Zaldi lasterketen jokoa irabazlea asmatzean datza. Bakoitzak gure faboritoa aukeratu behar dugu. Sarritan, zale berriek zaldiaren izenean edo kolorean fijatuta egiten dute aukeraketa. Jokuzale amorratuek aldiz, zorteari ikusitako keinu batean…. Baina lasteketazaleak badaki aurrez zer aztertu behar duen eta hipodromoan non jarri behar dituen bere begi zorrotzak irabazlea asmatzen saiatzeko.
Charles Bukowski idazleak hala esaten zuen: “Ezin da hipodromora joan zortearen aldeko apustua egitera. Gauza bera litzateke etxean geratu eta amonarekin bingoan jokatzea”.
Goazen bada ikustera zein estrategia dauzka eskura lasteketazaleak, zaldi baten aldeko hautua hausnarketaren ondorioz egiteko. Hementxe dituzu ohar lagungarri batzuk, zuk zeuk zeure ondorioak atera ditzazun:
Paddocka
Paddockean zaldi bat aurrez-aurre ikusten duzunean bere sasoiari buruz informazio asko jaso dezakezu. Zorroztu begiak, atleta bati begira zaude eta. Zaldiaren osasuna, egoera fisikoa eta izaera ebaluatu ditzakezu lasterketaren aurretik. Zaldi bat izerditsu edo aztoratuta baldin badago, seinale txarra izan daiteke. Aldiz, lasai eta orekatuta badago, hobeto korritzeko aukera gehiago izango ditu. Gihartsu, ile eder, begirada zorrotz eta belarriak tente eta biraka baldin baditu… zaldi hori korritzeko irrikan dagoela esan genezake. Aldiz, burumakur, begirada triste eta tripaduna bada, sasoi faltaren seinale izango da. Zure begiek esaten dizutenari kasu egin.
Eskuprograma irakurtzen
Lasterketen eskuprograman zaldi horren azken emaitzak ikusi ahal izango dituzu. Korritu dituen azken karreretan izandako postua zenbakiekin adierazten dira (1, 2, 3, 4, 5… eta hortik aurrerakok 0 batekin). Sasoi onean dagoen zaldiak zenbaki txikiak izango ditu bere azken lasterketetan. Baina, kontuz, garrantzitsua da ere jakitea lasterketa horien testuingurua: zenbat partaide ziren, lasterketaren kategoria, zenbat denbora pasa den, hipodromoa eta abar. Lasterketa bakoitzaren eskuprograman hainbat datu aurkituko dituzu: zaldiaren izena, jockeya, prestatzailea, zalditegia (bere jakatxoaren koloreekin), irteerako atetxoaren zenbakia, zaldiaren adina eta abar. Eta baita zaldiari buruzko ohar batzuk parentesi artean: (2) atetxoetan arazoak ematen dituela; (5) betaurrekoak erabiliko dituela; (4) kokots-uhalak eramango dituela; (7) azken orduan berrengaiatua izan dela eta abar. Baita zaldiaren jaioterria adierazten duten laburdurak (FR, IRE, GB… herrialde bakoitzak bertan jaiotakoak ez ditu adierazten), bere adina, sexua, ile-kolorea eta batzuetan baita ere beren aita eta amaren izenak.
Internet
Hipodromora joan aurretik zaldiei buruzko informazio zabalagoa eskura dezakezu kontsultarako interneten dauden datu base ezberdinetan. Bertan zaldiaren ibilbidearen azterketa egin eta frogatu ahal izango duzu zeintzuk diren ondoen egokitzen zaizkion baldintzak: lurra bera (belarra edo hondarra?), lurraren egoera (gogorra? biguna? lokatza?), distantzia, hipodromoa, soka eskubirantz edo ezkerrerantz?… Aldagarri horiek oso garrantzitsuak dira, zaldi bat ondoen egokitzen zazikion baldintzetan emango baitu bere emaitzarik onena. Gaur egun bideoak ere badaude, zaldiaren azken lasterketak nolakoak izan diren ikusteko.
Bere balioan izandako gora-beherak aztertzea ere ez da alperrik. Zaldiaren gaitasunen ebaluazio numeriko bat besterik ez da, baina ideia bat eman diezaguke zaldiaren bilakaeraz eta arerioekiko izan dezakeen aldeaz (gogoratu teorian kilo batek gorputz bateko aldea suposatzen duela).
Apustuak
Lasterketa bakoitzeko apustuetan zaldi bakoitzak irabazteko dituen aukera teorikoak ere islatzen dira. Zaldi bakoitzak prezio bat du, baina prezio hauek (probabilitateak) gorabeheratsuak izan daitezke. Zaldi baten prezioa igo edo jaitsi daiteke apustuetan, eta mugimendu horiek apustuzaleek jarritako diruan oinarritzen dira. Murrizten bada zaldi horren aldekoak gero eta gehiago direla iradokitzen du, eta alderantziz. Apustu mota ezberdin ugari daude: irabazlea, kokatua (aurreneko bi eta hiruen artean sartea), bikoa (lehenengo eta bigarrena asmatzea), hirukoa (aurreneko hiruak) eta abar.
Nori kasu egin?
Hipodromoa iritzi, uste, zurrumurru eta aholku zurrunbilo bat izaten da lasterketa egunetan. Tertulia bakoitzean zuk zeuk erabaki nori kasu egin. Edo inori ez. Komunikabide ugarik ere euren pronostikoak argitaratzen dituzte, mota guztietako formatuetan. Kontsultatzea beti ere lagungarria izaten da, agian kontuan hartu ez ditugun xehetasunen bat besteek antzeman dutelako. Baina guk gomendatzen dizugu zure irabazleak zure ondorio propioetatik ateratzea. Hori baita zaldien joko honetan dibertigarriena. Eta norbaiten pronostikoei kasu egitekotan, zaldilasterketak.eus-ekoak gomendatzen dizkizugu. Ez dakigu irabazle asko asmatuko ditugun, baina behintzat, euskaraz aurkituko dituzun bakarrak izango dira. Hori seguru.