zaldilasterketak.eus

Uztailak 25: analisia

Gerturatzen ari dira abuztuko egun handiak eta motorrak probatzen hasteko ordua iritsi da. Urrezko Koparen aurretik zahar eta gazteek, bakoitzak bere aldetik, euren indarrak probatuko dituzte ea abuztuaren 15ean irteeran egoteko moduan dauden frogatzeko. Interesgarriak izango dira bi probak baina arreta berezia ere jarriko diogu arratsaldeko lehenengoari, prestakuntzazkoa izan ez arren, urre lurrin berezia baitauka. Ohiko igande arratsaldeko saioa izango da (ez da PMU) eta euria iragarri dute. Ea ez duten asmatzen.

1. Lasterketa (17:30): AEGRI saria (jockey amateurrak). 2.000 m

Urre lurrina bai, 04 RIOCORVO alemaniarrari dariona. Aspaldi honetan gehien txunditu gaituen lauhazka erakutsi zuen bost urteko zaldi honek. Ekaina hasiera zen eta urte terdi lehorrean egotetik etorri arren, txapeldunen moduan irabazi zuen. Hiru karrera bakarrik ditu bere historialean. Eta den-denak irabazi ditu, tartean osatze-denboraldi luzeekin. Izan ere kristalezko apoa du eta pistara irtetzen den bakoitzean hatzak gurutzatu behar ditugu. Aurreneko aldia da bi karrera segidan korritzen dituela. Minik hartzen ez badu hau tramite huts bat izango da abuztuaren 15erako ibilbidean. Bigarrena ez da argazkian aterako. 02 OBANOS horrelako probetako ohiko kide bat da. Ekainekoan gure faboritoaren atzetik bigarren egin zuen, gerturatu gabe. Baldintza berdintsuetan emaitza berdintsua espero dugu. Sarabia beteranoa gidari. 01 LONE PEAK ere proba hauetako beste klasiko bat da beti bere jabe eta gidari amateurra zelan duela. Oso ondo moldatzen da pistan baina distantzia hain luzea ez du sekula egin, miliar peto-petoa da. Beste biek uzten diotena jango du.

Gure hautua: 04 RIOCORVO – 02 OBANOS – 01 LONE PEAK

2. Lasterketa (18:00): Donostiako Klub Nautikoa saria. 2 urteko moxal ez irabazleak. 1.300 m.

01 BRAVOren jatorriaren arabera (Noozhoh Canarias eta Vamos España) ezin bizkorrago eta goiztiarragoa behar du izan. Hala erakutsi du birritan Madrilen adineko onenen atzetik (Galilodge eta Bribon) hirugarren sartua. Arizkorretak insistitzen du berarekin maidenetik berehala ateratzeko. Metroz juxtu ibil daitekeen arren esperientzia dauka eta gehien erakutsi duena da. Gure faboritoa. 02 SATERRITORISEri buruz ondo hitz egiten zen aurreko jardunaldiaren atarian. Denak aho bete hortz utzi gintuen Bugattiko bihurgunea marraztu beharrean zuzen kontrako hesira joan zenean. Ikasi duelakoan beste aukera bat emango diogu ea zuzen datorren oraingoan. 04 PRETTY EMERALDek errematetxo bat utzi zuen bere debutean Madrilen Black Voice irabazlearengandik oso urruti. Besteen hutsak aprobetxa ditzake bikoan sartzeko. Karrera honetarako ikusten ez ditugun arren ez ditugu aipatu gabe utzi nahi Zubietan nabarmendu ziren bi behorren moxalak: 03 AQABA (Kool Kompany eta Relampago) eta 05 VIDE (Abdel eta Gatz). Lehenengoak ez zuen ezer erakutsi bere debutean Madrilen baina bere ama hemen karrera asko irabazitakoa zen eta aitaren aldetik emaitza onak espero dira. Arretaz jarraitzeko. Gatz dotorea ere Zubietan asko nabarmendutakoa zen eta itxaropenez begiratuko diogu bere Vide debutariari.

Gure hautua: 01 BRAVO – 02 SATERRIRORISE – 04 PRETTY EMERALD

3. Lasterketa ( 18:30): Noticias de Gipuzkoa saria. 2.200 m

Hemengo guztiak (07 GRILO izan ezik) Urrezko Kopan izena emanda daude. Punta-puntako zaldiak falta dira baina probak balio izan behar du ezagutzeko zeinek merezi duen abuztuaren 15ean egotea eta zeinek ez. 05 ST PETER´S BASILICA ez da orain arte maila honetan aritu. Zaldi ezin eroagoa, badirudi azken hilabeteotan aske zituen torlojuak estutu dizkiotela eta bere potentziala ustiatzen hasita dirudi Fayos-Lopez bikotea. Handikapetan hiru garaipen ditu aurten, horietatik azkena benetan deigarria. Erne denak, Galileoren seme bat daukagula Zubietako belar gainean. Luxuzko jatorria izan arren orain arte ez du bere anaien maila erakutsi (hiru Graduko irabazleak dira). Izaera korapilotsua bai ordea. Tximistak ez badio jotzen eta punta hartzen badu aukera polita ikusten diogu helmugaraino iristeko Fayos bere ohiko konplizearekin. Ahalmena badu. 01 ABU iazko Urrezko Kopara pletoriko iritsi zen zaharrei desafioa botatzeko prest. Huts egin eta ondoren pistetatik kanpo ibili da. Berriki oso lasai berragertu da, azkenekoan ezinezko pisuarekin (72 kg). Garaia du gaztetan erakutsitako grina berresteko nahiz eta gaurkoan bere arerioei kiloren bat eman behar. 06 EMINENCE Rocio zalditegiaren fitxaketa galaktikoak dezepzioak pilatzen ditu bata bestearen atzetik. Irletatik ekarri zutenetik ez du irabazterik lortu. Hemen iaz Arrigunaga apalak lapurtu zion galdu ezinezko karrera. Madrilen aurten milian ari da. Zubietan Urrezko Kopan eta Jaurlaritzan izena emanda dago. Badirudi beraiek ere ez dakitela zer egin Sea the Starsen seme honekin. Izen eta ingurune handikoa, guk arrakala asko ikusten dizkiogu. Borroka dagoenean kikilduta ikusi dugu. Zalantzak. 08 MOLLY KING beteranoak Zambudioren deskargu itzelari esker pisuz oso ondo ateratzen da (ea taulazaleek zer dioten). Ez du besteen glamourra baina sasoian dabil eta horrelako opari bat aprobetxatu beharko luke. Bere mailan oso fidagarria da. Sorpresa.

Gure hautua: 05 ST PETERS BASILICA – 01 ABU – 08 MOLLY KING

4. Lasterketa (19:00): Garda seguridad saria. Handikap. 1.500 m

Aspaldi ikusi dugun loterik ahulenetakoa da laugarren karrera honetakoa. 01 KUVASZ zaharra beste maila bateko arerioen kontra aritzen ohitua dago. Ez du bere garai onenetako balioa baina egun erakutsi duenarekin ere soberan du hemengo hauek gainditzeko. Sasoian dator Madrildik, Anaya entrenatzaileak neurria hartuta die hemengo handikapei eta Fayos liderra izango du uhaletan. Zalantza gutxi. 09 ROCKOLA kokatu egin da hemen azken bi handikapetan. Alonso gazteraren bost kiloko deskarguarekin izugarri ondo ateratzen da pisuz. Gure faboritoaren alternatiba da. 02 GIPSY BLUE EYESengandik askoz gehiago espero zuten. Gogoratu behar da Maracay eta Farzaneh gainditzeko gai izan zela urrian, lokatzetan. Baina arrez geroztik penagarri aritu da, Delcherren ikuluko gehienak bezalaxe, handikap apal honetan erortzeraino. Uste dugu ezin duela hain txarra izan eta agian pista aldaketarekin eta Zambudioren deskargu ikaragarriarekin (beste 5 kilo!) esna liteke. Auskalo. 10 MYALDAGOBA bigarren izan zen hemen martxoan antzeko arerioen kontra. Madrilgo hondarrean gaizki korritzetik dator distantzia luzean. Hemen gertu ibil daitekeela uste dugu. 3 QUILOMBO oso berragerpen ona egin zuen iaz hemen amateurren karrera batean. Min hartuta egon da eta orain berragertuko da. Baina arerioak hain apalak izanik ez ginateke harrituko aurrean ikusiz gero, bereziki lur biguna topatuko balu.

Gure hautua: 01 KUVASZ – 09 ROCKOLA – 02 GIPSY BLUE EYES

5. Lasterketa (19:30): Gipuzkoako Foru Aldundia “Piztu Kultura” saria. 3 urtekoak. 2.200 m .

Prestakuntzazko proba honetan arituko direnetik bakarrik 05 PHILAU izena emanda dago Urrezko Kopan. Zaldi berri xamarra da, bakarrik hiru karrera ditu eta Frantzian 41 balioarekin sailkatu dute. Olavek Sogorben ikulutik erosi zuen Madrilgo Derbya korritzeko asmoarekin baina ezin izan da berragertu gaur arte. Bere balio frantsesarekin hemen irabazi beharko luke, baina ez du pista ezagutzen eta aspaldi korritu gabe dago. Hurrengoetan bai. Zubietan topera dabilena 03 LUANCO da. Gurean lautan irten da eta hiru irabazi, azkena zaharren kontrako handikap batean nahi bezala. Ez dago pistara bere egokitzapena duenik ezta sasoi puntu horrekin. Janacek ere berriz lagun. Gure faboritoa. 01 DOMI GOk iaz dena irabazi zuen, baita hemen korritutako biak. Adin klasikoan ostera lidergo hori galdu egin du baina Poulean zein Derbyan ez da hain urruti ibili. Distantzia honetan hobeto arituko da baina pisua eman behar die guztiei. Hobekuntza espero dugu baina ez irabazteko adina.

Gure hautua: 03 LUANCO – 05 PHILAU – 01 DOMI GO

Uztailak 25: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top