Beste larunbat bat. Azkena. Hau ere PMU sare frantsesaren jokoa jasoko duena. Honez gero noizean behingo zaleak direnak nahikoa despistatuta ibiliko dira egun eta ordu aldaketekin. Jardunaldia 18:45ean hasiko da. Lote ertainak baina interesgarriak, bereziki Eusko Jaurlaritza prestatzeko miliarrak bilduko dituzten bi probak, 3 urtekoenak eta zaharrenak. Euria iragarrita dago, baina aurreko astean ere huts egin zuten. Ea. Programaren gure azterketa, honako hau:
1. Lasterketa (18:45): Biarritzeko hipodromoa saria (handikap 1. zatia). 1.600 m
Aurrekoan tropelaren isatsetik erremate bortitza bota zuen 05 LEADER´S LEGACYk bigarren izateko. Oso gutxigatik ez zuen Leitza harrapatu. Kontu batzuk direla eta besteak direla, 7 urteko zaldi honek karrera gutxi ditu oraindik, jarraikortasunik gabe aritu izan da. Orain badirudi osatuta dagoela eta ezinbestean gora egin behar du Ingalaterratik orain bi urte ekarri zuen balio onera gerturatzen hasteko. Asko gustatzen zaigu. 03 NIRMALI bere jakakideak ere karrera onak egin ditu hemen eta Zambudioren superdeskarguarekin oso arin aterako da. Hau ere bikorako. 01 CUPPACOFEEk azkena irabazi zuen hemen bere aspaldiko balio onenetatik urruti oraindik. Sasoian dirudi eta ez du gaizki egingo.
Gure hautua: 05 LEADER´S LEGACY – 03 NIRMALI – 01 CUPPACOFFEE
2. Lasterketa (19:15): San Sebastian Gastronomika saria (salmenta). 2.000 m.
04 GRANACCI 6.000€-tan erosi ahal izatea mauka ederra izango zen duela urtebete. Prezio horretan saltzera aterako da orain, baina azken urtean eman duen beherakada ikusita agian ez ditu eskaintza asko jasoko. Azkenekoetan hemen gertu ibili den arren asko kostatzen zaio karrera bat borobiltzea. Borondate eskasa. Oraingo pisu baldintzekin ez luke barkatu beharko. Baina… 01 BRISCOLA irabaztetik oso gertu ibili da azkenekoetan baina honek ere ez du definitzen. Metro batzuk gehiago behar ditu bere onena emateko. Daukan deskarguarekin ez du barkatuko gure faboritoaren beste siesta bat. 07 MUGUETAJARRA ez da sekula miliatik pasa eta azken bietan azken postuan sartu da, azkenaurrekotik urruti. Kategoriaz asko jaitsiko da konpainia honetan eta hobeto aritzea espero dugu, nahiz eta konfidantza handirik ez izan. Ikusten duzuenez hemen edozer gauza gerta daiteke. Erne.
Gure hautua: 04 GRANACCI – 01 BRISCOLA – 07 MUGUETAJARRA
3. Lasterketa (19:45): Gipuzkoa de moda saria (3 urteko moxalak). 1.400 m
01 HAVOCek 42ko balioarekin dator Frantziatik. Lau garaipen ditu han, denak milian. Lotean ez dago hainbeste erakutsi duenik. 35.000€ ordaindu omen dute berarengatik eta Soto Sevillarra -gurean batere ohikoa ez dena- Zubietaraino dakar. Dioenez distantzia pittin bat gehiago ondo etorriko litzaioke. Guri, bere aurrekari frantsesak ikusita, nekeza egiten zaigu argazkitik kanpo uztea. 05 PONT DE RUDA urrian Madrilgo lokatzean irabazi zuenean bereziki gustatu zitzaigun. Klasikoetan ez da puntan-puntan ibili ezta atzean ere. Oraindik bakarrik bere seigarren karrera du, Arizkorretaren egoste-luzeko doktrinari jarraituz. Madrildik ez da sekula atera eta ikusiko dugu gurean ea zer moduz moldatzen den. Baina igarri genionarengatik uste dugu maila soberan duela hemen nagusitzeko. 03 EL SOKHNA zintzoak maiden izateari utzi zion hemen orain bi astea lote ezin apalago baten kontra. Hemen bere gainetik dagoen bikote batekin topatuko da, Jaurlaritzan izena emanda duten biak alegia. Hirukoa osatzeko.
Gure hautua: 05 PONT DE RUDA – 01 HAVOC – 03 EL SOKHNA
04. Lasterketa (20:15): Victor Perez agricola-John Deere saria (handikap 2. zatia). 1.600 m
01 ROBLE ondo korritzen ari da maila altuagoko loteen kontra, handikaparen lehenengo zatietan. Orain bigarren zatia deskubrituko du, zaldi ernegatuen lurraldea. Koxka bat gainetik dago eta Fayosen presentziak bere aldeko gure apostua iltzatuta uzten du. Turfaren lelo klasiko horietako bati helduko diogu “Bigarren zatietako 1 zenbakiduna jainkoa da”. Irabaztera. 08 HANNAk ez dauka zorterik. Azken bietan garaipena sudurren aurrean nola lapurtzen zioten ikusi behar izan du. Orain Vicky Alonso profesional berriaren laguntzarekin hori ekiditen saiatzeko aukera bikaina dauka. Deskarguak ispiluaren aurrean jartzen du. Fidagarria. 04 COSTA ESMERALDA ez da garai batekoa. Ez ditu alperrik zazpi urte eta ia 70 karrera. Asko jaitsi den arren hemen ia beti kokatu da eta bi garaipen ere baditu. Gure pistarekin sintonia hori asko da aukeratzeko hain gutxi eskaintzen duen lote honetan. Erne. 03 DREAM STARTen zain gaude denboraldi honetan. Hau ere bigarren zatian “erori” da eta deskargu itzela darama. Baina iruditzen zaigu gaur ez dela bere eguna. Bihozkada, beste argumenturik gabe. 02 REY ANTONI oso erregular dabil azkenekoetan, Madrilen zein hemen. Bere jabeak ez du estima handian edukiko hona ekartzen badu, gure berdegunearekin “ikaratuta” omen dabil eta. Hollokoren isatsean sartu zen ekainean hemen eta hori seinale argia da, baina ez da guk begiz jota dugun horietako bat.
Gure hautua: 01 ROBLE – 08 HANNA – 04 COSTA ESMERALDA
5. Lasterketa (20:45): El Diario Vasco saria. 1.600 m
Nonbait Jaurlaritza saria prestatzeko zaharren txanda da hau. Baina han izena emanda daudenak bakarrik Elarreren biak (City Gent eta Nordeste) eta Odriozolarena (El Ingrato) dira. Eta hauek ere aukera txikiekin ikusten ditugu Jaurlaritzarako. Beraz, momentuko beste helburu batzuk dituzten zaldiak bilduko ditu “prestakuntzazkoa” omen den proba honek. 04 SALAR ISLANDek oso eskura zituen bi proba aise irabaztetik dator baina hemen maila altuagoarekin topatuko da. Pistan oso egokitua (bakarrik Orientalek aurten eta iazko Jaurlaritzakoek gainditu dute bost irteeretan) kopa garesti jarriko du. Pisuz beste batzuk zertxobait hobeto ateratzen dira. 04 PORT GRIMAUD aurreko udan hemen handikaparen bigarren zatian aritzen zen Such Promise, Hatha eta ohiko susmagarrien kontra borrokan. Baina aurten Madrilen metamorfosia izan du eta azkeneko esprintetan bakarrik El Guanchek eta Great Prospectorrek gainditu ahal izan dute. Oso itxura ona hartu genion. Atomiko dabil, gure pistan ondo aritutakoa da eta azkenak ikusita irabazteko aukera handiak ikusten dizkiogu. Monteriso italiarrarekin dator, bere azkenekoetan bezalaxe. 01 CITY GENTek karrera aurreneko metrotik txikituko du. Vicky Alonsoren superdeskarguarekin abantaila handia du eta bere ohiko ihesaldiak arrakasta izateko baldintza guztiak biltzen ditu. Uhaletan ondo neurtzen badu eta arerioak berarekin itsutzen badira, irabazteko aukera handiak izango ditu. Hau da udako bere karrera.
Gure hautua: 06 PORT GRIMAUD – 04 SALAR ISLAND – 01 CITY GENT