Zaldi lasterketak

Top lasterketak

Klasikoez gain, guretzat galdu ezinekoak diren diren 12 hitzordu jorratu ditugu zerrenda honetan. Ez daude denak, baina Europako hitzordu handienei atzerriko meeting garrantzitsuenak gehitu dizkiogu.

1. CHELTENHAM FESTIVAL

Noiz: martxoko hirugarren astean.

Non: Cheltenham, Ingalaterra.

Hipodromoa: aldapatsua eta gogorra.

Zerk egiten du berezi? Hesi-lasterketen munduko txapelketa bezala izendatu daiteke. Zaldirik onenek denboraldi osoa honen bueltan izaten dute planifikazioa. Izan ere, “ona izan zaitezke baina Festivalean irabazi arte ez zara handia izango”. Hipodromo aldapatsua, zaila eta gogorra, zaldien gaitasun guztiak frogan jartzera behartzen duena. Grinaz beteriko giroa bizi da Festivalean.


2. DUBAI CARNIVAL

Noiz: martxoko azken larunbatean.

Non: Meydan, Dubai.

Zerk egiten du berezi? Petrodolarrez hornitutako lasterketak, nahiz eta basamortuan egon, bitartekari guztiak erabiltzen dituzte lurzorua egoera ezinhobean egon dadin. Mundu osoko zaldiek parte hartzen dute: Japonia, AEB, Europa, Hegoafrika eta noski, bertako jeke abertasek erosten dituzten zaldiak. Negu luze baten ondoren, denboraldiko goi mailako lasterketei hasiera emateko modu ona izaten da.


3. AINTREE GRAND NATIONAL

Noiz: apirileko lehen astean

Non: Aintree, Liverpool, Ingalaterra.

Zerk egiten du berezi? Agian, munduko lasterketarik ezagunena izan daiteke Grand National mitikoa. 40 partehartzaileek bi buelta osatu behar dituzte hipodromoari, 7.200 metroko luze, 30 hesi bereziez osatua eta handicap eran antolatua. Irabazleak mitoen olimpoan sartzen dira betirako.


4. ROYAL ASCOT

Noiz: ekaineko hirugarren astean.

Non: Ascot, Ingalaterra.

Zerk egiten du berezi? Britainia Handiko noble eta handikien elkargune izateaz gain (Erregina egunero joaten da), zaldi noble eta handienen meetinga ere bada. Maila goreneko 30 lasterketa izaten dira eta noski, mundu osoko lasterkariak erakartzen ditu urtez urte: Estatu Batuak, Japonia, Australiar esprinter handiak eta baten batean, Zubietan entrenaturiko zaldiren bat.


5. KING GEORGE VI & QUEEN ELIZABETH DIAMOND STAKES

Noiz: uztaileko azken larunbata.

Non: Ascot, Ingalaterra.

Zerk egiten du berezi? 3 urtekoak eta zaharrak milia terdiko lasterketa berean lehiatzeko lehen aukera. Urte askotan, balore handieneko lasterketa bezala izendatzen da (2019an bigarrena), izan ere duelu eta lehia handiak bizi izan dira historikoki. Gorenetan gorenena.


6. DEAUVILLE

Noiz: abuztuko igandeak

Non: Deauville, Normandia, Frantzia.

Zerk egiten du berezi? Oporraldiko herri honetan Frantzia osoko eta Europako zenbait zaldi biltzen dira udaran. Igandero lasterketa goren (1G) bat ospatzen da: Prix Rotxchild, Prix Maurice de Gheest sprinta, Prix Jacques Le Marois (agian garrantzitsuena), Prix Morny bi urtekoentzako eta Prix Romanet. Urteko yearling salmentarik garrantzitsuena bertan egiten da.


7. YORK EBOR FESTIVAL

Noiz: abuztu bukaera

Non: York, Ingalaterra.

Zerk egiten du berezi? Uda bukaerako Erresuma Batuko lasterketarik garrrantzitsuenak bertan izaten dira. Deauvillen hilabete osoan luzatzen diren ez bezela, Yorken lau eguneko meetingean batzen dira sari nagusi guztiak: International, munduko lasterketarik onena 2012 eta 2014ean, Yorkshire Oaks eta Nunthrope Stakes, 1000 metroko lasterketarik onena 2016ean. Borobiltzeko, azken egunean Europako handicap lasterketarik onena (The Ebor) ospatzen da.


8. IRISH CHAMPIONS WEEKEND

Noiz: iraileko bigarren asteburua

Non: Leopartdstown, Dublin (larunbata) eta Curragh, Kildare (igandea), Irlanda.

Zerk egiten du berezi? Deauville eta York igaro ondoren, irlandarren txanda da. Leopardstown eta Curragh mitikoan biltzen dituzte udara bukaerako 1G garrantzitsuenak, zahar zein bi urtekoentzat: Irish Champion eta Matron Stakes Leopardstownen eta Irish St.Leger, Moyglare Stud Stakes, Vincent O’Brian National Stakes eta Derrisntown Stud Stakes Curraghen. Maila goreneko bi jardunaldi irlandar giroan.


9. ARC DE TRIOMPHE

Noiz: urriko lehen asteburua

Non: Longchamp, Paris, Frantzia.

Zerk egiten du berezi? Urteko momenturik gorena turf-herrialde gehienentzat. Milia terdiko zadien artean ondorio guztiak ateratzeko momentua da Prix de l’Arc de Triomphe. Lasterketa honen bueltan frantziar sari nagusi guztiak (eta ez dira gutxi) bi egunetan biltzen dira eta ia mundu osoko zaldiak batzeko aukera ematen du. Japoniarrek, nahiz eta inoiz ez  irabazi, maitasun berezi bat diote lasterketari, urtero kolore berezi bat emanez.  Mundu osoko zaleak eta aberats handienak biltzen dira hipodromo eraberrituan, Parisen bertan. 


10. BRITISH CHAMPIONS DAY

Noiz: urriko hirugarren asteburua

Non: Ascot, Ingalaterra.

Zerk egiten du berezi? Sortu berria den arren, garrantzia handiarekin astindu du panorama. Europako beste herrialdeetan bezala, bi egunetan elkartu dituzte udazkeneko lasterketa onenak bost maila ezberdinetan: Sprint, Behorrak, Milia, distantzia Ertaina eta Luzeera handikoa. Bertan parte hartzeko aukera, denboraldiko “Champion Series” lasterketaren batean lortu behar da.


11. BREEDERS’ CUP

Noiz: azaroko lehen asteburua

Non: egoitza aldatzen da urtero (2020 Keeneland, 2021 Del Mar), Estatu Batuak.

Zerk egiten du berezi? Adin, distantzia eta lurzoru ezberdinetako maila goreneko 14 lasterketa bi egunetan, amerikar erara. Gaizki deituriko World Championship honetan Amerika osoko zaldirik onenak elkartzen dira eta gehienetan elkarren artean lehiatzen dira lehenengoz, Izan ere, klasikoak alde batera utzita, turf gune garrantzitsuenak oso urruti daude bata bestearengandik (Kalifornia, Florida, Kentucky, New York…) eta bakoitzak badu bere programa aberatsa. Europako zaldi onenetako batzuk belar gaineko lasterketetan parte hartzen dute normalean.


12. ARIMA KINEN

Noiz: abendu bukaeran.

Non: Nakayama, Tokyo, Japonia.

Zerk egiten du berezi? Ezin buka japoniarrak aipatu gabe, bertan dena baita ezberdin. Denboraldi osoko azken txapelketa bezala hartzen da milia terdiko lasterketa hau, izan ere zaleek bozka bidez aukeratzen dituzte lasterketa honetako 10 partehartzaile. Beste seiak, irabazitako diruaren arabera daukate eskubidea parte hartzeko. 120.000 zaletik gora biltzen da hipodromoan egun horretan.

Scroll to top