zaldilasterketak.eus

Uztailak 31: analisia

Abiadurazaleen txanda. Bizkorrenek probatzeko testaren ordua da abuztuaren 21eko Eusko Jaurlaritzari begira. Prestakuntzazko bi karrera hauetan (3 urteko moxalak batetik eta zaharrak bestetik) ez dago egun horretan faborito izango direnen arrastorik. Baina halere, proba interesgarriak izango dira. Kriteriuma ere tartean, estatuan jaiotako 2 urteko moxalentzat. Eguraldi ona iragarri dute eta pista lehor antzean izango da, azken aldian bezalaxe. Igande arratsalderako ez zait plan hoberik okurritzen.

1. Lasterketa (17:30): Arbaso hotela (handikaparen 1. zatia). 1.600 m

  1. 04 HOLLOKO gure pistako klasiko handi bat da. Beti saltsan dabil lehenengoen artean. Azkenekoan huts egin zuen bere jockey gazteak oso atzean ekarri zuelako. Udarero karreratxo bat irabazten du hemen. Denboraldian jada 2 kilo jaitsi dizkiote. Janacekekin eta pista lehorra lagun, ordua iritsi zaiola uste dugu. 05 LINDAk ere ez du txanpa galtzen. Sasoi ederrean dabil eta Zambudioren deskarguarekin aukera ezin hobea du irabazteko. 03 TALES geldiezin dabil Zubietan. Azkeneko hiruetan irabazi egin du. Antza, amaren genetika (Aspasia de Mileto bikaina) orain ari zaio azaleratzen, berantiarra da nonbait. Handikapean zigortuta dabil, 10 kilo igo baitizkiote garaipenengatik. Gure ustez sabaia joko zuen, baina batek daki. Inork ez baitauka bere gorputzaldia. 01 VETONA gris xamar dabil eta pista biguna beharko luke. Kale.

Gure hautua: 04 HOLLOKO – 05 LINDA – 03 TALES

2. Lasterketa (18:05): Moyua eraikuntzak (3 urtekoak). 1.400 m

Jaurlaritzarako 3 urtekoen prestakuntzazko proba. Ez dugu maila handiegirik ikusten gaztetxo hauen artean. Teorian 02 EL OJANCANO da guztien artetik Jaurlaritzan parte hartzeko moduko historiala duen bakarra. Iaz Criterium Nagusia irabazi zuen White King erraldoiaren aurretik. Baina aurten goitik behera etorri da, azkenekoetan nabarmen huts eginez. Zalantza gehiegi. 01 BRAVOk, aldiz, etengabe harritzen gaitu. Sprintak irabaztetik luzeegiak ziruditen 1.600 metroetan nagusi ere izatera pasa da, bere adinekoak zein zaharrak mendean hartuz. Klase punttua falta zaio baina inork ez dauka bere sasoirik. Janacek berriz. Gure faboritoa. 04 SOMETHING ere etengabe hobetzen dabil, beti ere esprintetan. Hemen distantzia ondo egingo du eta ezin dugu ahaztu. 05 TURCO pista honetan bi karrera irabazitakoa da, inor gutxi atzean utziz, hori bai. Zintzoa da eta maila emango du berriz. Kokatzeko.

Gure hautua: 01 BRAVO – 02 EL OJANCANO – 04 SOMETHING

3. Lasterketa (18:40): Gipuzkoa Moda (4 urtetik gorakoak). 1.400 m

Zaharren prestakuntzazko honetan saltsa gehiago espero dugu. 06 SPEAK IN COLOURS da guztien artetik baliorik handiena duena (44,5), diferentziarekin. Gradu irabazlea Ingalaterran, Anayak fitxatutako bigarren eskuko gladiadore zaharra dugu. Gogoratu beharrik ez dago entrenatzaile argentinarrak zernolako birgaitze lanak egiten dituen horrelako txapeldun ohiekin. Zorretan, jockey amateurra eta gainkargarekin. Hori da gustatzen ez zaigun bakarra. Uste dugu karrerari sua emango diola hasiera-hasieratik. Ea nork jarraitzen dion. 03 EL SOHKNAk aho bete hortz utzi gintuen hemen bere azken garaipenarekin. Bestelako arerioak ziren bai, baina izugarrizko nagusitasuna erakutsi zuen. Gaur ez ditu Fayosen besoak lagun izango. Gertu. 02 ALBORANekin ere beste horrenbeste. Ez dauka faboritoaren glamourra baina handikapak txiki geratu zaizkio. Bere sasoi punttua aprobetxa dezake. Urte bateko parentesiaren ondoren 04 ORZOWEIk berragerpen beldurgarria egin zuen Carudelen, zuzenaren erdian faborito nagusienei hortzak erakutsiz. Hura kontuan izanda faborito izatea merezi du. Baina gure ustez distantzia laburregia egingo zaio eta aurreikusten dugun erritmoaren suan kiskal daiteke. Hobe du Bugatin patxadaz bataiatzea eta Jaurlaritzarako bidean hau tarteko etapatxotzat hartzea. Lasai. 07 OASIS COVE donostiarrak astelehen honetan bertan sekulako maila eman du Tarbesen. 37-38 balioan dabil Frantziako Quinteetan ederki borrokatzen. Hori hemengo gutxik esan lezakete. Elarrek ematen dion kaña ez badu ordaintzen sorpresa eman lezake. Balio beretsukoa da 05 RAIKEN, Rocio behortegiaren enegarren fitxaketa frantsesa. Ez dirudi oso sasoi onean datorrenik eta honetan ezagutzera mugatuko gara.

Gure hautua: 06 SPEAK IN COLOURS – 03 EL SOHKNA – 07 OASIS COVE

4. Lasterketa (19:15) San Sebastian Gastronomika saria (handikaparen 2. Zatia). 1.600 m

09 STERLING GOLD oso atzean aritu zen pasa den igandean. Konturatu zenerako karrera aurrean kitatuta zegoen. Zubietako pistan Vicky Alonsori hau behin baino gehiagotan pasa zaio. Hala eta guztiz ere, hirugarren egitea lortu zuen, irabazteko dagoela berretsiz. Gaur Zambudiorekin tropelaren aurreko aldean aritzea espero dugu. Tokatzen zaio. Bai ala bai. 02 PANTXINETAk ederki menderatu zituen bere adinekoak karrera punta-puntan eginez. Oso itxura ona hartu genion. Hemen zaharren kontra aritzeko Arizkorretak Janacek jaitsi eta Saccu italiarraren deskargua bilatu dio 62,5-eko karga astun hori 60an uzteko. Eramangarriagoa zalantzarik gabe. Italiarrak aurrean asmatzen badu zaila izango da gainditzea. 01 ROBLE aldiz Janacek izango du zelan, errebotez. Hau ere irabazteko pronto dago baina pisuak (63 kg) ez dio lagunduko alaitasunez aritzeko. Ingurumarian. 10 HANNA kokatu eternalak ez daki irabazten (26tik 0). Aukera askoz hobeak izan ditu eta ez ditu aprobetxatu. Dena den, seguru berriz gerturatzen dela. 03 LEITZA aspaldi ez dugu pistan ikusi. Oraindik handikapean zeozer argaldu behar du, baina denboraldi honetan irabazten ikusiko dugu. Pazientzia.

Gure hautua: 09 STERLING GOLD – 02 PANTXINETA – 01 ROBLE

5. Lasterketa (19:50): El Diario Vasco saria (Kriteriuma).(2 urteko moxalak). 1.400 m

Partaideek erakutsi duten gutxi horri kasu egiten badiogu Marc Comasen 03 KATALINArekin geratu behar dugu. Madrilen debut polita egin ostean heldutasunez irabazi zuen hemen, 02 COSI COSI eta 04 LADY MOON aise gaindituz. Hauetako lehenengoak geroztik Madrilgo hondarran oso erraz irabazi badu ere, ez dugu orduko emaitza iraultzerik espero. 05 ROCK MOONek aldiz oso debut lasaia izan zuen hemen, Arizkorreta etxeko marka. Ordukoan Red Hot Action, Enorina, Queen of Glory, Americano… inportatu bikainengandik gertu amaitu zen. Gainera hobekuntza handia espero dugu. Irabazteko adinekoa.

Gure hautua: 03 KATALINA – 05 ROCK MOON – 02 COSI COSI

Uztailak 31: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top