Aurreko larunbateko zaletuen desertzioaren ondoren aste honetako jardunaldia igandez izango dugu eta, ustez, eguraldi bikainarekin. Harmailak beteago ikusteko baldintza perfektuekin alegia. Gainera programa mamitsua daukagu: Urrezko Koparako hainbat hautagaik euren indarrak neurtuko baitituzte prestakuntzazko karreretan. Pista egoera onean espero daiteke. Goazen guztia aztertzera.
1. Lasterketa (17:30): Biarritzeko hipodromoa saria (jockey amateurrak). 1.600 m
Pronostiko zaileko karrera, amateurren gehienak bezalaxe. Hautagai nagusiek karga handia eraman beharko dute: 03 ADAAYLIGHT DANCER eta 02 ANAZ behorrek 68,5 eta 69,5 kg, hurrenez hurren. Askotxo. Sasoian dabiltza eta jockey gazte eta fidagarriak dituzte. Baina pisu hori mugitzea ez da xamurra. 04 LINDA hemen irabaztetik dator eta pisu eramangarriagoa darama. Sarabia jockey beteranoak jakin beharko luke besteen gainkargaz aprobetxatzen. Gure faboritoa da. 01 LONE PEAK gure pistako klasiko handi bat da amateurren probetan, baina aspalditik korritu gabe dabil eta azkenekoak gainera gaizki. Pisu itzela (69 kg) eta trainer aldaketa tartean. Hurrengoetarako. 05 BAADIR gaizkiegi korritzen ari da. Handikapean sekula ez da hain baxu egon. Kargaren arintasuna eta besteen hutsak aprobetxa ditzake berpizteko.
Gure hautua: 04 LINDA – 03 ADAAYLIGHT DANCER – 05 BAADIR
2. Lasterketa (18:05): Gautena saria (2 urteko moxalak). 1.300 m
03 ENORINAk debut polita utzi zuen Red Hot Action Imaztarraren atzean eta gerora irabazle ateratako Queen of Gloryren aurretik. Deskargu goxoarekin berriz, estraineko hura seguru hobetzen duela. Aurre-aurrean egon behar du. Karrera hartan ere debutatu zuen 01 AMERICANOk. Hori bai, lasai lasai aritu zen bere ikuluko kidea baitzihoan garaipenaren bila. Halere laugarren izan zen. Imaztarrak espezialistak dira gaztetxoenekin. Orain zorroztuago aterako da eta Fayosen bultzada izango du faboritoa estutzeko. Kontuz. Martuleko 02 ARQUETUk bigarren on bat lortu zuen bere debutean Madrilen. Janacek eramango du zelan. Ikusteke gurean ea nola moldatzen den. 04 ZHARINAk jatorri bikaina du baina ez zuen apartekorik erakutsi debutean. Arretaz jarraitu behar zaio. Debuta egingo dutenen artean 06 PINSAPOri begi bat botako diogu. Jakina da Arizkorretak ez diela lehenengo egunean estutzen baina paper interesgarriak baditu.
Gure hautua: 03 ENORINA – 01 AMERICANO – 02 ARQUETU
3. Lasterketa (18:40): Insalus saria (4 urtetik gorakoak). 2.200 m
Urrezko Koparen aurreko aperitifa, bigarren mailako hautagi zaharrak bilduko dituena. Ea zeintzuk egiten dituzten merezimendu nahikoak abuztuaren 15eko irteeran egoteko. 08 SAY GOOD BUY alemaniarra gladiadore zahar bat da, mila bataila eta hipodromotan zaildutakoa. Gaspar Vaz aztia honi ere petroleoa ateratzen ari zaio. Udaberrian Alburquerque Dukea saria ia-ia ostu zien Madrildarrei, kapitalean denak aztoratuta utziz. Hemen ez da sekula aritu baina bertan entrenatzen ari da eta bere estilo puntazale eta erasotzailea primerakoa da gurean. Urrean ez dugu espero baina gaurkoan bai. Ezpal berekoa da 02 FURIOSO espainiarra. Honi ere klase puntutxo bat falta zaio handienekin lehiatzeko baina maila honetan ezin fidagarriagoa da. Paueko hondarrean eta Sr. Moritzeko elur gainean (Listed) irabaztetik dator. Iaz bigarren izan zen proba honetan eta laugarren Kopan. Aurreratzen diona txapeldun. Komunikabideen faboritoa 04 STOUR da, Frankel handiaren semea. Oscar Anayak merke aurkitutako beste mauka horietako bat. 4 urte, 6 karrera eta bakarrik bi hipodromo ezagutzen ditu, Dundalk eta HZkoa. Madrilgo GPn bosgarren, benetako borrokan sartu gabe. Denborarekin hobetzen joango da, distantzia gehiagorekin. Probatzera dator ea Zubieta zer moduz egokitzen zaion. 01 CHEVALIER CATHAREk hirugarren egin zuen iazko Kopan. 8 hilabete korritu gabe egon da. Hemen berragertuko da Urrearen hitzordurako prestatzeko. Lasai. 07 PHILAU Madrilen handikap bat irabaztetik dator oso itxura onarekin. Iazko udan fitxaketa handi gisa ekarri zuten baina dezepzioak baino ez ditu pilatu. Olaveren ikulua sintonizatzen hasita dago. Outsiderra.
Gure hautua: 08 SAY GOOD BUY – 02 FURIOSO – 04 STOUR
4. Lasterketa (19:15): Noticias de Gipuzkoa (erreferentziazko handikapa). 1.500 m
Protagonista berdintsuak dituen enegarren handikapa. 10 STERLING GOLDek abisu ozenak utzi ditu. Irabazteko dago. Azkenekoan pisuz zapalduta eta gainkargarekin atera arren lanak eman zizkion Tales ukiezinari. Gaurkoan ez da zapalduta aterako eta gainera Vicky Alonsok beste 3 kiloko deskargua erantsiko dio. Atezainik gabeko penaltia. Bakarrik bultzatu. 02 KOHOOF F. Jimenezen ikulura pasa denetik izan zuen balioa berreskuratzen hasi da. Azkenekoan hemen, lehenengo zatian, Cuppacoffe, Catapum eta Holloko bakarrik izan zituen aurretik. Oraingo arerioak askoz eskasagoak dira eta oraindik birgaitzeko tarte handia du. Aurrean espero dugu. 04 BATTLE OF WATERLOO ere lehen ez zen kategoria honetakoa. Baina asko jaitsi da azken aldian. Hemen bi aldiz korritutakoa da, aspaldi, eta bietan bigarren. Fayos arduratuko da ordukoak gogorarazteaz. Guk ez dugu ahaztuko. 07 DREAM START garaipenetik oso gertu ibili da aurtengo karreretan. Azkenekoan Vicky Alonsok oso atzean ekarri zuen eta aukerarik ez erremontatzeko. Gaur Janacek ez da despistatuko. Kokatzeko. 03 LIGHTNINGSUNek sua jarriko dio probari hasierako metrotik. Martinez modako aprendizak 3 kiloko deskargua emango dio. Azkenekoetan oso ondo korritu du hemen zein Madrilen. Pisua askoz eramangarriagoa zaio gaurkoan. Gertu. 01 PEKEN gaztetxoa aurreneko aldiz arituko da zaharren artean. Hobetzen jarraituko du baina hemen zaharrenek ez dute despisterik barkatzen. Aurrerago.
Gure hautua: 10 STERLING GOLD – 02 KOHOOF – 04 BATTLE OF WATERLOO
5. Lasterketa (19:50): Gipuzkoako Foru Aldundia. 2.200 m
Urreari begira 8 gazte bilduko ditu prestakuntzazko proba honek. Gure ustez, abuztuko hitzordu nagusian aritzeko maila bakarrik bik izan dezakete, 01 CATAPUMek eta 03 WHITE KINGek. Derbyan errege zuriak egurra eman zion Elarrerenari. 2.400 m ziren orduan eta Madrilgo pista goranzko amaiera gogorrarekin. Oraingoan Catapumek etxean jokatzen du eta distantzia ez zaio hain luzea egingo. Topera aterako da. Rodriguezek inoizko diamante baliotsuena du esku artean. Bere ibilbidea handienen zirkuituan kudeatzen asmatzen badu denbora luzerako txapeldun bat izan dezakegu. Karrera oso berdinduta ikusten dugu. Espaloi batzuk beherago 02 JOLI COUP eta 06 GLORYTOF daude. Sarabiarenak handikapetan ogibidea ateratzeko adinako balioa berretsi du oraintsu Frantzian. Sotorena faboritoa zen Derbyan baina irteeran arazoak eman eta ez zuen parte hartu. Asko hobetu beharko lukete bi faboritoei itzala egiteko.
Gure hautua: 03 WHITE KING – 01 CATAPUM – 06 GLORYTOF