zaldilasterketak.eus

Uztailak 16: Kronika + Argazki galeria

Eguraldi beroa baina hoztasuna nagusi harmailetan, oso zaletu gutxirekin Uztaileko jardunaldi baterako. Pista azkarrak (3.0) ez zuen erremate ikusgarririk utzi eta aurreko postuetan lasterketak egiten zutenei mesede egin zien. Ikuskizun polita utzi zigun, hori bai, jardunaldiko lasterketa nagusiak. Deigarria izan zen Jesús Lopez entrenatzaileak lortutako hirukoa, lehen hiru lasterketak irabaziz. Zubietan erroldatzearen onurak!

1. Lasterketa: European Breeders’ Found EBF (2 urtekoak) 1.400m

Hasiera batean 04 WARRIOR’S REVENGEk lastereketa bere alde izango zuela zirudien baina 31.000€ko fitxaje berriak ez zuen Parisen Maiatzean emandako mailarik errepikatzerik izan. 04 WARRIOR’S REVENGE berau eta 05 QUEEN OF GLORY izan ziren azkarrenak irteeran baina segituan izan zen Imazen 03 PAPYRUS ROAD lidergoa hartu zuena. Bugatiko bihurgunean usoak berriz ere eragozpenak sortzekotan izan ziren (petardoak erabili ziren uxatzeko) eta konturatzerako 03 PAPYRUS ROADek abantaila esanguratsua hartu zuen zuzengune hasieran. Hortik aurrera, 05 QUEEN OF GLORY pixkanaka distantzia hori murriztuz joan zen erritmoa jaitsi gabe eta bera izan zen Imazena harrapatzen (eta pasatzen) bakarra. Kalitate falta izaki, inork ez zuen erritmo aldaketa biziegirik egin eta Bugatitik irten bezalatsu heldu ziren helmugara. Adieraztekoa da 06 WALKING TO GLORYren fisiko ederra eta etorkizunerako, denbora izanda entrenamenduan eta distantzia luzeagoan izan dezakeen hobekuntza nabarmena.

Bere tokian: QUEEN OF GLORY / Huts: WARRIOR’S REVENGE / Jarraitzeko: WALKING TO GLORY

Queen of Glory (C.Perez) / Argazkia: Dabid Argindar

2. Lasterketa: El Molino del Lobo saria (Handikap 2. zatia). 2.000m

Lasterketa apala balore eskaseko zaldiekin, non gainera, forma zantzuak erakustetik zetozenak lurzoru biguin zale ziren. Panorama horretan, 06 TE KOOPek garaipen erraza lortu zuen bere forma puntu bikainari segida emanez. 400 metroren faltan garaipena berea izango zela argi zuen tribuna osoak. Helmugan, 5 gorputzeko abantaila 03 SANBLASSekin eta Jesús Lopezenak hurrengoan handikapeko bigarren zatian jarraitzen badu, berriz ere irabazi dezakeelaren inpresioa utziz. Beste saridun postuak muturreko balore eskasa duten 09 DINKARATZ eta 08 ZANACATek lortu zuten pisu arina probestuz.

Bere tokian: TE KOOP / Huts: KUKO / Jarraitzeko: TE KOOP

Te Koop (J.Gelabert) / Argazkia: Dabid Argindar

3. Lasterketa: Digitalak saria (Handikap 1.zatia). 2.000m

Hainbat saiakera kamutzen ondoren, lehen aldiz aurten 3 urteko batek lortu du garaipena zaharragoen aurrean handikap batean. Agian aukera garbiagoak izan dira denobaldian zehar, baina pisu arina lagun, 07 GOYESCA izan da “balentria” lortu zuena. Forma disdiratsuan dagoen Jesús Lopezen patioko norbait izan beharra zuen, nola ez? Cristina Perezek aitortzen zigun oso gidaritza traketsa eman ziola behorrari baina honek buru ezinhobea duela eta pisu arin horrekin oso gustura aritu zela Zubietako berdegunean. 01 LEADERS LEGACY metronomoak bere maila erakutsi zuen berriz ere eta oraingo honetan, garaipenaren saria ihes egin zion azken metroetan. Hirugarren, 04 UPSILON eta 03 NAYADE txukun aritu ziren, hurrengoetarako abisutak utziz, batez ere bigarrenak. 08 MONZALVOSen lasterketa ezin da kontutan hartu eta bere zai geratzen gara beste jockey batekin eta batez ere, pista biguinagoa dagoenerako.

Bere tokian: LEADERS LEGACY / Jarraitzeko: NAYADE

Goyesca (C.Perez) / Argazkia: Dabid Argindar

4. Lasterketa: Garda Seguridad saria (3 urtekoak). 1.600m

Irteeratik bixi bixi jarri zuen martxan Janacekek 10 PANTXINETA, erritmo biziko lasterketa ezarriz. 04 HUNTMARek bakarrik jarraitu zuen bere kolpea eta lehiakide nagusienak distantzia gehiegi utzi zioten zuzengunea hasterako. Errenta ez galtzeko lanetan aritu zen txekiarra azken 400 metroetan eta 02 LADY MCQUEENen azken orduko erremate biakinak ez zen nahikoa izan. Aurreko lasterketan ez bezala, planteamendu ausarta izan zuen 10 PANTXINETAk eta dudarik ez dago mesede egin ziola. Ausardia puntu bera izan zuen 04 HUNTMARek ere saria izan zuen hirugarren postua lortuz. Osasunez kili kolo dabilen 01 SASLONG (ispilua pasata non geratzen den ikustea besterik ez dago) laugarren izan zen. Berriz ere Yeguada Militarrekoak “beste lasterketa batean” egon ziren, Bugatira heltzerako bandera zuria astinduz. Penagarria enegarren aldiz.

Bere tokian: LADY MCQUEEN / Huts: SASLONG / Jarraitzeko: PANTXINETA

Pantxineta (V.Janacek) / Argazkia: Dabid Argindar

5. Lasterketa: Grupo Carrus saria (Behorrak). 2.000m

Eguneko zita garrantzitsuenak ez zuen hutsik egin eta ikuskizun ederra oparitu zigun. Forma bikainean dabilen 04 KENNOCHAk erritmo estua ezarri zuen 5 gorputzeko abantaila hartuz. Lasterketa erdia baino lehen Janacek zertxobait kezkatu zen atzera begiratzean eta abantaila murriztearen lana bere esku uzten zutela ikustean. Faborito nagusia izatearen beharrak beteta, azken bihurgunea bukatzerako denak batuta zeuden berriz. KENNOCHA izan zen lehenengoa erritmoa aldatzen, 05 NAVIA atzetik eratzunez eta 03 COCKLINA azken honen itzala izanik, azken metroen zai. 200 metroren faltan hirurak jarri ziren parez pare eta COCKLINAk garaipena lor zezakeela zirudienean, NAVIAk bere kalitate puntu handiagoa erakutsi zuen azken momentuan. Pasabide argirik izan gabe, 07 NASAB oso ondo aritu zen hauen atzetik. Nabarmentzekoa Marc Comasen 01 NUBIA fitxaketa berriaren (18.500€) jarduna. Lehen hiruak baina 3kg gehiagorekin eta lasterketa kontserbadoregoa izan arren, ez zuen merezimendu gehiegirik galdu helmugan.

Bere tokian: KENNOCHA / Jarraitzeko: NAVIA, NUBIA

Navia (V.Janacek) / Argazkia: Txema Valles

Argazki galeria

Uztailak 16: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top