Urrezko Kopa gerturatzen ari zaigu eta egun handia prestatzeko ordua iritsi da. Prestakuntzazko probak izango ditugu igandean. Biarritzeko hipodromoa saria zaharrentzako hitzordua eta Gipuzkoako Foru Aldundia hiru urteko moxalentzat. Pistan ikusiko ditugunetatik bakarrik zaharrak espero ditugu abuztuaren 15ean. Arretaz jarraituko dugu beraz, arratsaldeko bigarren karrera.
1. Lasterketa (17:30) Hipodromoa Turf saria
03 MERISI oso baldintza berdintsutan erraz nagusitu zen duela hiru aste. Dena alde du errepikatzeko. 01 IMPRESSIONANTek gehiegitxo arriskatu zuen lasterketa horretan, puntan ausartegi jokatuz. Oraingoan, Urbano gentlemanak zuhurrago jokatuko duelakoan, gure faboritoaren atzetik sartzea espero dugu. 07 FINTAS britainiarra berragertu berri da Madrilgo San Isidro esprintean oso maila altuko aurkarien kontra, azkena geratuz urtebeteko geldialdiaren ostean. Irletan 39ko balioa zeukan, gure faboritoaren berdina. Goizetan kronoak txikitzen omen dabil. Ez ahaztu. 08 LONE PEAK bere zalditegi berriarentzat berragertu zen duela hilabete elitearen kontra Madrilen. Puntan nabarmendu zen gero desagertzeko. Zubietan, hurrengoan, kaxoietan geratu zen. Bere balio frantsesekin borrokatzeko moduan egongo litzateke. Bere ingurunekoak esperantzak dituzte berarekin. Erne egongo gara ea berpizten den.
Gure hautua: 03 MERISI – 01 IMPRESSIONANT – 07 FINTAS
2. Lasterketa (18:05): Biarritzeko hipodromoa saria
Arratsaldeko momenturik gorena. Denek Urrezko Kopan izena emana dute 02 ELUAN izan ezik. 01 ATTY PERSEren ekaineko erakustaldia pista honetan bertan oraindik ninian gordeta daukagu. Zubietako ibilbidera ezin hobeto egokitzen da karrera puntan eginez. Oraingoan pisu baldintzak ez ditu hain aldekoak, baina Frankel handiaren seme honek kopetean iltzatuta du Urrezko Kopako bere brontzea hobetzea. Okerrenean bigarren ikusiko genuke. 08 ZASCANDIL erraz irabaztetik dator galdu ezin zuen lasterketan. Iazko Urrezko Kopan lesionatu ostean bere hirugarren irteera izango da, pausoz-pauso hobetzen. Kotoiaren froga pasako du orain. Ea ez digun beste Axioco bat egiten. 3 kiloko abantaila bere alde. Irabaz dezake. 05 RED ONIONek lasterketa honetako azken bi edizioak irabazi ditu, beti faboritoak ustekabean harrapatuz. Prestakuntzakoetan espezialista. Berriz forma ederrean dator, milian nahi bezala irabaztetik eta pista hau bere etxetzat du. Fayos jaitsi eta Gelabert gora. Faboritoak maila altuagokoak dira, baina haiek abuztuaren 15era begira daude… zergatik ez berriz? 06 COSMIC HORIZON Arizkorretaren fitxaketa britaniarra Madrilen abisatzetik dator baina distantzia laburragoan eta arerio ahulagoen kontra. Esperantzak dituzte Excelebrationen seme honekin baina gaurkoa ez da edonolako lotea. Ikusiko dugu. 04 PUTUMAYOren presentzia prestakuntzako honetan harritu gaitu. Xavier Thomas propio dator. Udazkenean Frantziara joan zenetik bi karreratxo izan ditu, horietako bat irabaziz. Ezin dugu ahaztu iaz Madrilgo GPan Hipodamo eta Zascandilengandik oso gertu egon zela, hirugarren izateraino. Erne berarekin.
Gure hautua: 01 ATTY PERSE – 08 ZASCANDIL – 05 RED ONION
3. Lasterketa (18:40): Joyeria Ayerdi saria
04 MIDNIGHT STAR eskalan eroso dabil eta Madrilgo hondarrean abisu serioa uztetik dator. Miliaren inguruan nabarmendu da baina azkenaldian distantzia luzeagoetan ere txukun dabil. Pistan irabazlea da. Oraingoan Sousa gidari, festa portugaldarra osatzeko. Kotizazio altuko gure faboritoa. 01 SATIN CHIC gauza bat dela edo bestea dela ez du bere karrera aurkitzen eta handikapean beherantz doa. Orain bigarren zatian erori da, eta jakina, 2. zatiko handikapeko 1 zenbakiduna jainkoa izaten da. Pistan bitan irabazlea da eta hau da bere distantzia. Garai zaharrak gogoratu eta berpiztu daiteke. 06 LA FRISLA azken bietan garaipenetik oso gertu ibili da, baina uste dugu maila eskasagoko loteak zirela haiek. Melgarejo jaitsi eta Fayos igoko da. Berriz saltsan. 11 BELLA BARONESA garaile gisa estreinatu berri da Puenteren aginduetara. Hobetzeko tartea ikusten diogu baina hobeto distantzia luzeagoetan. 08 DOBLE O NADA La Frislarekin borrokan aritu zen Bella Baronessa irabazitako karrera horretan. Janacek berriz ere bere gainean. Oraingoan ere gertu egotea espero dugu.
Gure hautua: 04 MIDNIGHT STAR – 01 SATIN CHIC – 11 BELLA BARONESSA
4. Lasterketa (19:15): Noticias de Gipuzkoa
10 ORRIk azken zentimetroan galdu zuen bere aurreko lasterketa. Valenzuela gaztea azkarregi bota zuen erasoa eta kosta zitzaion ispilura iristea. Orain baldintza oso berdintsuak baina 200 metro gutxiagorekin, asko eskertuko duena. Irabazle ikusten dugu. 07 VOLGARri ere sobratu zitzaizkion lasterketa horretako azken bi hektometroak. Baina aurretik bigarren oso deigarri bat utzi zuen hemen eta orain Janacek liderra izango du bikote. Gure konfidantza du berriz. 08 SIR MAUROk huts egin zuen hemen bere berrragerpen lokaztuan. Madrileñoren anaia izate hutsak badirudi beti faborito irtetzeko arrazoi nahikoa badela. Baina Madrilen gertu egotetik dator, bakarrik bere seigarren karrera da eta hobetzeko tarte handia izan beharko luke. Ea oraingoan. 12 CELESTIN´Sen zain gaude denboraldi honetan. Arizkorretarekin egotetik Costa kataluinarraren zalditegira pasa da, eskalan oso baxu dabil eta denboraldiko laugarren irteera du jada. Pista honetara ondo egokitzen da eta hobetzen dator poliki-poliki. Gelabert Arginzonesen ordez zelan. Sorpresa.
Gure hautua: 10 ORRI – 07 VOLGAR – 08 SIR MAURO
5. Lasterketa (19:50): Gipuzkoako Foru Aldundia saria
Gazteenek Urrezko Kopa prestatzeko low cost lasterketa. Zer ikusirik ez garai baten gaztetxo onenak biltzen zituen Foru Aldundiarekin. Berez parte hartzaile hauetatik inork ez de izena eman abuztuaren 15erako. 02 MAX´S THUNDERrek garaipen sendoa utzi zuen pandemia aurretik Madrilen, Abu izarrari isatsa erakutsiz. Orduan Frantziatik zetorren Mauri Delcher handiaren prestakuntzarekin. Orain, Christian bere anaiaren patioan jada, oso berragerpen grisa egitetik dator Madrilgo Velayos sarian. Ez dakigu zein bertsiorekin geratu, baina lotean ez dago oilarrik eta hortaz, bera izango da gure susmopeko faboritoa. 01 KUKO ez da sari handietarako zaldia izango baina pista honi neurria hartua dio eta irabazi nahi dionak ederki izerditu beharko du. Hemen hiru irteera ditu, garaipen bat eta bi bigarren postu, Abu eta Lakial nabarmenduen atzetik. Berriz bikoan. 06 LORENAk bi irteera ditu bakarrik urtebeten, ezer aipagarririk egin gabe. Erretiratua izatetik dator. Baina Zubietan egin zuen berragerpenean erremate polita eta berandutiarra ikusi genion distantzia oso laburrean. Orain nahi adina metro izango ditu hori garatzeko. Eta maila handirik ez dagoenez, sorpresa eman lezakeela uste dugu.
Gure hautua: 02 MAX´S THUNDER – 01 KUKO – 06 LORENA