zaldilasterketak.eus

Uztailak 4: analisia

Ekaineko aperitifa bukatuta hemen da bete-betean gure udako denboraldi “klasikoa”, kanonek dioten bezalaxe, igande arratsaldez. Berez denboraldiko bosgarren jardunaldia litzateke, baina askorentzat lehenengoa. Pandemiak gutxiago estutzen duenez hipodromoak edukiera zabaldu ahal izango du, 1.200 ikuslera iritsiz. Ea potolotzen jarraitzen dugun. Goazen karreren azterketarekin.

1. Lasterketa (17:30): Belle Epoque 1916 saria (2 urte moxal debutariak) 1.200 m.

Eta udararen hasierarekin batera bi urtekoak deskubritzen joateko aurreneko txandak. 5 WHITE KING (Free Eagle eta Dalmatia) Martulek aurkezten duen zaldi zuritxoa da. Bere aita hemen Guerreira, Kendaya eta Alping Kingengatik ezagutzen dugu. Behorrarena ez da batere aurrekari txarra, bere adineko erregina izan baitzen. Ondo entrenatzen duenez berarekin geratuko gara. 2 SHANGRI LA (Oasis Dream eta Double Lady) Odriozola futbolariaren koloreak defendatuko dituen moxala da. Alvarok iaz hemen Marchelo eta Danko aurkeztu zituen. Ama honen aurreneko produktua da, Fabreren aginduetara sprintean irabazi eta Gradutan probatutakoa. Honek ere oso ondo entrenatzen omen du. Arizkorretak 3 SOMETHING (C. Canarias eta Capicua) eta 6 LUARCA (Kodiac eta Covetous) aurkeztuko ditu. Aurrenekoak dena dauka bi urterekin nabarmentzeko, goiztiar eta azkarra izan behar du, tiro bat. Bestea, Rocio behortegiarena, korritzen duten guztien artetik fitxaketarik garestiena da (30.000€). Prestatzaile honen modus operandiari segituz, honetan ikastera aterako dira, hurrengoan arriskutsu izaten hasteko. Bakarrik bi faboritoek huts egingo balute.

Gure hautua: 5 WHITE KING – 2 SHANGRI LA

2. Lasterketa (18:00): Gipuzkoako kirol prentsaren elkartea (jockey amateurrak) 1.500 m.

Jakina da proba hauetan gidarien egitekoa are erabakiorragoa izaten dela. Victoria Alonso gaztetxoa gori-gori dator garaipenak erreskan bilduz. Horri eransten badiogu karrerako zaldirik onena den 2 SALAR ISLAND donostiarra gidatu behar duela, eta gainera kilo terdiz arinduko duela, zalantza gutxi geratzen zaigu. Okerrik ezean, irabaztera. 4 GADEA, krisi luze baten ostean, errekuperatuta azaldu zen hemen aurreko astean biguna zapaltzean. Irabaztetik oso gertu izan zen Roberto Perez hasiberriarekin. Orain Sarabia beteranoak behorraren klasea aktibatzen asmatuko balu sorpresa eman lezake. 3 LONE PEAK eta bere jabe-gidaria Cristina Buesa amateur proba hauetako superklasikoak dira. Azken lauetatik hiru irabazi dituzte. Dena den, azkenekoan huts egin zuen eta ikusi genion profil grisarengatik iruditzen zaigu berriz ere muturtuko dela. Ez da zaldi argia eta baldintza guztiak ez baditu alde ez du lan egin nahi. Ea igandean tximistak nondik jotzen dion.

Gure hautua: 2 SALAR ISLAND – 4 GADEA – 3 LONE PEAK

3. Lasterketa (18:30): Onda Vasca saria (handikap 2. zatia) 2.200 m.

Hipodromoko zaldirik apalenetakoak biltzen dituen proba. Aukeratzeko gutxi dago. Horietatik 2 SISONek irabazteko abisua utzi du birritan (azkenekoan bere jockey gaztea azkarregi irabazi nahi izan zuen). Distantzia eta pisuz egokiera politean eta Raul Ramos lasartear sasoidunarekin, ez dugu besterik ikusten. 1 ZERIk bakarrik behin irabazi du hemen, iazko abuztuan baldintza berdintsutan. Orduko balioan dagoen arren aurreko astean ezer gutxi erakutsi zuen. Karrera hauetako eskalako topa jainkoa izaten ohi da. Fayosek esnaraziko du. Erne. 3 LA FRISLA ere oso apal berragertu zen. Hemen ondo ibilitakoa denez, hirukoa osatzeko hartu beharko dugu. 9 CURILLINES zaharrak urtero bat irabazten du hemen, gutxien espero dugunean. Pisuz irrigarri dabil. Ez du abisatu, baina sekula ez du egiten. Pista sakonak maite ditu.

Gure hautua: 2 SISON – 1 ZERI – 3 LA FRISLA

4. Lasterketa (19:00): Endanea Garden saria (3 urteko moxal ez irabazleak) 2.000 m.

6 MY BABY BLUErengan Christian Delcher entrenatzaile beteranoak esperantza handiak zituen. Madrilgo bere lau karreretan itxaropen horiek zapuztu ditu, baina azkenekoan argi izpi bat piztuta utzi zuen, Speedful txukunarengandik gertu iritsiz, bigarren. Ildo hori eta entrenatzailearen konfidantza itsua nahikoak dira lote ertain honetan nagusitzeko. 3 KANTIO, oso berde egon arren, apunte deigarria utzi zuen aurrekoan gurean. Agendan apuntzen diren horietakoa. Hobetu besterik ezin du egin eta Kantia handia eta kuttunaren semea denez, euro pare bat botatzera behartuta gaude. Pista ezagutzen duen bakarrenetakoa da. Oso erne. 2 MAUROk ere ama txapelduna ere du, Clunia. Sei irteeretan borrokan sartu den aldi bakarrean pisuz oparituta zihoan. Orain ez du horrelako maukarik topatuko. Kokatzeko. 7 ALDUFOOF ere Madrildik dator. Han ihesaldiak saiatu bai baina beti erdialdean agortuta iristen da. Taktika horrek hemen emaitza hoberik eman liezaioke. Zalantza asko. 1 EL CORRO galdonatarren beterano bat da, 15 irteera ditu dagoeneko. Pisuz zigortuta dabil, baina daukan ofizioarekin, eta Bugati ezagututa, Madrildarren xalotasunaz aprobetxa daiteke.

Gure hautua: 6 MY BABY BLUE – 3 KANTIO – 1 EL CORRO

5. Lasterketa (19:30): Carrus Gaming (handikap 1. zatia). 2.200 m

4 BRISCOLA behor ezin zintzoagoa da, metronomoa. Bere azken seietatik hemen behin bakarrik gelditu da kobratu gabe. Pisuz justu dabil baina hau da bere distantzia, sasoia erakutsi berri du eta J.L. Martinez eskarmentudunak gidatuko du. Erreserbaren batekin, gure faboritoa izango da. 1 MARCHELO, loteko gaztetxo bakarra, eskalan zigortuena da. Luanco bere kintoak zahar guztiak erraz mendean hartu zituen bere lehenengo handikapean (handikapean balio berdina zutela biek¿?). Ildo horretatik tiraka, honek berdina egin lezakeela ondoriozta genezake. Asko korritzen ari da, distantzia ezberdinetan, baina uste dugu luzera honek on egingo diola. Itxaropenak ditugu berarengan, baina itsutu gabe. 7 MONZALVOSek erremate polita erakutsi zuen bigarren zatiko proban. Orduko deskargu itzel beretsuarekin (5 kilo!!!) ezinbestean berriz egon beharko luke, nahiz eta hau lehenengo mailako handikapa izan. 6 NAYADE ere bigarren izatetik dator aurreko asteko lokatzean, Luancok irabazitakoan. Ez da oso erregularra, baina pisuz arin dabil eta sasoian badago aurrean sartuko da.

Gure hautua: 4 BRISCOLA – 1 MARCHELO – 6 NAYADE

Uztailak 4: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top