zaldilasterketak.eus

Uztailak 17: analisia

Uztaileko bigarren larunbat arratsaldea. Astean zehar udazken giroa izan dugunez, pista busti-bustia espero dugu. Eguraldikoek diotenez larunbaterako eguzkia izango dugu. Sinistu behar. PMU sarean Zubietako karreren gainean jokatu ahal izango da, bigarren karreratik aurrerakoetan. Sari handietako matrikulak astean zehar atera dira eta denboraldia azeleratzen doa. Abuztuaren 8ko Maria Cristina Hotela behorren sariari begirako prestakuntzazko karrera izango da larunbat honetako nagusia. Parte hartuko duten bostak izena emanda daude sari nagusi horretarako. Programa osoa gure eskaner analogikotik pasa ondoren, hau atera zaigu:

1. Lasterketa (18:45): European Breeder´s Fund. (F.E.E.). 2 urteko moxalak. 1.400 m.

Asko goraipatu da duela bi asteko 1 SHANGRI LAren debuteko garaipena. Estilo polita erakutsi zuela eta asko espero omen dutela berarengandik. Alvaro Odriozolaren moxala faborito handia da hemen. Arrakala bat bilatzearren, esan dezagun karrera horretan Princesa Metaphor apalak ia irabazi ziola eta lotean arerio seriorik ez zuela topatu. 3 SATERRITORISEk aldiz punta-puntakoen kontra debutatu zuen Madrilen paper txukuna eginez, laugarren. Gero, aurreko hiru haiek Martorelleko podiuma bete zuten (Galilodge, Bribon eta Bravo). Hari hori askoz sendoagoa iruditzen zaigu faboritoarena baino. Horregatik, eta pisua ematen diolako, ez dugu batere argi ikusten faboritoaren ustezko garaipen zalantzagabea. Ikusiko dugu nola moldatzen diren biak bigunean. 4 TRAFALGAR debutari militarra azkena izango denez, 3 LE MINABLE hirugarren.

Gure hautua: SHANGRI LA – SATERRITORISE

2. Lasterketa (19:15): Hazkuntza Nazionala Rochebrune. 3 urteko moxal espainiarrak. 1.600 m

3 IDEALek lau bigarren bildu ditu bere bost irteeretan. Irabazteko irrikitan dabil. Azkenekoan hemen Oasis Coveren isatsean sartu zen. Beste honek Frantzian garaipen dizdiratsu batekin berretsi berri du ordukoa. Arrastoa argi-argi da. Lokatza atsegingo du eta Hrubosovaren deskargu eskuzabalarekin, pisuz oso arin irtengo da. Berde-berde-berde! 2 BRUJILDA pistan irabazi zuen iaz eta Madrilen burumakur ibili ondoren, gurea zapaltzean berriz piztu da. Gang of Ten (Kutxa) bere amak ere Zubieta maite zuen. Cocklina-El Shokna bikoaren atzetik apuntatzetik dator, deskargu gozoa darama eta metro gutxi batzuk soberan izan ditzakeen arren, asko gustatzen zaigu bikoa osatzeko. 1 BABY GROOMek hemen irabazi berri du bi kilometrotan. Lokatzetarako jatorria duen arren distanzia orain laburtzeak ez dio mesederik egingo eta pisuz zigortua ateratzen da. Gure bi behorren hutsaren zain egon beharko du. 4 AGAMENON Madrilgo handikap batean irabaztetik dator. Ez zitzaigun oso deigarria iruditu eta gure pista ezagutzen ez duen bakarra da. Halere, Leyla Ennouniren ikulua gori-gori dabil eta kontuan hartu beharko da hori.

Gure hautua: 3 IDEAL – 2 BRUJILDA – 1 BABY GROOM

3. Lasterketa (19:45): Basque destination. Handikap 2. zatia. 2.000 m

1 ZERI oso gertu ibili zen bere azkenekoan, bihurgunean estropezu egin eta gero. Fayos berriz uhaletan eta pista sakonak maite ditu. Dena borobil ez balitz metroren bat gehiago eskertuko lukeelako. Halere, aukeran beste ezer gutxi dago lote honetan eta faborito handia izango da. Arratsaldeko ziria 11 GAUSSek sar dezake. 2018ko udan hemen irabazi zuenetik ezin lotsagarriago ibili da han eta hemengo hipodromoetatik erromesaldian. Horrek 18 kiloko jaitsiera ekarri dio handikapean. Txanpa betean dabilen Zambudioren deskarguak beste 4 gehiago kenduko dizkio. Ikuluz-ikulu arrastaka ibili ondoren Bienve Morenorenean egonkortu da azken hilabeteotan. Horrekin eta berreskuratuko zuen osasun apurrarekin berarenganako fedea piztu zaigu bapatean. Poltsikoak bete nahi dituzten fededunentzat. Gaur hala inoiz ez. 4 COVADONGA´S LAKES irabaztetik dator oso antzeko karrera batean. Esprinterra zelakoan hara non 2.000an irabazi duen. Inoiz ez dakizu negozio honetan. Orduan bezalaxe Ramos lasartearra berriz lagun. 2,5 Kilo igo dioten arren gertu ibili beharko luke. Gure eguneko ziriaren anaia gaztea da 3 KANTIO (Late Telegraph eta Kantia), loteko gaztetxo bakarra. Azken-aurrekoan muturra erakutsi zuen arren, azkenekoan azkenputz izatetik dator itxuraz aparteko arrazoirik gabe. Aukeran zuen nazionalen karrera baino hau nahiago izan dute. Ikusi genionaren lurrinarekin geratu ginen eta ez diogu begirik kenduko, hemengo beterano guztiek erakutsi beharrekoa aspaldi erakutsi zuten eta.

Gure hautua: 1 ZERI – 11 GAUSS – 4 COVADONGA´S LAKES

4. Lasterketa (20:15): Tax aholkulariak. Handikap 1. zatia. 2.000 m.

2 JASMINE da denboraldiko protagonista nagusia. 12 kiloko gorakada ustekabekoa zein meteorikoa izan du lau karreretan, bi garaipen eta bi kokapenekin. Azkenekoan, kiloak oparituz, behor onentsuenen kontra ausartu zen. Ispiluan bertan ehizatu zuten. Ausardiak 4,5 kiloko igoera suposatu dio handikapean. Hala eta guztiz ere, darabilen gorputzaldia uste dugu handikaperrek ezingo dutela kiloz frenatu. Punta hartuko du, denak errenkan jarri eta ea zeinek egiten dion aurre. Iaz Iron Rock, aurten Jasmine. Metamorfosi portugaldarren segida. Fonseca jaitsi eta Janacek jarriko dute bolantean. Gora eta gora beti. Gure faboritoa. 10 NAYADEren balioa aldiz jaitsi eta jaitsi aritu da azken urtean. Handikapean bere egoera opari bat da. Luanco pasiatu zen hartan bigarren egin zuen, ondoren huts egiteko distantzia luzeegian. Oraingoa bere distantzia da berriz, pistan irabazitakoa dugu, lokatzarekin bizitu egiten da eta lehen mailako gidaria darama, Gelabert. Erreginak huts egingo balu bera ordezko. 6 MONZALVOS karrerako faborito nagusia da. Erraz irabaztetik dator eta berriz Zambudioren superdeskagua (5 kilo!) dauka alde. Distantzia laburtzeak ez dio lagunduko, ez da oso konstantea eta uste dugu lokatzetan ez dela oso ondo moldatzen. Pisua irabazlea den arren, zalantzak. Badirudi gure 3 GRILO maitea erreformatoriotik pasa dela eta bere bizioak han utzi dituela. Azkenekoan zuzen-zuzen etorri zen ibilbide osoan, bihurrikeriarik egin gabe, eta baita hirugarren postuan amaitu ere. Orain distantzia luzeagoa da, baina bigunean ondo, Sousak uhalak behar beste estutuko dizkio eta motorra baduela erakutsitakoa da. Sorpresa.

Gure hautua: 2 JASMINE – 10 NAYADE – 3 GRILO

5. Lasterketa (20:45): Donostia San Sebastian Turismoa. Behorrak. 2.000 m

2 VIANAk ez du sekula hemen korritu. Bere klasea atera berri du Madrilen adineko behorrak dotoreki menperatzeko. Pista oso astunean irabazitakoa da eta ez dugu uste hemen bere mailako areriorik dagoenik. Fayos liderraren bermearekin, Bugattin ondo moldatzen bada ez dugu beste irabazlerik aurreikusten. Arizkorretaren gidaliburuari jarraiki 4 PRAVIA lasai asko berragertu zen Jasminen ihesaldian, asko larritu gabe gertu bukatzeko. Udari begira prestatzen ari dira. Hau du urteko bere bigarrena eta aiztoa zorrozten jarraituko du Maria Cristinari begira. Pistan irabazlea da, bigunean eta distantzian ondo, eta Janacek maisua gainean. Ezin da alboratu. 5 COCKLINAk bi garaipen eta bigarren bat eskuratu ditu hemengo hiruetan bere adinekoen kontra. Orain zaharragoekin eta distantzia luzeagoan zailago izango zaio. Baina pisuz oso arin aterako da, lokatzetan errematatzeko trebezia erakutsi du eta sasoi betean dabil. Erne. 3 ASCENSION DIRECTE teorian ez da maila honetakoa. Frantzian irabazi berri du eta etxean jokatzen du gustukoen dituen baldintzetan. Madrildarren hutsak aprobetxa litzake. 1 MY FLINDERS behor zahar onenetakoa zen iaz. Ordutik korritu gabe dabil izandako arazo batengatik. Hau berragerpen xuabe bat izango da. Hurrengoetarako arretaz ikusteko.

Gure hautua: 2 VIANA – 4 PRAVIA – 5 COCKLINA

Uztailak 17: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top