LUANCOren karrera. Guztia aprobetxatuz 05 SATURNO kokatu egin zen berriz, ordaindutako beste oparitxo bat berriz.

Bere tokian:  03 BABY GROOM / Huts: 02 MAITRE YODA / Jarraitzeko: 05 SATURNO

2. Lasterketa: Sheikh Zayed Bin Sultan Al Nathan Cup (Odolgarbi arabiarrak). LISTED 1.600 m

KHATEER ALKHALEDIAH (G. Sanchez) / Argazkia: J.M.Lopez

Arabiar arrazako zaldientzako Listed mailako karreran faborito nagusiak ez zuen hus egin. Bide osoan nagusi 01 KHATEER ALKHALEDIAHk eraman zuen sari nagusia. Dena erabakita zegoenean 06 TIMAYA AL ASHAL izan zen gehien gerturatu zitzaiona, Borja Fayos atomiko baten indarrari esker. Sasoian dabil balentziarra hurrengoetan ere erakutsiko zuenez.

3. Lasterketa: Onda Cero (irabazi gabekoak). 2.000 m

CORVERA (B. Fayos) / Argazkia: Dabid argindar

Eskertu zituen bai 05 CORVERAk Borja Fayosen eskuak eta kemena. Aurreko hiru karreretan aprendiza izan zuen gainean eta ibilbide korapilatsuak guztietan. Iragarriz bnaina jo gabe. 03 NAZIRA faboritoak buruan egin zuen ibilbide Bugatitik irtetzeraino. Bihurgunean zeuden txorietaz kexatu zen Gelabert, traba egin zietelako. Zuzenean CORVERA berdindu eta, Fayosen bultzadari esker, aise gainditu zuen puntazalea. Aspasia de Mileto handiaren ahizpa honek gorantza jarraitzeko itxura du. Atzetik hirugarrenerako, urruti lehia txikia izan zen eta 04 ROBAYERAk hirugarrena garbi eskuratu zuen. Besteak nahiko ilun.

Bere tokian: 03 NAZIRA / Huts: 07 SOFUNNY Jarraitzeko: 05 CORVERA

4. Lasterketa: Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkargoa (handikap 2. zatia). 1.600 m

TALES (C. Perez) / Argazkia: Dabid argindar

Argi dago gure ibilbideari gustua hartzen dion zaldiak behin eta berriz ondo korritzen duela bertan. 05 TALES da horietako beste bat. Aurreko irabazlea Aspasia de Miletoren ahizpa bazen, hau berriz bere semea. Alburquerqueko Dukearen jakarekin ezer gutxi erakutsi zuen aurreneko karreretan. Geroztik Canarias zalditegiaren koloreekin aritu izan da entrenatzaile ezberdinekin. Baina Arginzonesek hartu duenetik beste bat dirudi eta hortxe, erreskan irabazi dituen azken hiru handikapen lekukotza. Lan bikaina egiten ari da venezolarra. Oraingoan Cristina Perezekin, berriz ere punta hartu zuen hasieratik eta ez zuen askatu helmugara iritsi arte. Ederki estutu zion 12 STERLING GOLDek amaieran, Zambudiorekin, baina ondo eutsi zion pilatutako abantailari. Neska gazteen bikoa, Perez-Zambudio, azken aldian jada ohiko bilakatzen ari zaiguna. 03 ROBLEk hirugarren amaitu zuen irabazteko pronto dagoela iragarriz. Eta 02 PADERNO gaztetxoari gehiegizkoa egin zitzaion 63 kiloko zama. Halere, itxura ona hartu genion. Erne berarekin hurrengoetan.

Bere tokian: 03 ROBLE / Huts: 02 PADERNO / Jarraitzeko: 12 STERLING GOLD

5. Lasterketa: Hotel Viura (handikap 1. zatia). 1.600 m

BARBARIGO (B. Fayos) / Argazkia: Dabid argindar

Erretiratzeko diren torero zaharren antzera, beti azkenekoan, han eta hemen korritzen ibili da 05 BARBARIGO zaharra, garaipen batekin agurra egin nahiean. Ez zituen orain arteko neurriko baldintzak topatu Viura Hotelaren sari honetara iritsi arte. Handikapean jaitsi eta jaitsi, azkenean topatu du berea. Baina garaipenaren portzentaia handia bere jockey aseezinari egotzi behar zaio: Borja Fayos. Izan ere energia eta konbentzimenduz beteriko gidaritza egin baitzion bere sozio zaharrari. Bazekien nola zukutu 8 urteko zaldi zaharraren azken indarrak eta aurreneko metrotik halaxe ekin zion. 04 KENNOCHA sasoibete dabilenari punta hartzen utzi gabe. Halaxe abiatu ziren eta halaxe iritsi ere. Honetan ere Gelabertek ez zuen balentziarraren suaren parekorik eta berriz amore eman izan zuen. 02 SPANISH COLTek berretsi zuen bere Madrilgo garaipena eta hirugarren egin zuen. 08 SASLONG izan zen gaztetxoen artetik aurreratuena, baina belaunaldi honetakoek handikapetan behin eta berriz porrota jasotzen ari dira zaharren aurrean. Hau enegarrena.

Bere tokian: 04 KENNOCHA / Huts: 06 HOLLOKO / Jarraitzeko: 02 SPANISH COLT

Argazki galeria

Uztailak 10: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top