Hipodromoaren urteurrena ospatzeko Belle Epoquez jantzita giro polita jarri zuten Kresalako lagunek. Laino ilunek ezin izan zioten eutsi eta hirugarren karreran zaparrada galanta bota zuen pistaren egoera zeozer bigunduz. Jende kopuru majoa bildu zen uda arratsaldetako ohiko giroa berriz ere gurera ekarriz.

1. Lasterketa: Belle Epoque saria (jockey amateurrak). 1.500 m
Aurreikusten genuen bezala 01 WHAT´S UP faboritoak huts egin zuen. Beste behin. Hau ez da iazko burnizko zaldi hura. Egia esan Sarabia ere ez zen fin ibili eta bihurgunean metro asko galdu zituen. Horretaz aprobetxatu zen Alonso 02 ALBORANi garaipen ezin erosoagoa emateko. Ez da uda honetako bakarra izango. Sasoi betean dabil. Faboritoaren lauhazka ez zen batere sendoa eta horretaz baliatu zen Elarreren 03 MA CHERIE AMOUR, atzetik etorrita, bigarren saria lapurtzeko.
Bere tokian: 02 ALBORAN /Huts: 01 WHAT´S UP /Jarraizeko: 02 ALBORAN

2. Lasterketa (18:00): Basque destination saria (bi urteko moxalak). 1.200 m
07 RED HOT ACTION irteerako atetxotik tximistaren pare irten zen. Berehala 3 gorputzeko aldea sartu zien bere arerio hasiberriei. Imaz etxearen marka da hori, aurreneko egunetik borrokarako zorrotz irtetzen dira. Fayosek etengabe atzera begiratzen zuen abantaila bere horretan mantentzeko. Tropelaren buruan Remolinaren 04 ENORINAk jarraitzen zion eta gainontzerakoak errenkan nahiko berde oraindik. Halaxe iritsi ziren momentu erabakiorrera baina Fayosen erosotasuna amaitzen joan zen Vicky Alonso 04 ENORINArekin hurbiltzen ari zitzaion einean. Azken metroetan Fayosek bere indarra erabili zuen sudur bateko aldea estuarekin irabazteko. HIrugarren, atzetik aurrera, 06 QUEEN OF GLORY izan zen.
Bere tokian: 07 RED HOT ACTION / Huts: 03 ADHARA / Jarraitzeko: 04 ENORINA

3. Lasterketa (18:40): Endanea Garden saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.500 m
Azkenean lortu zuen 07 LADY MCQUEENek bere garaipena. Seigarren irteera zuen eta guztietan kokatu arren ez zuen garaipena lortzen. Azkenean Janacekek burutsu gidatu zuen eta, erdi-erditik, konplikatu gabe, arrakasta erdietsi zuen. 04 PEKENek ez zuen zuzen garbia izan eta errematea ateratzeko berandu ibili zen, halere gorputz batera iritsi zen. Irabazteko dago. Hurrengoan. 09 KRYPTON portugesak beste behin punta zoroa jarri zuen eta zuzenaren erdiraino heldu zitzaion gasolina. Distantzia laburragoetan kontuan hartzeko modukoa. 08 VERBENA gure faboritoari ere martxan jartzea kostatu zitzaion eta azeleratu zuenean bakarrik Krypton utzi ahal izan zuen atzean., hirugarren geratzeko. Zurrumurru handia izan zen harmailetan 01 BERTIE FROM BEAU, lehiatiletan faborito bihurtzeraino. Baina ez zen eroso aritu pistan, bereziki jarritako erritmoa jarraitu ahal izateko.
Bere tokian: 07 LADY MC QUEEN / Huts: 08 VERBENA / Huts: 01 BERTIE FROM BEAU

4. Lasterketa (19:15): Donostia-San Sebastian Turismoa (handikap 1. zatia). 2.200 m
Borja Fayosen bultzada berriz ere erabakiorra izan zen 02 COBRECES garraile egiteko. Dozena bat karreretan oraindik ere irabazi gabekoa zen Australiaren seme hau. Horrek, betaurrekoen laguntzak eta pista aldatzeak korri egiteko gogoa bueltatu zioten Jesus Lopezek entrenatzen duen lau urteko zaldi honi. Aspaldi oso motel zebilen baina ezin ahaztu iazko bere hastapenetan Frantzian, Bering zalditegiko jakarekin, 37ko balioa izan zuela. Gogoa berreskuratu badu gure pistan errepika dezake. Alexia Lucas gazteak bere hirugarren karrera zuen etxeko hipodromoan, oraingoan Elarre donostiarraren 10 JERY SMAIHren gainean. Ibilbide garbia eman zion zaldiari, beti puntatik gertu, hirugarrena egiteko balio izan ziona. Bere atzetik, pistako klasiko handi bat, 08 MOZALVOS. Bere 8 urterekin, berriz irabazteko pronto dagoela iragarri zuen. Hobeto bigarren zatian bada. 3 urtekoen ordekaria -oraingoan 11 CHAM´S DREAM– berriz ere huts zaharren kontrako debutean.
Bere tokian: 10 JERY SMAIH / Huts: 05 BABY GROOM / Jarraitzeko: 02 COBRECES

5. Lasterketa (19:50): Onda Vasca saria (handikap 2. zatia). 2.200 m
03 ARGELLIE eta 05 JARRETONen erretiratzearekin lote deskafeinatu xamarra geratu zitzaigun azken karreran. 08 KANTIOrekin Nico de Julian saiatu zen puntan barrutik denak ezustean harrapatzen baina zuzenaren erdirako bateriarik gabe geratu zen. Orduntxe erasoa aurkeztu zuen Gelabertek 09 TE KOOP beteranoarekin kolpe erabakiorra emateko. Izan ere, Janacek saiatu zen kanpo-kanpotik 02 CAROLINA WEST ikusgarria ekartzen baina ordurako jada sariak banatuta zeuden. Bere itzalera 04 STUDENT itsatsi zitzaion eta horrek lagundu izan zion hirugarren izateko. Gainontzerakoak ahazteko modukoak. Berriz ere 3 urtekoak kale.
Bere tokian: 09 TE KOOP / Huts: 08 KANTIO / Jarraitzeko: 02 CAROLINA WEST