zaldilasterketak.eus

Uztailak 3: analisia

Gure udako ohiko denboraldian sartzera goaz, igande arratsaldeko hitzordu klasikoarekin. Aurreko hilean izan ditugun programak baino zertxobait mardulagoa daukagu aurretik, 2 urteko debutari lote interesgarri batekin. Oraingo honetan ez da PMU sareko jokorik izango. Hauxe gure analisia.

1. Lasterketa (17:30): Belle Epoque saria (jockey amateurrak). 1.500 m

01 WHAT´S UP karrerako faborito nagusia da. Iaz Poulea irabazi ostean karrera nagusi guztietako helmugan azaldu zen Rodaballo, Resacon, Prince Hamlet eta abarrekin lehia estuan. Balio horrekin hemen ez luke areriorik izan beharko. Baina aurten burumakur dabil eta pistara atera den lau alditan ez da azaldu ere egin. Egindako gehiegizko esfortzuak ordainduz agian. Erre usaia dario. Zalantza asko sortzen dizkigu. 02 ALBORAN aldiz inoizko momenturik onenean dabil eta faboritoaren kategorian ez bada ibili ere oraintsu atzean utzi du erraz Madrilen baldintza berdintsuetan. Pistan oso ondo mugitzen da eta jockey txukuna darama. Fidatzeko modukoa. 05 PONT DE RUDA bi aldiz bigarren izan da hemen antzeko karreretan. Pista biguna balego hobeto berarentzat. Oso erregularra, besteek uzten diotena jasoko du.

Gure hautua: 02 ALBORAN – 05 PONT DE RUDA – 01 WHAT´S UP

2. Lasterketa (18:00): Basque destination saria (bi urteko moxalak). 1.200 m

Debutarietan Imaz abizena prestakuntza zorrotzaren sinonimoa da. Entrenatzaile beteranoak dio 07 RED HOT ACTION bizkor eta indartsu dabilela. Fayos darama gainean. Guk ez genioke buelta gehiago emango. 03 ADHARAk ere jatorri polita dauka eta bere entrenatzaile berriak Martul jakaren espektatibei erantzun nahi izango dio. Jarraitzeko modukoa. 05 MARY JOE Billycock Hill zaharraren arreba gaztea da. Arizkorretak entrenatzen duenez ez da topera aterako. Hurrengoetarako. 08 ROCK MOON Arizkorretaren beste debutaria da. Ama, Rock Eyes, ezaguna hemen Mª Cristina irabazi zuelako. Distantzia eta denbora gehiago beharko du. Aurrerrago. 06 QUEEN OF GLORYren familian ere lasterkari txukunak daude Irlanda aldean. Arretaz begiratuko diogu. Remolina ere azkar prestatzen dituen beste entrenatzaile bat da. Hemen 04 ENORINA aurkeztuko du. Bere jatorriarI erreparatuta ez dirudi oso urrutira iritsiko denik.

Gure hautua: 07 RED HOT ACTION – 03 ADHARA – 05 MARY JOE

3. Lasterketa (18:40): Endanea Garden saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.500 m

Ekainaren 8an ia protagonista beretsuak izan zituen lasterketaren bigarren kapitulua. Ordukoan First Crowd aurreratu zitzaion 07 LADY MC QUEENi eta honen atzetik sartu ziren 08 VERBENA, 04 PEKEN, 02 HUNTMAR eta 11 TURIA. Lady oso fidagarria da eta seguru berriz aurrean dagoela. Besteen artean suposatzekoa da 02 HUNTMARek (orain deskarguarekin) eta 04 PEKENek (De Julian orain Sousaren ordez) hobekuntzarako tarte handiagoa dutela, oso gutxi korritu baitute. 08 VERBENA behorra nahiko irregular azaldu da baina Madrilen inork baino balio handiagoa erakutsitakoa da. Oso berdinduta ikusten ditugu hauek guztiak. Karrera oso zaila pronostikorako. Sorpresazaleentzat apuntatu 09 KRYPTON aurreko astean, askoz lote indartsuagoan, laugarren egin baitzuen Tiger Bash, Pretty Emerald eta Saslongengandik gertu.

Gure hautua: 08 VERBENA – 07 LADY MC QUEEN – 09 KRYPTON

4. Lasterketa (19:15): Donostia-San Sebastian Turismoa (handikap 1. zatia). 2.200 m

Erditik behera bigarren zatiko usaina duen handikapa da hau. Horregatik goiko aldean bilatuko dugu irabazlea. 03 COLIBRI sasoian dabilela erakutsi du Madrilen udaberri honetan. Gurean iaz irabazitakoa da. Pisuz eta distantziaz ondo, eta Janacekekin, ez diogu itzal bakar bat ikusten. Gure irabazlea. 05 BABY GROOMek irabazteko dagoela iragarri zuen azkenekoan. Antzeko lotea zen orduan. Gaur distantzia luzetxo egingo zaio agian Gaspar Vaz GPMwinnerraren zaldiari. 11 CHAM´S DREAM 3 urteko moxalak aurreneko aldia du zaharren kontra. Gustatu zitzaigun nola menderatu zituen bere adineko promesa batzuk Madrilen. Hobetzen jarraituko du, seguru, baina bere belaunaldikoak galtzaile ateratzen ari dira zaharren kontra. Zalantzak. 01 ANAZ lote honetako “klasea” da. Baina distantzia luzetxo egingo zaio. Halere, kategoriarengatik, aurrean egon behar du. 02 COBRECESen zain gaude aspalditik baina ez digu seinalerik bidaltzen. Berriz arretaz jarraituko dugu. 12 SOUND OF VICTORYk (Sea the Starsen semea!!!) 2G korritutakoa da gaztaroan eta baita ondoren infernuetara jaitsitakoa ere. Orain Xatruch kataluinarrarekin etortzen zaigu berragertzera. Gaurkoan ez, baina opor sendagarriak izan baldin baditu udan zehar zeozer atera lezake.

Gure hautua: 03 COLIBRI – 05 BABY GROOM – 11 CHAM´S DREAM

5. Lasterketa (19:50): Onda Vasca saria (handikap 2. zatia). 2.200 m

4 urte izan arren 02 CAROLINA WEST oso berria da, bakarrik 6 karrera ditu. Jatorri txukunekoa da baina oso gutxi erakutsi duena. Azkenekoan Madrilen ia irabazi zuen lote lehiakorrago batean. Suposa daiteke behin esnatzen hasita gora egin behar duela. Janacekek gidatuko du. Pisua gogorra da (63 kilo) eta ez du pista ezagutzen. Faborito nagusia, baina itzalekin. 09 TE KOOP gertu izan zuen egun hartan eta gaur ere hortxe ibiliko zaio. Oso erregularra da zaharra eta gure pistan ez daki gaizki korritzen. Kokatzeko. 08 KANTIOk huts egin zuen aurreko astean, txanpa onean zetorrela zirudienean. Beste aukera bat emango diogu baina ez da oso fidatzekoa. 05 JARRETONi buruz ondo hitz egiten du bere entrenatzaileak, distantzia eta biguna behar duela esanez. Konpainia apal honetan zeozer esaten hasi beharko litzateke. Sorpresa. 03 ARGELLIE erretiratu egin dute.

Gure hautua: 02 CAROLINA WEST – 09 TE KOOP – 08 KANTIO

Uztailak 3: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top