Egun euritsua eta zaletuen arteko elkarrizketa guztietan protagonista nagusi bat, Ion Elarre entrenatzaile donostiarra. Bi egunetan Frantzian bi garaipen lortzeaz gain Jaurlaritzarako prestakuntzazkoa bat-bikoa ere osatu baitzuen bere zaldiekin. Gorputzaldi sinestezinean dabil donostiarra, aparteko zenbakiak erdietsiz. Eguraldia ez zen jende asko biltzeko gonbidatzen duen horietakoa baina giro polita izan zen harmailetan. Sorpresa gutxi emaitzetan eta Jaurlaritzari begira atzokoetatik ez zen inor nabarmendu.
1. Lasterketa (18:45): Biarritzeko hipodromoa saria (handikap 1. zatia). 1.600 m

Lasterketa polita ikusi genuen arratsaldeko lehenengoan nahiz eta kide gutxi bildu. Kalitatezko handikapa izan genuen eta 300 metro faltan denak ireki ziren azken esprinterako lehian. Indartsuena RUGBY INDUS azaldu zen, seguraski bigunean gusturago beste batzuk baino, garaipen eroso bat eramateko. Paquito Rodriguez entrenatzailearentzat denboraldiko lehenengo garaipena. LEADER´S LEGACY amerikarrak ez zuen beste eguneko amaiera indartsua erakutsi -pista tenteagoak nahiago ditu- eta bigarrenarekin konformatu behar izan zuen.
Bere tokian: LEADER´S LEGACY / Huts: NIRMALI / Jarraitzeko: RUGBY INDUS
2. Lasterketa (19:15): San Sebastian Gastronomika saria (salmenta). 2.000 m.

Julia Zambudiok beste garaipen bat lortu zuen BRISCOLA behorrarekin. Laredoko neskak bosgarrena du jada gure denboraldian eta jockey handienen ondotik dator udako estatistikan. Bere arerio nagusiena izan behar zuen GRANACCIk beste behin oso borondate gutxi erakutsi zuen eta frenteko zuzenean, zabal-zabalean ia langaren kontra, ezezkoan jarri zen eta lotea ixten urruti sartu zen helmugan. Pena da baina ez dago korritzeko. Gauzak horrela Miguel Alonso donostiarraren JOE BLINING eta PIROPO apalek borroka egin zuten Marc Comasen behorraren atzetik. orden horretan iristeko. Aipatzekoa ere Marc Comas kataluinarraren udako laugarren garaipena dela hemen, bere partaideen %77a kobratzen ari direla denboraldian. Sasoian ditu Zubietako bere ikulukoak.
Bere tokian: BRISCOLA / Huts: GRANACCI / Jarraitzeko: JOE BLINING
3. Lasterketa (19:45): Gipuzkoa de moda saria (3 urteko moxalak). 1.400 m

Oso hotz utzi gintuen Jaurlaritzari begira 3 urteko zaldientzako prestakuntzazkoa izan behar zuen karrera honek. Ustez Jaurlaritzari begira irtendako PONT DE RUDAk eta HAVOC fitxaketa frantziarrak ez zuten seinalerik eman eta garaipena EL SOKHNA eta CONSPIRACY bigarren mailakoek lehiatu zuten orden horretan bukatzeko. Lehenengoak -maidenetik irten berria Zubietan- pistaren ezagutza eta sasoi puntutxo bat nahikoa izan zuen irabazteko. Buzon entrenatzailearen agurreko garaipen bat (Marokora doa entrenatzera) eta entzun dugunez, beste hainbatein, aurrerantzean Christian Delcherren ikuluan izango dena. Bigarrenari garaipenak ihes egin zion Monteriso bere jockey italiar beteranoak pistaren trikimailuak ez baititu ezagutzen eta garesti atera zitzaion. Halere kexa zen Janacekek itxi ziolakoan. Aktan jasotzen denez Monterisok araututakoan baino gehiagotan eman zion ustarekin bere zaldiari eta zigortu egin zuten (guztira 6 egunekin hurrengo karreran ere jarrera errepikatu zuelako). Esan bezala, Jaurlaritzari begira, probak negatibo eman zuen.
Bere tokian: EL SOKHNA / Huts: PONT DE RUDA / Jarraitzeko: CONSPIRACY
04. Lasterketa (20:15): Victor Perez agricola-John Deere saria (handikap 2. zatia). 1.600 m

Ez zuena huts egin Borja Fayos izan zen. Bazekien arerio ugari izanda, eta bihurgunetik ateratzean denak kanpoko erraila bilatuko zutela, erne ibili behar zela momentu horretan. Horrexegatik bihurgunean barrutik denei aurre hartu zien eta zuzenean buruan sartu, eragozpenik izan ez zezan. Ofizialki pista “ona” egon arren (3,4) bigun antzean zegoen. Gauzak horrela ROBLE faboritoa aurrean jarri eta arazorik gabe amaitu zuen ispiluan bi gorputzeko abantaila erosoarekin DREAM STARTen aurrean. Hirugarren, Madrilgo agerraldiak asko hobetuta, COSTA ESMERALDAk bukatu zuen. Honi Monterisok berriz jipoia eman zion gerora komisarioek zigortuko zutena. Egia esan, hiruko hau ez da hemengo ohiko bigarren zatiko handikapekoa. Koxka bat gorago daude eta hirurak irabazten ikus ditzakegu uda zati honetako handikapetan.
Bere tokian: ROBLE / Huts: REY ANTONI / Jarraitzeko. COSTA ESMERALDA
5. Lasterketa (20:45): El Diario Vasco saria. 1.600 m

Esandakoa, Elarre bikoa osatzen. Entrenatzaile eta jabe modura gainera. Frantzian bezperetan irabazitako bi karrerekin nahikoa ez eta agerian utzi zituen arerioak Jaurlaritzarako beste hautagaiak. Izarren pare dabil Elarre han eta hemen laudorioak eta zorionak jasoz. Ezin ukatu marka guztiak hausten ari dela. Bejondiola! Egia esan, CITY GENTen neurrira prestatutako karrera zirudien. Bere pista, bigun piska bat, distantzia ezin egokiagoa eta ondo baino hobeto ezagutzen duen Vicky Alonso gaztea bere deskargu irabazlearekin. Puntan fuerte irten zen eta karrera hortxe txikitu zuen. Saiatu zen El Ingrato puntazalea berarekin joaten eta horrek saria ekarri zion, oso laburra zaion distantzian hirugarren eginez. SALAR ISLAND eta PORT GRIMAUD beste faboritoen kanpotik errematea espero zen puntazalea itzaltzean, baina Elarrerenak ez zuen amore eman eta ez zien aukera txikiena ere utzi. Azaldu zena NORDESTE bere jakakidea izan zen. Faboritoek erritmo bizia ezin jarraituz mingaina kanpoan zutenean, beste honek Fayosekin erremate bortitza atera zuen bere ikulukidearengana asko gerturatzeko. Jaurlaritzako berrehun metroen luzapena asko eskertuko du eta Elarre tsunamiaren olatuari jarraituz, outsiderren artean sartu beharko dugu. Nork daki.
Bere tokian: CITY GENT / Huts: PORT GRIMAUD / Jarraitzeko: NORDESTE
Argazki Galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar