Lasterketa zadiak atleta hutsak dira. Seguru aski munduan zainketa berezi gehien dituzten animaliak izango dira. Propio lasterketetan aritzeko hazitako arraza batekoak dira, euren prestatzaileek eguneko 24 orduak ematen dituzte beraien elikadura gainbegiratzen eta behar dituzten zainketa berezi guztiak ematen, pistan ahalik eta emaitza onenak lortzeko esperantzarekin. Zaldien ongizatea funtsezkoa da patio guztietan.
Odolgarbiak, propio lasterketetan aritzeko hazitako arrazako zaldiak dira
Lasterketetan parte hartzen zaldirik gazteenak bi urtekoak izaten dira. Hori lasterketa lauetan, hesietakoetan hiru urtetik aurrera hasten baitira korritzen. Ezberdintasun hau zaldiaren garapen naturalaren ondorioa da. Adin hori, hiru urtekoa, kontsideratzen da zaldien adin klasikoa, eta lasterketa bereziak korritzen dira onenen selekzioa egiteko (klasikoak). Gazteenen lehenengo lasterketak distantzia laburretan hasten dira eta pixkanaka-pixkanaka distantzia luzatzen joaten zaie.
Lauan aritzen diren oso goi mailako zaldien kirol ibilbideak askotan ez du asko irauten berehala pasatzen baitira ugalketa lanetara, hazitarako zaldi edo ama gisa. Hesietako kalitatezko zaldien kasuan aldiz, ibilbide luzeagoa izaten dute, kasu batzuetan hamar eta hamaika urterekin ere aritzen dira lehian.
Zaldi arrak eta emeak (behorrak) elkarren kontra lehiatu ahal dute, jockey edota entrenatzaileek egiten duten bezalaxe. Ez dago ezberdintasunik. Izaten dira lasterketa batzuk espresuki sexu bat edo besteentzako baina sari handi gehienetan elkarren aurka aritzen dira. Hori bai, behorrek pisu arinagoa eramaten dute. Zaldi gazteei moxal deitzen zaie, baina bost urtetik aurrera zaldi edo behor deituak izatera pasatzen dira. Zaldi batzuk lasaiago aritu daitezen batzuetan zikiratu egiten dituzte, normalean hazitarako etorkizunik ez dutela izango frogatu ostean.
Europa eta iparraldeko hemisferioan zaldi guztien urtebetetzea urtarrilaren 1ean izaten da, jaiotze data zein izan den kontuan hartu gabe.Hego hemisferioan Uztailak 1 da finkatutako eguna.
Odolgarbiaren historia
Gaur egungo lasterketetako arraza modernoaren jatorria hiru zaldi hauetako batean aurki daiteke: Darley arabian, Godolphin arabian edo Byerley Turk. Hiru zaldi hauek Ekialde Hurbiletik Britainia Handira eraman zituzten XVII. mendearen bukaeran eta XVIII.aren hasieran eta bertako behorrekin gurutzatu zituzten. Horren emaitza dira gaur egun mundu osoan ezagutzen ditugun Odolgarbi Ingelesa arrazako lasterketetako zaldi guzti-guztiak.
Kirol honetan hazkuntza-prozesuak berebiziko garrantzia dauka eta bakarrik zaldirik onenak erabiltzen dira, kirol bizitzaren ondoren, ugaltze lanetarako. Modu berean pistan balio ona erakutsi duen behorra pareko maila duen zaldi batekin gurutzatuko da, beti ere kume hori txapeldun handi bat izatera iritsiko den esperantzarekin. Jatorri oso nabarmena izateak zaldiaren salmenta prezioarekin erlazio zuzena du, batzuetan milioi euro batzuk balio izateraino.
Odolgarbi zaldiek bataz beste 500 kilo inguru pisatu eta 1,65 metroko altuera izaten dute (apoetatik gurutzeraino neurtzen zaie), baina noski, handi eta txikiagoak ere badira, edozein arrazatan bezalaxe.