Arratsalde dizdiratsua larunbatetako lehenengo hau. Hipodromoaren egungo edukiera beteta (1.200) eta lasterketetako ohiko udako giroa. Programan nabarmentzekoak arabiarren bi lasterketa -horietako bat Listed mailakoa- eta erretiratu ugari, programaren argala ikusita gehiegi, bost guztira. Antza denez, larunbatean hain justu indarrean jarri zen txertaketa egutegi berria eta hainbat harrapatu zituen etxeko lanak egin gabe. PMU jardunaldia hau ere eta ustekabeko gutxi. Pista gogorregi hainbat jockeyren esanetan -Sousa kexatu egin zen- ofizialki “ona” kalifikatu arren (3,1).
1. (19:30) Sheikha Fatima Bint Mubarak Cup saria (3 urteko arabiar odolgarbiak) 2.000m

Lau partaideetatik hiru behin bakarrik elkarren kontra aritutakoak ziren eta bestea debutaria. Gauzak horrela, zaleek erreferentziazko karrera interpretatzeari ekiten zioten pronostikao osatzen lagunduko zien pistaren baten bila. Baina orduko hartan pattalen aritutakoa izan zen hemen nagusitu zena, MAGUROOR, faboritoa atera zen ITCHY DE NACREren aurretik. Turfaren gauzak.
2. (20:00) Sheikh Zayed Bin Sultan Al Nathan Cup (arabiar odolgarbiak, Listed)

Irabazle berdin-berdinak izan zituen arabiarren bigarren karrerak. Al-Thani jakatxo mitikoa, Mme. Bernard entrenatzailea eta Gary Sanchez jockey gaztea (Fréderic Sanchez entrenatzailearen semea). Oraingoan KHATEER ALKHALEDIAH Saudi Arabiako zaldi zuribeltzarekin. Honek bazekien zer zen Donostia irabaztea ekainean egin berri baitzuen, baina hau zuen goi-mailako bere lehenengo proba. Gorantz jarraitzen duela frogatu zuen, laugarren garaipena erreskan lortuz. BEL´IZAM faboritoak azkenekoetan bezala huts egin zuen eta jada ez dirudi Graduetan borrokan aritutako zaldi hura. Hirugarren bukatu zuen, SHADAD zuriak gaindituta. Mugaz bestaldetik etorritako partaideak guzti-guztiak eta zalantzak bertako zaletuen artean, batere ohitu gabe arabiarren karrerekin.
3. (20:30) Onda Cero saria (Handikap 2. zatia) 1.600m

MIDNIGHT STAR faboritoa erretiratzearekin pronostikoa oso irekia geratu zen bigarren zati honetan. Arratsaldeko sorpresarik handiena eman zuen VA´ZY BARELIERE sei urteko behorrak 19/1 kuota mardularekin. Aurrenekoz aritzen zen Zubietan eta ezin izan zuen estreinaldi hobea izan. Azken metroetan, kanpo-kanpotik, Fernandezek behorraren lepoa nahikoa luzatu zuen HANNA punteroaren aurretik ispiluan sudur bateko aldea sartzeko. Barrutik REINE D´UN SOIRek bukaera indartsua utzi zuen hirugarrena eskuratzeko karrera bat borobildu gabe jarraitzen duen ROCKOLAren aurretik. NYALA gure faboritoak bosgarren egin zuen udan irabazi gabe ez dela geratuko iragarriz. GROSS behorrak lesio larria pairatu zuen eta ez dugu berriz pistan ikusiko. Hainbat jockey kexatu egin ziren Bugattin zenbaitek duten jokabide arriskutsuengatik.
Bere tokian: HANNA / Huts: JUST ONE LOOK / Jarraizeko: NYALA
4. (21:00) Joyeria Ayerdi (Handikap 1 zatia) 1.600m

Lehenengo zatian erretiratua pistako iazko lehendakaria izan zen, IRON ROCK. Oraindik altu dabil handikapean baina udan seguru irabazten ikusiko dugula berriz. Garaipena LEITZA behorrarentzat izan zen. Aurrekoan bigarren zatian bezalaxe, oraingoan berriz Zambudio gaztearen deskargu itzelaz baliatu zen beste garaipen erraz bat eskuratzeko. 5 kiloko deskargu batek handikaparen oreka txikitu egiten du eta gehiegizko abantaila da. Baina egungo araudia horrela dago eta Zambudio gaztea sariak jasotzen ikusiko dugu udan behin eta berriz. Dena den, dena ez zaio egotzi behar pisuaren abantailari, Marc Comasen behorrak errazegi mendean hartu baitzituen bere arerioak eta gorputzaldi atomikoan dabilela erakutsi zuen. Handikaperrek ez badute kate motzean lotzen, beste handikap bat dauka gure kuttunak. Bigarren LEADER´S LECACY amerikar zaharra izan zen atze-atzetik erremate ikusgarriarekin. Erne berarekin uda honetan, diru dexente dauka eta. Asmatzailerik gabeko hirukoa itxi zuen GRILO eroak, behingoz barne aldetik zuzen-zuzen etorriz eta inori traba egin gabe. Badirudi gaztetako grilokeriak ahaztuta dituela eta txintxo antzean dabilela. Hala bada, honek ere badu hobekuntzarako tarterik. Magic Elarreren BORN TO BE ez zituen irabazletzat jotzen zuten zurrumurruak baieztatu eta azken postuan sartu zen. Entrenatzaile donostiarrak amaieran esan zuenez karrera ez zaio aintzakotzat hartu behar.
Bere tokian: LEITZA / Huts: BARBARIGO / Jarraitzeko: LEADER´S LEGACY
5. (21:30) Hotel Viura saria (3 urteko moxal ez irabazleak) 1.500m

NEW ADELEren erretiratzearekin batera arerio-itzalik gabe geratu zen EL SOKHNA irlandarra. Lau aldiz bigarren, ero moduan zebilen maidenetik ateratzeko. Eta lote honetan, ezbeharrik izan ezean, hori lortzera kondenatua zegoen. Sorpresa tontoren bat ekiditeko, Janacekek hasiera-hasieratik puntan jarri zuen faboritoa eta lasai asko iritsi zen helmugara, azeleragailua sakatu gabe. Hori lasaitasuna! 4.000 euroz koipeztatutako paseotxoa. Atzetik hipodromoan ibilbide motza izango duten bost ale, zein baino zein apalagoa. Norbait bigarren izan behar eta ORLY GOLD portugaldarra izan zen fundamentu gehiena erakutsi zuena, nahiz eta zuzenaren erdian kanporanzko diagonal bat marraztu. Hirugarren Avialen REY izan zen Alejandra Gutierrez gaztearen arintasuna baliatuz. Irabazlea kenduta, ahaztutzeko moduko lotea.
Bere tokian: EL SOKHNA / Huts: HA CHOP / Jarraitzeko: ORLY GOLD
Argazki galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar