Jardunaldi interesgarri bezain jendetsua. Abuztuko bisitariak nabari dira jada. Jaurlaritzarako prestakuntzazko probetan SPEAK IN COLOURS zaharra eta SOMETHING gaztea nabarmendu ziren, baina guk bakarrik lehenengoa ikusten dugu ordurako aukerekin. Giro bikaina, eguraldi lainotsua eta sorpresa gutxi lehiatiletan.
1. Lasterketa: Arbaso hotela (handikaparen 1. zatia). 1.600 m

03 TALESek su eman zion karrerari aurreneko metrotik. Gorputzaldi atomikoa daukanez denak errenkan jarri zituen erritmo bizi-bizian. Sousa izan zen bakarra metro gehiegi utzi ez zizkiona, 01 VETONArekin. Horri eskerrak zuzenaren erdian parean jarri zitzaion eta ozta-ozta gainditzeko gai izan zen, klase punttu bat goitik dagoela gogoraraziz. Halere, Cristina Perezek oso ondo defendatu zuen TALESen aukera azken metroetaraino. 05 LINDA errematatzen saiatu zen baina alperrik. 04 HOLLOKO eta 02 ANAZ erritmoaren bizitasunak ito egin zituen.
Bere tokian: TALES / Huts: HOLLOKO / Jarraitzeko: TALES
2. Lasterketa: Moyua eraikuntzak (3 urtekoak). 1.400 m

Hemen ere puntan atera zuenak ez zuen bere postua utzi helmugako langaraino. Sousak taktika errepikatu zuen 04 SOMETHINGekin arratsaldeko bigarren garaipena erdietsiz. Etengabe gorantza dator Noozhoh Canariasen seme hau. Halere ez dugu Jaurlaritzan ikusten, metroz mugatua ematen baitu. Sotoren bi zaldiak sartu ziren bere atzetik, 07 AZUL eta 03 XAY XAY, 07 TURCOri sandwich bat egin eta seko utzi ondoren. 01 BRAVO eta 02 EL OJANCANO faboritoen hutsa ez zen nolanahikoa izan. Bigarrenaren deskarguan bere entrenatzaileak pistaren gogortasuna aipatu zuen. Oso ilun biak.
Huts: 01 BRAVO, 02 EL OJANCANO / Jarraitzeko: 04 SOMETHING
3. Lasterketa: Gipuzkoa Moda (4 urtetik gorakoak). 1.400 m

06 SPEAK IN COLOURSek G3 irabazitakoa dela gogorarazi zien beste partaideei. Zazpi urte eta orbain asko izango ditu gorputzean baina loteko inork ez zuen bere klasearen apurrik. Sarabiaren zaldi zuriak ez zuen ibilbide garbia izan baina eragozpen guztien gainetik bere hautagaitza aldarrikatu zuen Eusko Jaurlaritzarako. Zalantza da ea miliara iritsiko ote den, ez baitu inoiz egin. Anayaren jakinduriarekin dena da posible. Ea egun horretan bere jockey-jabeak karreraren irakurketa hobea egiten ote duen. 200 metro faltan 04 ORZOWEIren erasoak irabazlea zirudien baina Sarabiarenak onenek duten extra hori atera zuen, bueltatu eta irabazteko. 04 ORZOWEIk asko eskertuko du Jaurlaritzan distantzia luzatzea. Amaieran erremate interesgarria utzi zuen 05 RAIKENek 07 OASIS COVE agortuari hirugarren plaza kentzeko.
Bere tokian: 06 SPEAK IN COLOURS / Huts: 03 EL SOHKNA / Jarraitzeko: 04 ORZOWEI
4. Lasterketa: San Sebastian Gastronomika saria (handikaparen 2. Zatia). 1.600 m

Arratsaldean hirugarrenez saiatu zen Sousa karrera puntan lehertzen, oraingoan 05 KAKAROTTO bizkorrarekin. Esprintean ohitua, gehiegizkoa zirudien berarentzat miliaren distantzia. Baina jockey portugaldarrak oso ondo administratu zuen eta bakarrik azken metroetan amore eman behar izan zuen 01 ROBLEren bultzadaren aurrean. Beste hau maisuki ekarri zuen Janacekek, atzean gordeta, 63 kiloak gehiegi nabari ez zitzan. Hori bai, bere amaierako errematean 09 STERLING GOLD faboritoarekin zetorren Zambudiori nabarmen oztopatu egin zion. Horrengatik ez bazen, jockey gaztean irabazteko adinako indarra zekarrela adierazi zuen. Behor honek ez du suerte handirik, baina denboraldian aurkituko du bai bere karrera. 03 LEITZA berragerpen oso ona izan zuen. Hau ere apuntatuta daukagu gure agendan, hurrengorako.
Bere tokian: 09 STERLING GOLD / Huts: 02 PANTXINETA / Jarraitzeko: 03 LEITZA
5. Lasterketa: El Diario Vasco saria (Kriteriuma).(2 urteko moxalak). 1.400 m

04 LADY MOONek bere debuteko karreraren emaitzari buelta eman zion eta 03 KATALINA faborito nagusia mendean hartu zuen. Jose Michel Rodriguezen Ategorrieta zalditegi donostiarraren garaipena eta poza harmailetan. Gidaritza oso burutsua egin zuen honetan Julia Zambudiok, aurre-aurrean hau ere, amaiera aldera faboritoaren erasoari eutsiz. Biak ala biak desagertutako Lightning Moon hazitako zaldiaren alabak. Dudarik gabe goiztiartasuna genetan zeraman. Beste karrera batean 02 COSI COSIk hirugarren egin zuen.
Bere tokian: 03 KATALINA / Huts: 05 ROCK MOON / Jarraitzeko: 04 LADY MOON
Argazki galeria
Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar