Astean zeharreko udazken-giroa gaindituta beste larunbat eguzkitsu bat hipodromoan. Pista uste baino lehorrago, 3,4 (ona). Programa argala, oraindik hezurtsuago geratu zena izandako lau erretiratuekin. 34 partaide 5 karreretan. Apenas lehiarik ikusi genuen lasterketa gehienetan. Egun gorabeheratsua izan zen: erretiratuak, irteera txarrak, Bugattin bihurguen txarrak, karrera faltsuak… Ezin dugu esan izan zenik zalegoa animatzen duen horietakoa. Jendez ondo, edukiera ez zen bete gutxigatik. Hemen egunak emandakoaren laburpentxoa.
1. Lasterketa (18:45): European Breeder´s Fund. (F.E.E.). 2 urteko moxalak. 1.400 m.

Kontatzeko oso gutxi lehenengo karrera honetan. Gutxiegi. Lau ziren programan azaltzen ziren 2 urteko moxalak. Horietatik TRAFALGAR erretiratu egin zuten. Geratutako hiruetatik SA TERRITORISE Bugattin bihurgunea hartu beharrean zuzen joan zen eta ez zuen karrera bukatu. SHANGRI LA eta LE MINABLEren arteko buruz-burukoa kontrolpean izan zuen une oro Gelabertek. Eta hala erabaki zuenean martxan jarri zuen Oasis Dreamen seme hau aise irabazteko. Gertatutakoa borobiltzeko Imazek bere bi zaldien saioa ezin dela aintzat hartu deklaratu zuen komisaioen aurrean, nonbait pista arrotza egin zitzaiela eta. Ba hori, ekaitz desastroso perfektua. Eta pena, gauza bat dela eta bestea dela, 2 urtekoak lehian apenas ikusi gabe geratzen ari gara eta. Odriozolaren SHANGRI LA honek itxura ona utzi zuen bere bigarren karrera hau ere irabaziz baina ondorio gutxi gehiago atera daiteke. Triste xamarra.
Bere tokian: SHANGRI LA / Huts: SA TERRIRORISE / Jarraitzeko: SHANGRI LA
2. Lasterketa (19:15): Hazkuntza Nazionala Rochebrune. 3 urteko moxal espainiarrak. 1.600 m

Aurrekoan ALDUFOOFekin bezalaxe, Leyla Ennouni entrenatzaileak Madrildik ekarri zuen AGAMENON karreratxo hau irabazteko. Ennouni etorri den azken hiruetatik bitan irabazi du. Txanpan sartuta dabil baita Madrilen ere. Dudarik gabe jarraitzeko ikulua. Lasterketa honetan ere gorabeherak: BRUJILDA irteera atetxoetan geratu zen eta lehiarako aukera guztiak galdu zituen. IDEALekin aldiz, Hrubosova ziztu bizian egin zuen lehen erdia eta Bugattitik ateratzerako jada ez zeraman ezer azpian. Gauzak horrela irabazlearekin Fayos erraz pasa zen aurrera eta bakarrik BABY GROOM saiatu zen zertxobait gerturatzen azken orduan, baina alperrik. Helmugako distantziak oso esanguratsuak: 3 gorputz, 3,5 g., 4 g. eta urruti. Esandakoa, lehiarik ez.
Bere tokian: BABY GROOM / Huts: IDEAL / Jarraitzeko: AGAMENON
3. Lasterketa (19:45): Basque destination. Handikap 2. zatia. 2.000 m

Julia Zambudio laredotar gaztearentzat beste garaipen bat, denboraldiko bosgarrena (estatistiketan ere laugarren da Gelabert-Fayos-Janacek hirukoaren atzetik). Badirudi espezializatzen ari dela 2. zatiko handikapetan. Oraingoan Bienve Morenoren GAUSSekin eraman zuen garaipena. Atarikoan esaten genuen pronostikoetan oso ahaztua zegoela Kantia mitikoaren seme hau eta, behingoagatik, asmatu genuen. Dena den, padockean ez zeukan itxura onik, izerditan blai, eta irteeran ere lanak eman zituen. Baina hain pisu arinarekin, oso erraz irabazi zuen. Uda honetan gutxienez beste handikap bat (edo batzuk) ere irabaziko du. Ondo apuntatu. Erritmo eroa jarri zuten aurrean JUST ONE LOOKek, MANTRAk eta COVADONGA´S LAKESek, eta baita amaieran ondo ordaindu ere. Irabazlea oso erraz pasa zen eta bere atzetik, ustekabean, berpiztutako EIGHTEEN POEMS bigarren izan zen eta PIROPO hirugarren. Igarlerik gabeko hirukoa. ZERI faboritoa ez zen azaldu ere egin, Fayosen hitzetan minez zegoela nabaritu zuen eta horregatik ez zuen behartu.
Bere tokian: GAUSS / Huts: ZERI / Jarraizeko: GAUSS, EIGHTEEN POEMS
4. Lasterketa (20:15): Tax aholkulariak. Handikap 1. zatia. 2.000 m.

Arratsaldeko bigarrena irabazi zuen Borja Fayosek KUKOrekin. Azken hatsean, GRILOren seriotasun faltaz baliatu zen helmugan bertan muturra aurretik sartzeko (Argindarren argazkian ederki jasota). JASMINE gure faboritoak ez zuen parte hartu sukarra dela eta. Pena ezin izan genuela behorraren garapen meteorikoaren urrats berria ikusi ahal izan. Lehenengo biek puntan egin zuten ibilbide osoa eta hala iritsi ziren. Irabazlea gure pistan gustura moldatzen da, iazko udan lortutako garaipenak frogatzen dutenez. Aurtengoan oraindik hobetzeko tartea badu. Hirugarren, atzetik aurrera, MONZALVOS izan zen Zambudio gaztearekin eta laugarren, ibilbide osoa kanpo-kanpotik eginda, GRANACCI. COSSIO ere gertu ibili zen, errekuperazioa berretsiz. Bigarren zatiko handikapetan bere zain egongo gara.
Bere tokian: GRILO / Huts: NAYADE / Jarraitzeko: GRANACCI, COSSIO
5. Lasterketa (20:45): Donostia San Sebastian Turismoa. Behorrak. 2.000 m

Maria Cristina behorren sari nagusiaren azken prestakuntzazkoa izan behar zuen karreran ere lehia gutxi izan zen, ia itxuretan geratu zen. Irabazlea hasiera-hasieratik buruan jarri zen erritmo oso motela jarriz (kronoa handikap 2. zatikoa baino txarragoa). Atetxoetan PRAVIA oso mantso atera, bost gorputz galdu eta ia karreratik kanpo geratu zen. Milari inork ez zion eztabaidatu taktika eta halaxe egin zuten ibilbidea azken zuzeneraino. Borja Fayosek VIANA azeleratu nahi izan zuenean behorrak ez zion erantzun eta hortxe amaitu zen lasterketa. PRAVIAk nahikoa baitzuen taldean konektatzearekin eta ASCENSION DIRECTE, apalagoa zela jakitun, bere aukeratxoaren zain gordeta baitzihoan. Ez zuen sufritu irabazleak eta iaz bezalaxe, proba hau berriz eraman zuen poltsikora. Faboritoen hutsa aprobetxatuz, ASCENSION DIRECTEk bigarren plaza lapurtu zien. PRAVIAren saioa ez da kontutan hartu behar eta VIANAren kasuan ez dakigu pista ez zitzaion gustatu edo, besterik gabe, Arizkorretaren taktikaren iruzurrean bete-betean erori zela. Ondorio argirik uzten ez duen prestakuntzazko proba. Pena bat.
Bere tokian: ASCENSION DIRECTE / Huts: VIANA / Jarraitzeko: MY FLINDERS
Argazki galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar