Ezohiko ordutegia. Larunbata eta 18:40ean. Ea zer moduzko erantzuna duen zaletuen aldetik aldaketa honek. Udan oso ohituta gaude igande arratsaldeetara eta bat baino gehiago seguru despistatuta harrapatzen duela. PMU sare frantseseko jokoa izango da. Pista ezin lehorrago, aste honetako beroak direla medio. Hau jardunaldiaren gure analisa.
1. Lasterketa (18:40): European Breeders’ Fund (F.E.E.). 1.400 m
Bi urtekoen txanda. 01 ASTUTOk maila ona erakutsi du Madrilen bi bigarren eginez. Azkenekoan ederki izerdiarazi zion SafSafeko Sommersuni, belaunaldiko oilarretako bat izan daitekeena. Aurre-aurrean ikusten dugu. 04 WARRIOR´S REVENGE Rocio behortegi guztiahaldunaren fitxaketa berria da. 31.000 € ordaindu dituzte Pariseko salmenta karrera batean. Ordukoan Elarreren Showay bikainaren ondoan geratu zen. Ildo hori oso ona da, hemen garaile ateratzeko adinakoa. 05 QUEEN OF GLORYk debut polita egin zuen hemen Red Hot Action Imaztarrak irabazitako karreran, hirugarren eginez. Ibilbidean berde dagoela erskutsi arren, amaiera interesgarria utzi zuen. Hobetzen. 02 CHISPAk 01 ASTUTO txikitu egin zuen maiatzean baina ekainean berriz neurtu zirenean arrak zartakoa itzuli zion 10 gorputz bueltan sartuz. Behorra, loteko irabazle bakarra, Delcherren eskuetatik Miguel Alonsorenera pasa berri da. Ez dakigu zein den bere bertsio ona. Ikusteke.
Gure hautua: 04 WARRIOR´S REVENGE – 01 ASTUTO – 05 QUEEN OF GLORY
2. Lasterketa (19:15): El Molino del Lobo (handikap 2. zatia). 2.000 m
04 KUKOk gure pista maite du eta hemen ez da sekula bigarren zatiko elementu bat izan. Krisi txiki baten ostean, Zubieta berriz zapaldu duenean, ia irabazi du, Boujocekin argazkian. Handikapean oso baxu dago, hau da bere distantzia eta pista lehorra atsegin du. Dena OK. Gaur Janacekek ez du argazkirik galduko. Eguneko aposturik argiena. Elarreren 02 JERY SMAIH kokatu egin da hemen korritu duen ia guztietan. Parametro berdintsuak izango ditu orain berriz eta espero daiteke emaitza berdina. Aurkituko duena baino pista sakonagoa eskertuko luke. Alexia Lucas gaztea bere lehenengo garaipenaren gertu ibiliko da. Iturregi prestatzailearen 03 SANBLASS eta 05 STUDENT, euren apaltasunaren barruan, apuntetxoak utzi dituzte aurrekoetan. Guri bigarrena zertxobait gehiago gustatzen zaigu distantzia honetan baina lehenengoak Fayos kilerra eramango du gainean, eta gaur egun horrek diferentzia egiten du.
Gure hautua: 04 KUKO – 02 JERY SMAIH – 03 SANBLASS
3. Lasterketa (19:45): Digitalak (handikap 1. zatia). 2.000 m
01 LEADER´S LEGACYk beste behin bere neurriko karrera du aurrean. Harrigarria da 8 urteko zaldi amerikar honen erregulartasuna gurean. Azken 6 karreretan 2 garaipen eta lau bigarren. Ez da marka makala! Handikapean justu dabil (37) baina balio altuagoarekin etorri zen Frantziatik (39,5) eta lote honetan ez dugu ikusten itzala egingo dionik. Ohiko kide duen Zambudioren deskargua eta konplizitatea erabakiorra izan daiteke. Bai ala bai. 07 GOYESCA Madrilen garaipen polit bat eskuratzetik dator. 3 urteko behorrak aurreneko aldiz zaharrei aurre egin beharko die. Pisuz ondo ikusten dugu baina bere adinekoak gaizki ari diren zaharren kontra. Halere, noizbait hasi beharko zaizkie oldartzen. Kokatzeko. 06 BOUJOCek irabazi zuen bere azkenekoa hemen. Handikapean zigortzeaz gain jada hau ez da bigarren zatiko handikap ahul bat. Sasoi puntua eta deskargua alde baina nahiago genuke bigarren zatian ikustea. 02 LUANCO oso gaizki aritu zen aurreko igandean amateurren karreran. Hemen hirutan irabazitakoa da eta ez dugu sinisten hain baxu egon daitekeenik. Jesus Lopezen ikulua topera dabil eta Fayos are gehiago. Sorpresa.
Gure hautua: 01 LEADER´S LEGACY – 07 GOYESCA – 02 LUANCO
4. Lasterketa (20:15): Garda Seguridad (3 urteko moxalak). 1.600 m.
10 PANTXINETAk garaipen ikusgarria erdietsi zuen hemen apirilean gerora garaile ateratako Dream Bahama, Macadamia eta Paderno bezalakoak irrigarri utziz. Orduko balioarekin hemen ez legoke konparaziorik. Ildo horri ezin izan dio eutsi Madrilen 2.000tik gorakoetan ezta hemen handikapean 63 kilorekin bizkar gainean. Baina orain baldintzak berriz oso egokiak zaizkio, eta distantziaz jaitsiko den arren, asko gustatzen zaigu. 02 LADY MCQUEENek oso erraz nagusitu zen hemen Janacekekin duela bi aste, baina arerio ahulagoen kontra. Koxkatxo bat gora egin beharko du hemen errepikatzeko. 01 SASLONGek bosgarren irteera du hemen hilabete terdian. Badirudi di-da batean amortizatu nahi dutela bere erosketa. Gertu dabil beti baina jada nekatuta egon daiteke. Zalantzak. 08 TESSICOk debut lasaia izan zuen Madrilen zona epelean amaituz. Hobekuntza handiena eduki dezakeena bera da eta Superfayos eramango du uhaletan. Erne berarekin.
Gure hautua: 10 PANTXINETA – 02 LADY MACQUEEN – 08 TESSICO
5. Lasterketa (20:45): Carrus taldea (behorrak). 2.000 m
01 NUBIA Fabre prestatzaile frantsesaren zalditegikoa zen Marc Comasek dela bi aste 18.000 euroren truke erosi arte. Listed pare batean gertu ibili zen iaz distantzia honetan eta gurean joko handia eman dezakeela dirudi. Pisu gogorra eramango du Zubietako bere aurkezpen honetan baina arretaz jarraituko dugu hurrengoetarako. 05 NAVIA da karrera honetako faborito nagusi eta argia. Inork ez dauka bere historialaren parekorik: Beamonte, Com. Madrid, Mª Cristina, 3. Urrezko Kopan, 2. Donostiako Sari Nagusian…. Baina hau prestatzeko karrera bat baino ez da, hitzordu potoloagoakk ditu jomugan eta distantzia hau laburregia zaio. Arrakalak ikusten dizkiogu. 04 KENNOCHA da guztien artetik forma onenean dagoena. Denboraldi honetan handikaparen bigarren zatitik abiatu da eta jada onenen mahaian leku bat lortzera iritsi da. Ez dauka besteen kalitaterik baina punta bizia jarriko du eta triskantza egin lezake aurrean. Irabazteko ez, baina karrera lehertu eta kokatzeko bai. 03 COCKLINAk meritu handiko garaipena lortu zuen Tolosan udaberrian eta baita kokatu ere Madrilen Maracay handiaren atzetik eta Hardpia bikainaren aurretik. 38ko balio sendoarekin dabil. Etxean jokatzen du. Bertako zoko guztiak ederki ezagutzen ditu eta topera aterako da. Hau da bere karrera. Sorpresa ederra emango luke. Gu berarekin goaz.
Gure hautua: 03 COCKLINA – 05 NAVIA – 04 KENNOCHA