Badatoz egun handiak. Airean urre-printza batzuk ere usaitu genituen, abuztuaren 15ekoa iragarpena. Urrezko Koparako prestakuntzazko karrerak ikusi ahal izan genituen, bi probetan. Zaharrenak batetik eta gazteenak bestetik. Azken honetan txundituta utzi gintuen beste behin White King zuriaren indartzarrak. Zaharrenean berriz, ezusteko galanta izan zen Philau promesa-ohiaren berpizkundearekin. Urrean matrikulatutakoek atzerrian ere lortu berri dituzten emaitzekin Kopa mundiala begiztatzen dugu gure harmaila honetatik. Ea bada.
1. Lasterketa: Biarritzeko hipodromoa saria (jockey amateurrak). 1.600 m

Pisu arinak aprobetxatu egin ziren faboritoen zamaz eta sorpresa eman zute goizeko lehenengoan. Relaño puntan jarri zuen 05 BAADIR 06 BRIAREOren itzalean eta erritmo bizia jarriz karga gehiago zutenei metroak izerdiarazi zieten. Zuzenean borroka egin zuen Sarabiak zekarren 04 LINDArekin baina gorputz erdi batez nagusitu zitzaion Jesus Lopezek entrenatzen duen 5 urteko arrak, Showcasingen semea. Lopezen enegarren garaipena Zubietan. Udan hemen erroldatzeak, Madrilgo labetik ihesi, sekulako emaitzak ematen ari zaizkio madrildarrari. Jarraitu beharrekoa. 01 LONE PEAKi apunte txiki bat ikusi genion hilabeteak korritu gabe eman ondoren. Hau ere segitzeko.
Bere tokian: LINDA / Huts: ADAAYLIGHT DANCER / Jarraitzeko: BAADIR, LONE PEAK
2. Lasterketa: Gautena saria (2 urteko moxalak). 1.300 m

Atarikoan esaten genuen 04 ZHARINAri beste aukera bat eman behar zitzaiola debut gris baten ondoren, jatorri bikaina baitu (Oasis Dream). Eta denak atzean utzi zituen lauhazka interesgarri batekin. Pronostikoak ipurdiz gora utzi zituen Gelabertek gidatutakoak. Nagusitasunez hasieratik amaieraraino. HItzordu handitan kontuan hartzeko moduko moxala. Atzetik, beste borroka batean, 01 AMERICANO biziago agertu zen honetan eta, atzetik aurrera etorriz, irabazlearengana gerturatzen saiatu zen baina alperrik. 03 ENORINA faboritoak aldiz oso ibilbide herabea izan zuen eta nahiz eta amaieran atzetik errematatzen saiatu bakarrik hirugarren plaza eskuratzeko balio izan zion. 06 PINSAPOren planta gustatu zitzaigun padockean baina karrera iluna egin zuen bere ikulukoen debuten ohiturari jarraituz. Aurrerago.
Bere tokian: 01 AMERICANO / Huts: 02 ARQUETU / Jarraitzeko: 04 ZHARINA
3. Lasterketa: Insalus saria (4 urtetik gorakoak). 2.200 m

Urrerako prestakuntzazko lehenengo ring honetan ez da protagonista nagusirik aterako. Sorpresa galanta eman zuen 07 PHILAU 4 urteko zaldiak. Frantzian bere aurreneko hiru karreretan Sogorben ikulurako bertakoak txundituta utzi zituen 41eko balioa erdietsiz. Orduan Olavek fitxatu zuen J Peleteiroren ikulurako eta zaldia beherantz etorri zen oso. Baina esaten genuen gorantz zetorrela eta behintzat proba honetan bildutako urre-hautagaiak agerian utzi zituen. Oso zaldi polita Whipperren seme hau baina ez dakigu urrerako besteko maila izango ote duen. Kontua da 08 SAY GOOD BUY gure faboritoak denak errenkan jarri zituela erritmo itogarri bat ezarriz. Mingaina kanpoan ekarri zituen, azkarregi. Borja Fayosek jakin izan zuen 07 PHILAU atze-atzean gordeta ekartzen aurreko eromenari erantzun gabe. Puntakoari bateria agortu zitzaionean Janacekek erraz jarri zuen aurrean 02 FURIOSO eta 300 metro faltan bazirudien irabazle garbia izango zela, baina orduan Fayosek bere makinaria martxan jarri zuen eta metroz-metro aurrekoari distantzia jaten joan zitzaion ispiluen gailentzeraino. Bikain Borja Fayos beste behin. Hirugarren beste sorpresa handi bat: 06 GAHERIS, Alvaro Odriozolarena. Gauzak horrela hirukoa asmatzailerik gabe geratu zen. 04 STOUR, zaldi mardula, ez genuen gustura ikusi gure hipodromoan. Agian urrerako proba honen ondoren mus emango dute.
Bere tokian: 02 FURIOSO / Huts: 04 STOUR / Jarraitzeko: 07 PHILAU
4. Lasterketa (19:15): Noticias de Gipuzkoa (erreferentziazko handikapa). 1.500 m

Txanpa ederrean dabil Borja Fayos balentzairra. 04 BATTLE OF WATERLOOrekin arratsaldeko bigarren garaipena erdietsi zuen. Esaten genuen handikapean gehiegi jaitsitako zaldia zela eta hain konpainia ahularen kontra ondo egin zezakeela (bere susperraldia ez da hemen geratuko). Eta hala egin zuen nahiz eta zaleek berarengan konfidantza handirik ez jarri. Nagusitasunez irabazi zien 07 DREAM START eternalari -gaurkoan Janacek bizkorrak aurrean ekarri zuena- eta 10 STERLING GOLD apalari. Azken hau, faborito handia, oso atzean etorri zen eta, karrera hain bizkorra izanik, ezinean aritu zen puntakoei metroak jateko. Vicky Alonsok gure pistan errepikatzen duen akatsa beste behin. Arratsaldeko zurrumurruetako batek, 03 LIGHTNINGSUNek, erritmo zoroa jarri zuen baina gasolina bihurgunetik atera eta agortu egin zitzaion. Galdu ezin zuen beste zurrumurru batek, 05 TURIAk, dezente hobetu zituen azkenekoak eta denboraldian zeozer atera dezakeela erakutsi zuen. Zurrumurruen kapitiluan azkena, 09 KANTIO, ez zen enteratu ere hain distantzia motzean eta halako abiaduran. Luzeago batean espero dugu. Eta libretan 08 HAVANA MAGICen izena apuntatu genuen, hurrengorako. Bugatin hainbat jockey kexatu egin ziren Estupiñanen (02 KOHOOF) mugimendu arriskutsuez.
Bere tokian: 07 DREAM START / Huts: 10 STERLING GOLD / Jarraitzeko: 04 BATTLE OF WATERLOO, 08 HAVANA MAGIC
5. Lasterketa: Gipuzkoako Foru Aldundia. 2.200 m

Gero eta itxura ederragoa hartzen ari gara 03 WHITE KING zuriari. Bere trainerra ez da gure faboritoetakoa baina diamante honekin dena ondo ateratzen ari zaio. Laugarren garaipena jarraian eta bere adinekoekin jolasean. Nahi izan zuen bezalaxe irabazi zien Janacekek. Derbyaren ostean ikusteke zegoen zaldiaren errekuperazioa eta bisitari moduan 01 CATAPUMen etxean zer egiteko gai izango zen. Mahai gaineko danbatekoaren oihartzuna abuztuaren 15eraino iritsiko da. A zer erakustaldia! Elarrerenak eginahalak egin zituen puntan eusteko baina atzetik zetorren tanke zuriaren ondoan txingurria zirudien. 06 GLORYTOFek orain bai, irteerako atetxoetan sartzea lortu zuen, eta baita maila polita eman ere bigarren izateko. Baina irabazlearekin zerikusirik ez. Beste maila bat. Laburpen gisa, gazteen artetik, ikusitakoarengatik, bakarrik 03 WHITE KING espero dugu urrearen hitzorduan. Eta nahiz eta bere belaunaldikoak lotsagarri aritu zaharren kontrako orain arteko lehietan, ez dugu uste berdina pasako denik errege zuriarekin. Atzo aho-zabalik utzi gintuen.
Bere tokian: : 01 CATAPUM / Jarraitzeko: 03 WHITE KING
Argazki galeria
Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar