zaldilasterketak.eus

Uztailak 3: analisia

1. Lasterketa (11:25): Onda Vasca Saria (zaldizko amateurrak)

Denboraldi hasierako karrera tipikoa, non partaideen erdiak gutxienez handikapean sailkatzea duen helburu. Gu lau zaldirekin goaz. 8 MERISI pistan irabazlea da eta duela bi aste amore eman behar izan zuen beste kategoria batekoa den Red Onionen aurka. Amateurren artean bere jockeya garantia bat da. Nahikoa gure faboritoa izateko. Lasterketa horretan 3 IMPRESSIONANTek nahiko urrutitik ikusi zuen gure faboritoaren isatsa. Gaur, pisuz antzeko, ez dugu uste emaitzari buelta emango dionik. Arriskutsuagoa iruditzen zaigu 2 EINAR. Pistan irabazlea da, baina azken aldian arazoekin dabil bitan erretiratua izan baita. Bere trainerrak dio prest dagoela eta bigun piska bat aurkitzen badu garaipena eraman dezake. Bikirako. Erne 7 LONE PEAK frantsesarekin. Hiru urterekin 3G korritzera iritsi zen mugaz bestalde, 43,5 balioa izateraino. Hortik aurrera maldan behera. Cerqueirak erosi eta punta bortitz bezain antzua egin zuen Madrilen aurreko astean. Taktika berdinarekin eta bere jabearen deskarguaz baliatuz, hemen etekinak atera ditzake. Oso arriskutsua.

Gure hautua: 8 MERISI – 2 EINAR – 7 LONE PEAK

2. Lasterketa (11:55): Endanea Garden Saria (handikap 1. zatia)

8 ORRIren izena gorriz azpimarratu genuen duela bi aste. Irteeran geldituta eta bere jockey amateurrak apenas bultzatuta aurre-aurrean sartu zen. Gaurkoan pisuz ez du hainbesteko abantailarik, baina inoiz ez du hain balio baxua izan. Agian metroren bat soberan bai. Bere aukera asko gustatzen zaigu. Kotizazio altuko balea. 1 EL INGRATO ausartegi aritu zen puntan karrera horretan eta azken borrokan gehiegizko ausardia ordaindu zuen. Orduko lokatzik ez du izango orain eta indarrak hobeto dosifikatzen baditu, ispiluaren aurrean borrokan espero dugu. 10 GARMAR gora begira izango dugu egunotan, ea berak behar duen ur jasak botatzen dituen. Hala balitz, oso posible litzateke duela hiru asteko garaipena errepikatzea: punta hartu eta ispiluraino. 9 MONZALVOS ere eskalan inoiz baino arinago dago eta bere jockey gazteak lau kilo terdiko deskargua ematen dio!. Distantzia aldeko eta lokatzik balego, hobe. Aurrekoan hurbildu zen eta oraingoan berriz gertu ibil daiteke, bere zaldizkoaren inspirazio mailaren baitan.

Gure hautua: 8 ORRI 1 EL INGRATO – 9 MONZALVOS

3. Lasterketa (12:25): Garda Seguridad (handikap 2. zatia)

Handikap hau ere ez da erraza bada. Beste Walking Dead horietako bat, non funtsezkoena den guztietatik sanoago zein dagoen asmatzea. Gu 2 L´IMPROBALErekin joango gara. Urte eskasa egiten ari da Frantzian eta horrek suposatu dio hango balioa 18raino jaistea. Hemen 25,5ean dago. Baina Donostian irabazlea da eta suposatzen dugu Urbano, bere trainer eta jabea, ez dela honaino alperrik etorriko, are gutxiago semea zela gainera gonbidatuz. Urruneko susmoetan oinarritutako faboritoa, aitortu beharra dago. Garmarren karreran bere inoizko lasterketarik onena egin zuen 6 BELLA BARONESSAk, hirugarren geratuta. Lokatzaren ondorio izango ote zen edo inoizko distantziarik luzeeenean aritu zelako estrainezkoz?Orduko lotean Ivan el Terrible, gerora irabazlea, gertu izan zuen. Arrazoia edozein izanda ere, horri helduko diogu txanponen bat jokatzeko. 4 LA FRISLA bigarren egin zuen aspaldi ikusi dugun 2. zatiko handikapik eskasenetakoan. Agian ordukoa errepikatzea nahikoa izango zaio hemen xoxen bat irabazteko. 5 LITTLE LULUk itxuraz dena kontra du: aurrenekoz handikapean eta zaharren kontra, distantzia ezinezkoa bere jatorriari kasu eginda eta ia azkenputz bere zazpi irteeretan. Baina oraindik 3 urte ditu eta lotean hobetzeko tartea duen elementu bakarra da. Bere entrenatzaileak danbateko berdina jo zuen hemen Such Promiserekin orain gutxi. Itzal ehiztarientzat.

Gure hautua: 2 L´IMPROBABLE – 6 BELLA BARONESSA – 4 LA FRISLA

4. Lasterketa (12:55): Asociación de Prensa Deportiva Guipuzcoana (3 urteko moxalak)

7 LAKIAL (Imazana idatzi behar nuen baina zuzentzaile automatikoak salto egin dit!) da faborito argia. Debutean Madrilen erraz nagusitu zitzaion Dajla entzutetsuari oso itxura onarekin. Distantzia luzatzeak eta denborak on besterik ez diote egingo, Doctor Dino guztiei bezalaxe. Peslier familiko moxal honek dena du alde irabazteko (ea Olivier gure artera etortzen den egun hauetako batean). 3 KUKO izan daiteke topa dezakeen hezur bakarra. Irteera bakoitzean gero eta serioago dabil eta pistari neurria hartua dio, azken garaipenean ikusi zitzaion bezala. Ez dio erraz jarriko faboritoari. 5 NA RUA oso berde agertu zen bere debutean baina dexenteko hobekuntza espero dugu hurrengoetan. Agian goiz da baina zerbait esaten hasi behar du Intaglioren anaia honek. 1 DRAPER bere aukeretatik kanpo zegoen Poulearen ondoren, mailaz jaisten da oraingo honetan. Pisu gogorregia, baina bera irabazlea da, lote honetan bakarrik bi faboritoek esan dezaketena. 2 GRILOri beste aukera bat emango diogu, enegarrena. Aurrekoan ez zen bihurgunean izutu, lasaituago zirudien eta hori seinaletxotzat hartuko dugu. Agian distantziaren luzaketak eta Fayosen energiak bere burua ordenatzen lagun diezaiokete.

Gure hautua: 7 LAKIAL – 3 KUKO – 2 GRILO

5. Lasterketa (13:25): Donostia-San Sebastián Turismoa Saria (behorrak)

2 HOLD ON NOW estatura iritsi zenetik, iazko udaberrian, 5 irteeretan bakarrik Alternativasek aurre hartu dio, honen momenturik gozoenean. Arizkorretaren patioa topera dabil eta hobetzen jarraitzea ikusiko dugula uste dugu. Praviaren ahizpa honek urritik ez du korritu eta distantzian aurrenekoz arituko da. Halere, bere azken garaipenen itxura aintzat hartuz aurten behor onenen artean egongo dela uste dugu. Gure faboritoa. 1 GNILY Marc Comas kataluniarrak urte hasieran erosi eta handik gutxira Quinté bat poltsikoratu zuen Cagnesen. Ordukoak 36ko balioa suposatu dio. Nazioarteko kontraste hori duenik ez dago lote honetan. Orduko sasoi punttua ez du orain izango, baina arriskutsua da. 7 MY FLINDERS patiokide duen gure faboritoak bezalatsu, urtea ezin hobeto bukatu zuen bi garaipen kateatuz. Hau ere, Hold On Now bezala, denborarekin hobetzen joango da, Arizkorreta metodoa jarraituz. Ikusiko dugu distantzia zer moduz egiten duen. Gertu ibiliko da. 4 APRADA iazko Poulean bigarren izan zen eta udazkenean oso lote gogorretan borrokatu behar izan zuen (Listed bat tartean edo Casablancan) emaitzak hobetu ezinik. Pistan aurrenekoz, ikusiko dugu atsedenaldiak eta distantzia luzatzeak onik egiten dion.

Gure hautua: 2 HOLD ON NOW – 7 MY FLINDERS – 1 GNILY

Uztailak 3: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top