Zaldi lasterketak era askotakoak izan daitezke, euren diziplina, distantzia eta parte hartzeko behar diren baldintzen araberakoak. Ikus dezagun dauden aukera ezberdinak.
Laua edo hesiak
Zaldi lasterketak ibilbide lauetan nahiz hesidunetan izan daitezke.
Distantziak
Lasterketak distantzia oso ezberdinetan jokatzen dira. Esprint azkarrenak 800 metro eskasekoak dira, eta maratoirik luzeenak 4.000 metrokoak. Tartean daude distantziarik ohikoenak. Klasikoenak hauek dira: milia (1.600 m.) esprinterren kasuan eta 2.400 metro iraupeneko zaldien kasuan. Baina tarteko distantzia guztietan ere izaten dira lasterketak.
Hesietan distantzia luzeagoak izaten dira. 2.800m eta 7.500m muturrekoak izanda, tarteko dira ohikoenak. Lasterketa hauetan zaldi zailduak hartzen dute parte, erresistentzia eta iraupena landua dutenak.
Kategoriak
Diziplina eta distantzia edozein izanik ere, zaldi lasterketek kategoriaren araberako sailkapen bat jarraitzen dute, beste kirol gehienetan bezala, eta lehia-mailak bereizten dira. Hona hemen nagusienak:
– Lasterketa klasikoak: herrialde guztietan korritzen dira eta hiru urteko zaldi onenen selekzioa egitea dute helburu. Adin hori jotzen da adin klasikotzat turf munduan. Distantzia desberdinetan jokatzen diren lasterketak dira eta Koroi Hirukoitza deritzaie. Ingalaterra eta Irlanda erreferentziatzat hartuz, hauek dira:
- 2000 Gineak: milia bateko lasterketa bana sexu bakoitzarentzat. Apiril-maiatzean korritzen dira.
- Derby: 2.400 metroko lasterketa, ar eta emeentzat. Ekainean korritzen da. Egun bat lehenago emeentzat bakarrik bereizia den Oaks homologoa.
- St Leger – 2.800 metroko lasterketa, ar eta emeentzat. Udazkenean korritzen da, iraila edo urrian.
Argazkia: Dabid argindar
–Graduko lasterketak: Graduko lasterketak dira onenak eta ezagunenak (zaldietako Championsa). Hiru kategoriatan daude banatuta: 1G, 2G eta 3G Graduak. Horietako asko adin-talde jakin batzuetara mugatuta daude (bi urteko gazteetatik hasi eta lau urtetik gorakoetara), edo genero espezifiko batentzako (adibidez, behorrak bakarrik), eta urte osoan zehar korritzen dira, hainbat distantzia eta hipodromotan (ikusi munduko gure Top lasterketak).
- Graduko lasterketak: mailarik altueneko lasterketak dira. Hiru gradu mota daude: 1G, 2G eta 3G. 1G Graduko lasterketak dira onenak eta segidan 2G eta 3G. Bertan zaldi onenek parte hartzen dute eta guztiak pisu nibelatuekin korritzen dira. Halere, hiru urteko zaldientzat, zaharren kontra aritzen direnez, deskarguak ematen dira. 2G eta 3G Graduetako lasterketek garrantzi handikoak ere izaten jarraitzen dute, baina kalitatearen aldetik zertxobait beheraxeago daude 1Grekiko.
- Listed lasterketak: Gradu mailakoak baino urrats bat baxuagokoak dira, hain justu 3. Gradukoen azpitik daudenak. Zubietako Urrezko Kopa Listed kategoriakoa da.
- Handikap lasterketak: zaldi gehienak, azkenean, handicapetan lehiatzen dira. Zaldiei, lasterketa bakoitzaren ondoren, handicapperrek beren balioak gaurkotzen dizkiete. Balio ofizial hori kilotan zenbaten da (anglosaxoiek libratan).Balorazioa igo egiten da ondo korrituz gero eta alderantziz. Turfean konbentzio bat da kilo bakoitza gorputz bateko distantziaren baliokidea dela. Handicapetan, pisuak zaldi bakoitzaren balioaren arabera ezartzen dira, parte-hartzaile guztien aukera teorikoak berdintzeko. Partaide asko daudenean, handikapak zatitu egiten dira (1. zatia, 2. zatia, 3. zatia…). Teorian oso lasterketa lehiatuak izan behar dute, pisuaren konpentsazioarekin partaide guztiek aukera berdin-berdinak dituzte eta.
- Baldintza lasterketak: baldintza jakin batzuk betetzen dituztenentzat diseinatutako lasterketak dira, adibidez adin, sexu, jaioterri jakin bat dutenak, debutariak, irabazi ez dutenak (Maiden), hasiberrientzat eta abar. Lasterketaren baldintzek erabakitzen dituzte eraman beharreko pisuak.
- Salmenta lasterketak: lasterketa mota honetan, “erreklamarrak” ere deituak, parte hartzen duten zaldi guztiak salgai jartzen dira, programan adierazitako prezioan. Lasterketa bukatutakoan, gutunazal itxietan eskaintza ekonomikoak egiten dira, markatutako prezioa baino goragokoak beti, eta eskaintzarik handienak aukeratutako zaldia erosiko du. Oro har maila apalekoak izaten ohi dira.