Goizetako “aurredenboraldiko” sei jardunaldiak atzean utzita, igande honetakoarekin esan genezake hasten dela benetan udako denboraldia beti ezagutu izan dugun bezala: igande arratsaldez eta ikusleekin. Izan ere, orain arteko debekuak alde batera utzita, denboraldi osoan 1.000 ikusleko edukiera izango du hipodromoak aurrerantzean, segurtasun neurri guztiak beteaz. Goazen bada, izango diren lasterketen analisiarekin.
European Breeder´s Fundation Saria (17:30): 2 urtekoak
Bi urtekoen beste hitzordu bat, oraingoan bakarrik sei partaiderekin. Debutatu -eta irabazi- duen bakarra 1 FORCE CAT da. Berme handia ezezagunak zaizkigun beste aurkarien aurrean. Faborito logikoa. Baina debutari itxuraz oso interesgarriak izango ditu aurrez-aurre. 2 MARCHELO Alvaro Odriozola futbolariaren fitxaketa Tattersallsen jatorri bikainarekin eta ia 60.000 € ordainduta. Jarraitzeko modukoa izango da. Halere, bere entrenatzailea ez dabil fin eta 47ko ecart-a pilatzen ari da. 3 NEW ADELEk ere paper politak ditu. Ama, Adele Star, oso goiztiarra izan zen. Bakarrik bi urterekin korritu zuen, bi garaipen eta beste bi kokapen eskuratuz, Listed batean tartean. Hau ere arretaz ikusteko. 5 ASTURIAS Ziga klasedunaren alaba. Eta Oasis Dream aita. Zer gehiago eskatu? Arizkorretak dio aspalditik entrenatzen dabilela. Patio horrek gauzak lasai hartzen ditu, baina kontu handia izan beharko da berarekin. 6 ISABELA entrenatzaile donostiarrak dio mantsoago doala berarekin, baina ez dugu ahaztuko Baronia handiaren alaba dela, Zubietako lamia. Oraingorako ez, baina hurrengoetarako bere izena azpimarratuta utziko dugu. Debutarien sasoi punttua padockean arretaz miatzea biziki aholkatzen dizuegu.
Gure hautua: 1 FORCE CAT – 5 ASTURIAS – 3 NEW ADELE
Onda Cero (18:05): 3 urteko moxal maidenak
Sekula irabazi ez duten bederatzi moxal hauetatik 6 MELODY FRANCE izango da gure aukera. Berragerpenekoan Madrilen erremate on bat utzi zuen eta hobetzeko tarte handia ikusten diogu Oscar Anayak entrenatzen duen behor honi. Kontra du Zubieta ez duela ezagutzen. Sousak errepikatuko du zelan. 3 MANUMART da gaur arte gehien erakutsi duena. Garaipena errepikatu berri duen Muguetajarraren bigarren izan zen duela hiru aste. Hori errepikatuz irabaztetik oso gertu beharko luke. Faborito logikoa. 1 GRILO eroak hobera egin zuen bere azkenekoan Fayosen esku indartsuetan eta 2 kilometrora igoz. Orain distantzia laburtuta (bere trainerrari gustatzen ez zaiona) eta Fayosekin berriz, gertu egon behar du… bidean ezer arrarorik ez badu egiten behintzat. Gainontzerakoetan ezer gutxi. Agian arreta pittin bat jarriko diogu 8 NZAS debutariari, Nsork ezagunaren arreba baita. Beste honek debutean irabazi zuen. Familia goiztiarra hortaz.
Gure hautua: 6 MELODY FRANCE – 3 MANUMART – 1 GRILO
Asenel Saria (18:40): handikap 2. zatia
7 STORMY DANCE zaharrak 45 lasterketa ditu jada eta sekula irabazi gabe oraindik! Hau bezain aukera garbirik gutxi gehiago izango ditu. Bere azken bietan kokatu da eta oraingoak oraindik arerio ahulagoak dirudite. Betaurrekoak jarriko dizkiote gehiago zentratzeko. Monceaux arin-arina berriz zelan. Beraz, aitzakiarik ez zazpi urtetan aurrenekoz saria altxatzeko. Goazen xarra! 1 IRON ROCKek ordea badaki zer den hemen irabaztea. Berragerpenean gertu egon zen, hirugarren, Stormy Danceren atzetik Valenzuelaren gidaritzarekin. Orain Fayos izango du gainean, baina gure faboritoari ordukoan baino 4,5 kiloko abantaila handiagoa emango dio. Matematikek turfean zerbaitetarako balio badute, atzetik gelditu beharko litzateke. 5 HATHA berrengaiatu du Pereirak, lotearen maila eskasa ikusita seguru aski. Irteeretan oso bizia dela erakutsi berri du (Acclamationen alaba da). Orain Sousarekin, hasierako abantaila hori balia dezake kokapenen bat harrapatzeko. 3 ZINZA irabaztetik dator 2.000 metrotan eta hiru kilo igo dizkiote handikapean. Lotuta egon beharko luke, baina lotea hain da eskasa, sasoi puntu horrekin berriz gertu egon daitekeela.
Gure hautua: 7 STORMY DANCE – 1 IRON ROCK – 5 HATHA
Araeta Sagardotegia Saria (19:15): handikap 1. zatia
5 NYALA irabaztetik dator eta oraindik bere baliorik onenera iristeko tartea txikia badu handikapean. Sousak gidatuko du berriz. Pista gustukoa du eta gure faboritoa izango da. Halere, litekeena da ez topatzea aldekoa duen lur biguina. 7 SUCH PROMISE ere hemen irabaztetik dator, baina 2. zatiko handikap bat. Kategoria salto handia nabarituko du. Baina irabazi zuen moduarengatik (azkenekotik lehenengora “bi saltotan”) ahalmena ikusten diogu hemen borrokatzeko. Fayos gainean oraingoan ere. 4 HOLLOKO oso ondo berragertu zen orain hiru aste, laugarren eginez Arginzonesekin. Orain Janacek liderra izango du zelan. Handikapean bere baliorik altuenean dago eta 5 urterekin ez diogu hobekuntza handirik ikusten. Gertu baina irabazi gabe. 8 CRIMSON MYSTERY Diogo Teixeiraren patioarekin estreinatuko da, otsailetik korritu gabe dabil eta ez du pista ezagutzen. Handikapean oso baxu dago eta iaz Madrilen karrera politak egin zituen maila altuagoko arerioen kontra. Sorpresa errentagarria. 10 ROYAL DESTINY jadanik berragertuta, behingoz hobetzen hastea espero dugu. Halere, hobeto lehiatuko luke handikaparen bigarren zatian. Gelabertekin eta betaurrekoak estreinatuz, hirukoa osa lezake.
Gure hautua: 5 NYALA – 7 SUCH PROMISE – 8 CRIMSON MYSTERY
Hotel Viura Saria (19:50): Espainian jaiotakoak
Espainian jaiotakoentzako lasterketa honetan 4 AXIOCO izarra izango da gure faboritoa. Bere belaunaldiko zaldirik onena izanik, eta Pedro Cara -gerora graduetan nabarmendutakoa- gainditu ostean, lesionatu egin zen pasa den udan eta ezin izan dugu berriz ikusi orain hilabetera arte, berragerpen lasaia egin duenean Madrilen. Kokots-uhalak jantziko ditu aurrenekoz eta bere ingurukoek osatuta dagoela diote. Hori guztiz horrela bada, Urrezko Koparako bere ibilbidean, bera izango da hemen irabazlea. 1 TAZONES 1.600 eta 2.000 metro bitarteko lasterketetan dabil. Milian ondo korritu zuen Carudelen prestakuntzakoan, ez ordea egun handian. Goi mailakoekin borrokatzeko punttu bat falta zaio. Espainiarren artean destakatuko luke, ez balitz Axioco kapitaina bueltan delako. Bigarren. 2 DOCTOR OSCAR horrelako lasterketetan espezialista da, baina gaur bi arerio oso indartsu topatuko ditu eta otsailetik korritu gabe dago. 5 DUENDECILLOk hemen ez dauka zereginik, baina bere hamar urterekin berriz ikusteak poza ematen du. Horregatik aipatzen dugu, azkena izango den arren. Horregatik eta urtero Zubietan irabazten duelako. Eta aurten ez da gutxiago izango, noski.
Gure hautua: 4 AXIOCO – 1 TAZONES