RIOCORVO eta ST PETERS BASILICA, bi hautagai Urrezko Koparako. Biak ala biak historial gorabeheratsukoak eta zaintza lan handiak eman dizkietenak euren ardunadunei. Beraiek izan ziren atzoko protagonista nagusienak beste arratsalde argitsu batean. Jendeak ederki erantzun zion deialdiari edukiera betetzeraino (1.500 lagun). Argi dago igande arratsaldeko hitzordua klasiko handi bat dela gure hipodromoan. Hemen atzoko gertatutakoaren kronikatxoa eta Dabid Argindarren argazki galeria ederra:
1. Lasterketa: AEGRI saria (jockey amateurrak). 2.000 m

Lautik lau. RIOCORVOk ez daki zer den galtzea. Proba erraza bilatu nahi izan zion Remolina entrenatzaileak Urrezko Koparako bidean. Eta baita honek ederki erantzun ere. Inongo arazorik ez zuen izan ibilbide osoan gertutik LONE PEAK puntazalea zaintzeko eta nahi izan zuenean hau gainditu eta lasai asko irabaztera joateko. Ez zen besterik espero baina berriz ere itxura ederra eman zuen Pastoriusen seme alemaniar honek. Boteretsu ikusten zaio nahiz eta benetako estutasunik ez duen ezagutu orain arte. Urrezko Kopan espero dugu kanpotarrei aurre egiteko prest. Bi gorputzera LONE PEAK iritsi zen eta zertxobait atzerago OBANOS uste baino karrera ilunagoa eginez, benetako arriskurik gabe.
Bere tokian: RIOCORVO / Huts: OBANOS / Jarraitzeko: RIOCORVO
2. Lasterketa: Donostiako Klub Nautikoa saria. 2 urteko moxal ez irabazleak. 1.300 m.

2 urtekoen karrerak ez daude suerteko aurten. Matrikulazio eskasia dela eta gorabeherak direla, ez dugu aukerarik izan belaunaldi berrikoen arteko lehia interesgarririk ikusteko. Oraingoan SATERRITORISEk berriz ere hankaz gora jarri zuen karrera. Aurretik VIDE debutaria oso motel irten zen aukera guztiak galduz. Fonseca ere ez zen gai izan Imazen moxala Bugattin kontrolatzeko eta berriz ere zuzen joan zen kontrako hesirantz. Komisarioek arriskutsutzat jo dute eta baita aurrerantzean bere parte hartzea debekatu ere. Hori gutxi ez eta AQABArekin Vicky Alonso azkarregi sartu zen bihurgunean eta hau ere lurrera joan zen bihurgunea hartu ezinik. Bugattik bi biktima utzi zituen, zorionez biak kalterik gabe. Gauzak horrela lasterketa buruz-buruko bat izan zen BRAVO eta PRETTY EMERALDen artean. Lehenengoa barrutik azken metroetan itzaltzen zen heinean behorrak erremate polita erakutsi zuen garaipena eskuratzeraino. Ia konturatu gabe VIDE debutaria hirugarren tokiarekin topatu zen, oso urruti aurreko biengandik.
Bere tokian: BRAVO / Huts: SATERRITORISE / Jarraitzeko: PRETTY EMERALD
3. Lasterketa: Noticias de Gipuzkoa saria. 2.200 m

Gora eta gora darrai Galileoren semeak. Hirugarren garaipena jarraian eta zein baino zein argiagoa. ST PETERS BASILICA eroso bidaiatu zen GRILO puntazalearen isatsera. Errenkan ekarri zituen portugaldarrak zuzenaren erdira arte. Orduntxe Fayosek bere zaldiari martxa bat gehiago eskatu zion eta boteretsu joan zen ispiluraino, gehiagorako ere gai dela iradokiz. Atzetik erremate bortitzak atera zituzten FURIOSOk eta CHEVALIER CATHAREk, baina irabazlearengana gerturatu ezinik. Erne bigarrenarekin, Frantzian balio sendoa oso konfirmatua baitu eta hemen hurbilago egon zitekeen eta. ABU ere hauekin lehiatzeko imintzioa egin zuen baina berehala amore eman karga handiagoaren erruz. Huts galanta izen handienena, EMINENCE eta ISKANDERHON, zein baino zein ilunago. Kezkagarri. Eta erne hurrengo handikapean GRILOrekin, uste baino hobeto aritu baitzen distantzia luzeegian.
Bere tokian: ST PETERS BASILICA / Huts: EMINENCE / Jarraitzeko: CHEVALIER CATHARE
4. Lasterketa: Garda seguridad saria. Handikap. 1.500 m

Arratsaldeko danbatekoa HAVANA MAGICek jo zuen, 16/1 ordainduz. Komunikabideon pronostikoetan sei urteko behor honen arrastorik ere ez zegoen, seguraski bere aurtengo karrera beltz guztiak gidatuta. Baina ahaztuta genuen ere hemen iazko udan irabazitakoa zela eta aurten aurreneko aldiz jockey profesional baten gidaritza zuela. Pozarren hartu zuen Marce Pulidok bere garaipena. Barrutik KUVASZekin Fayosek beste karrera bat poltsikora eramango zuela zirudienean hortxe azaldu zen entrenatzaile kataluinarraren behorra azken metroetan bere burua aurretik sartzeko. JUST ONE LOOKek aspaldiko karrera txukunena egin zuen hirugarren tokia lortuz.
Bere tokian: KUVASZ / Huts: ROCKOLA / Jarraitzeko: JUST ONE LOOK
5. Lasterketa: Gipuzkoako Foru Aldundia “Piztu Kultura” saria. 3 urtekoak. 2.200 m

Esaten genuen atarikoan DOMI GOk ez zuela erridikulua egin aurtengo Poulean eta Derbyan. Bata motz eta bestea luze, bitarteko distantzian aurkitu du Martulekoak bere neurria. Indartsu gailendu zitzaion PHILAU faboritoari, azken honen aurkezpenean gure pistan. Zaldi oso polita, hurrengoetan hobetzen joango da. Meritua eman behar zaio DOMI GOri bere arerioari 3 kilo ematen baitzizkion. Amaieran hirugarren sartu zen ASTURIAS Hrubosovaren pisu arinaz baliatuta. Behorra gorantz dator eta erne ibili beharko dugu berarekin Maria Cristinan. Deigarria ere BOUJOCen karrera, berarekin Vicky Alonso berriz ere Bugattin asko ireki baitzen baina hala eta guztiz ere errematea utzi zuen laugarren izateraino. Oso apal LUANCO, pistan izan duen karrerarik txarrena utziz.
Bere tokian: PHILAU / Huts: LUANCO / Jarraitzeko: ASTURIAS
Argazki galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar